Euskal Bizikleta eta Italiako Giroa ezin dira parean jarri. Bi lasterketak punta banatan daudela esan daiteke. Euskal Herriko lasterketa txiki bat da lehenengoa, ospe handikoa, baina txikia. Eta nazioarteko proba garrantzitsuenetakoa bigarrena, ibilbidea aintzat hartuta, agian, ikusgarriena. Elgoibartik Cesenarako bidea ere ez da lau-laua, gorabehera askokoa da. Baina Alessandro Bertolini italiarrak (Diquigiovanni) ondo gogoan edukiko ditu bai Elgoibar eta baita Cesena ere. Elgoibar, 1996an, Brescialat taldean zegoenean, bertan irabazi zuelako profesionaletako lehen lasterketa, Euskal Bizikletako lehen etapan. Sari eta guzti iritsi zen garaipen hura, gainera, liderraren maillota ere jantzi baitzuen gazte lotsatia zen italiar hark.
Eta Cesena, orain 12 urteko lotsa hura eskarmentu bihurtuta, bertan irabazi zuelako atzo bere kirol ibilbideko etaparik garrantzitsuena, Italiako Giroko 11. etapa. Diquigiovanni taldeko 36 urteko beteranoak ihes eginda irabazi zuen etapa, amaiera erabat arraroan. Izan ere, Pablo Lastras (Caisse d'Epargne), Fortunato Baliani (Navigare) eta Bertolini bera ihes eginda iritsi ziren azken metroetara, baina Baliani hankaz gora joan zen azken bihurgunean eta Lastrasek metro askotxo galdu zituen erorikoa saihesteko. Esprint estua behar zuena ezerezean geratu zen bihurgune bakarrean.
42. KILOMETROTIK, IHESEAN. Elgoibartik Cesenara bidean, txirrindulari borrokalari, langile eta esanekoa izan da Bertolini, eta ezaugarri horiei esker da ezaguna. Dolomiten magalean dagoen herri batean jaio zen, 1971n, Rovereton, eta bi anaia zaharrenak ere txirrindulari profesional izandakoak dira. Carrera, Brescialat, MG, Cofidis, Movilvetta, Alessio, Domina Vacanze, Selle Italia eta Diquigiovanni. Txirrindularitzaren munduko sekreturik gehientsuenak ikasi ditu dagoeneko, eta atzo ere hala erakutsi zuen, txirrindularitzaz asko dakiten iheskide batzuen ondoan.
Oso etapa gorabeheratsua zen atzokoa, eta aurretik ere igar zitekeen borroka handia izango zela. Italiako Giroan ez da aldapa tente-tenterik behar izaten oilarrak eurak ere liskarrean hasteko, eta atzo ere hala gertatu zen. 42. kilometroan sortu zen eguneko ihesaldia. Laurent Mangel (Ag2r), Pablo Lastras, Tiziano Dall'Antonia (Navigare), Jussi Veikkanen (Française des Jeux) eta Alessandro Bertolini bera sartu ziren ihesaldian. Bederatzi minututik gorako aldea ere izan zuten 90. kilometroan, eta argi zegoen aurrekoren batek irabaziko zuela etapa.
Atzean beste borroka bat zeukaten. Di Lucak eta Riccok jo zituzten jo beharreko erasoak, saiatu ziren aurkariak lehertzen, baina une horietan argi geratu zen Contador, Kloeden eta Astana taldea oso indartsu daudela. Simonik ere ondo erantzun zuen. Mentxov, Nibali, Pellizotti, Piepoli... Horiek justuago ibili ziren lehen mailako Monte Carpegnan gora. Eta Mauricio Soler kolonbiarrak, berriz, erabat etsi zuen. Lehen egunetan erorikoa izan zuen, eskumuturra minduta dauka, eta, Tourrari begira, Giroa uztea erabaki zuen atzo.
Lehen mailako mendatea jaitsita, Gabriele Bosisiok eta Fortunato Balianik aurrera egitea erabaki zuten. Balianik lortu zuen helburua, baina Bosisio erori egin zen. Ez zen bakarra izan, Ardila, Piepoli, Mentxov eta Visconti liderra bera ere erori ziren. Tropela zatituta egon zen kilometro askoan, baina Ricco, Di Luca, Contador eta gainerako faboritoak baretuta, faboritoak bat eginda iritsi ziren.
Aurrean, Navigare taldea bi txirrindularirekin nahikoa aldrebes aritu zen, eta azkenerako bat atzean eta bestea lurrean geratu zen. Bertolinik ederki eskertu zien.
saILKaPena
HAMAIKAGARREN ETAPA
1. Alessandro Bertolini (Diquig.) 5.44.22
2. Pablo Lastras (Caisse d'Eparg.) 5era
3. Fortunato Baliani (Navigare) d.b.
4. Tiziano dall'Antonia (Navigare) 41era
5. Laurent Mangel (Ag2r) 1.33ra
6. Jussi Veikkanen (Fr. d. Jeux) d.b.
7. Daniele Bennati (Liquigas) 3.53ra
8. Erik Zabel (Milram) d.b.
9. Mirco Lorenzetto (Lampre) d.b.
10. Davide Rebellin (Gerolsteiner) d.b.
61. Iker Camaño (Saunier Duval) d.b.
87. Juanma Garate (Quick Step) 18.31ra
27. Dioni Galparsoro (E. Euskadi) 21.54ra
NAGUSIA
1. Giovanni Visconti (Quick Step) 49.00.17
2. Gabriele Bosisio (LPR) 5.50era
3. Alberto Contador (Astana) 6.59ra
4. Marzio Bruseghin (Lampre) 7.52ra
5. Andreas Kloeden (Astana) 7.54ra
6. Vincenzo Nibali (Liquigas) 8.04ra
7. Paolo Savoldelli (LPR) 8.09ra
8. Riccardo Ricco (Saunier Duval) 8.32ra
9. Danilo Di Luca (LPR) 8.33ra
10. Gustav Erik Larsson (CSC) d.b.
49. Juanma Garate (Quick Step) 26.56ra
64. Alan Perez (E. Euskadi) 37.16ra
83. Iban Belasko (E. Euskadi) 48.54ra
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Elgoibartik Cesenara, goraka
Alessandro Bertolini 36 urteko italiarrak orain arteko garaipenik handiena lortu du, 11. etapan, ihesean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu