Eta hala izan zen. Aprican emandako erreleboen ordaina jaso zuen Scarponik helmugan, eta egun osoko joaren saria Bassok eta Liquigasek. Nahi bezain erraz ez, baina italiarrak jantzi du maglia arrosa -L'Aquilako hutsegitearen ondoren-. Eta nekez erantziko du. Gaur Gavian behera atzo Mortirolon bezain uzkurtuta joatea da Giroa galtzeko modu bakarra. Eta larria litzateke hori.
Jaisteko igo beharrik ez balego... Horixe pentsatzen ariko da oraindik David Arroyo (Caisse d'Epargne), atzo arteko Italiako Giroko liderra. Mortirolon gora berehala geratu zen atzean espainiarra. «Akabo, harenak egin du!». Zale gehienak ez ziren burutazio horretatik urruti ibiliko. Ez taldekiderik eta ez taldekide izan zitekeen aurkaririk. Arroyo bakarrik geratu zen igoeran, baina 1.50 minutura igaro zen Mortirolotik, oso duin. Ordurako atzean geratuta zegoen Stefano Garzelli, Trivignon erasoa jo ondoren, baita eguneko ihesaldian sartutako txirrindulari guztiak ere.
Evans, sokatik zintzilik
Arroyok bezala, igoeran berehala etsi zuten Damiano Cunegok (Lampre) -8.17 minutu galdu zituen-, Carlos Sastrek (Cervelo), John Gadretek (Ag2r), Aleksandr Vinokurovek (Astana) -erreakzio polita eduki zuen Mortiroloko azken lau kilometroetan, baina ez zen gai izan aurrekoekin bat egiteko-... Eta Cadel Evansek berak (BMC). Liquigasek sokatik zintzilik eduki zuen etengabe australiarra, eta muturreko ahalegin horrekin hustuta geratu zen Giroa irabazteko faborito argia zena.
Arroyok ero-ero egin zuen Mortiroloko jaitsiera, eta Sastre eta Gadret atzean utzita, Vinokuroven parera iritsi zen. Nibali, Basso eta Scarponi aurrean, eta Arroyo eta Vinokurov 39 segundora. 48 segundora zihoazen Sastre, Gadret eta Evans, nahiz eta azken horrek lanak izan zituen bikotearen erritmoari jarraitzeko. Hori zen hamabost kilometroko pankartapeko erreferentzia.
Baina Sastrek, Gadretek eta Evansek Vinokurov eta Arroyorekin bat egin zutenean hasi zen Basso maglia arrosa janzten. Aurrean bete-betean zihoan Liquigaseko bikoa, eta atzean ez zegoen elkarlanik. Indarrik ere ez. Hamabost kilometro eskasean 3.06 minutura igaro zen 39 segundokoa zen aldea. Giroko etaparik gogorrena izango dute gaur, Bormio eta Tonale artean, eta Gavia handia igo beharko dute tartean.
Sailkapenak
HEMERETZIGARREN ETAPA1. Michele Scarponi (Androni) 5.27.04
2. Ivan Basso (Liquigas) d.b.
3. Vincenzo Nibali (Liquigas) d.b.
4. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 3.05era
5. John Gadret (Ag2r) d.b.
6. Cadel Evans (BMC) 3.06ra
7. David Arroyo (Caisse) d.b.
8. Carlos Sastre (Cervelo) d.b.
9. Branislau Samoilau (Quick) 5.27ra
10. Marco Pinotti (Columbia) d.b.
24. Xabier Zandio (Caisse) 10.44ra
41. Iban Maioz (Footon) 23.08ra
NAGUSIA
1. Ivan Basso (Liquigas) 81.55.56
2. David Arroyo (Caisse) 51ra
3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 2.30era
4. Michele Scarponi (Androni) 2.49ra
5. Cadel Evans (BMC) 4.00ra
6. Carlos Sastre (Cervelo) 5.32ra
7. Richie Porte (Saxo Bank) 6.00ra
8. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 6.22ra
9. Robert Kiserlovski (Liquigas) 12.44ra
10. Marco Pinotti (Columbia) 13.40ra
27. Iban Maioz (Footon) 58.53ra
58. Xabier Zandio (Caisse) 1.56.07ra