TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Ez da giro, bada Giro

Evans australiarra izan da indartsuena euriak eta haizeak izugarri gogortu duten Italiako Giroko zazpigarren etapan. Vinokurov jarri da lider berriz ere, Nibali erori egin baita, eta bi minutu galdu

2010eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Ez zen giro atzo Giroko zazpigarren etapan: hotza, euri zaparradak, haize bortitz aldakorra, lokatzez betetako bide tarteak, 222 kilometroko etapa luzea... Guztia zuten aurka txirrindulariek, eta zuten onena eman zuten aurrera egiteko. Ondorioz, haientzat itsusia izan zena ikusteko epikoa izan zen, zaleen gogoan gelditzen diren balentria horietakoa. Lokatzean izandako borroka horretan bi txirrindulari izan ziren irabazle: Cadel Evans (BMC) eta Aleksandr Vinokurov (Astana). Australiarrak etapa irabazi zuen, eta kazakhstandarrak maglia arrosa jantzi zuen berriro.

Carrara eta Montalcino artean jokatu zen etapa, tartean hiru mendaterekin, hirugarren mailako Volterra eta Passo del Rospatoio, eta, bigarren mailako Poggio Civitella. Mendiko lehen etaparen atarikoa izan behar zuenak ikuskizun handia eman zuen. Hasieratik izan ziren ihesaldiak eta mugimenduak. Tropelak 58 kilometro egin zituenean izan zen lehen erasoa, 30 txirrindularik egindakoa, baina handik gutxira harrapatu zituzten. Rick Flens (Rabobank) eta Nicki Sorensenen (Saxo Bank) ahalegina izan zen ondoren. 89. kilometroan egin zuten ihes, baina 182. kilometroan atzeman zituen tropelak.

Hortik aurrera etorri zen gogorrena txirrindularientzat, Passo del Rospatoio, eta Poggio Civitella igotzeko gelditzen zitzaienean. Lehenengoaren jaitsieran, Vincenzo Nibali, Ivan Basso eta Valerio Agnolik (Liquigas) -sailkapeneko lehen hirurak atzo arte- erorikoa izan zuten. Ihesaldi berria eratu zen Cadel Evans, Aleksandr Vinokurov, David Arroyo (Caisse d'Epargne), John Gadret (Ag2r), Marco Pinotti (Columbia eta Stefano Garzellirekin (Acqua &Sapone). Damiano Cunego (Lampre) batu zitzaien ondoren.

Azken 20 kilometroak asfalto gabekoak ziren (helmugako azken tartea kenduta) eta euriaren eraginez lokatz handia zegoen. Baldintza horietan saiatu ziren Liquigasekoak aurrekoak harrapatzen, baina alferrik. Azkenean Evans helmugaratu zen aurrena, Cunego izan zen bigarren eta Vinokurov hirugarren.

Liquigas taldeko txirrindularientzat egun beltza izan zen. Beren nagusitasunarekin hautsi baitzen atzo. Lehen hiru postuei agur esateaz gain, denbora dezente galdu zuten itxura batean erabakigarria izan behar ez zuen etapan: Nibalik bi minutu, adibidez. Gainera, ahalegin handia egin zuten atzo, eta horrek eragina izan dezake ondorengo etapetan.

Mendiko etapa petoa

Gaur jokatuko den zortzigarren etapa Chiancianno herrian hasi eta Terminillo gainean amaituko da. Guztira 189 kilometroko bidea da. Etapa maldatsua da, eta hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: Nibbio, Marmore eta Terminillo. Azken horretan bukatuko dira lanak txirrindularientzat, eta, hain zuzen, hiruretatik gogorrena eta luzeena da, taldeen indarrak neurtzeko egokia eta txirrindulariak bere tokian jar ditzakeena.



Sailkapenak

ZAZPIGARREN ETAPA

1. Cadel Evans (BMC) 5.13.37

2. Damiano Cunego (Lampre) 2ra

3. A. Vinokourov (Astana) d.b.

4. Marco Pinotti (HTC) 6ra

5. David Arroyo (Caisse) 12ra

6. Stefano Garzelli (Acqua) 27ra

7. John Gadret (Ag2r) 29ra

8. Michele Scarponi (Androni) 1.01era

9. Cayetano Sarmiento (Acqua) 1.07ra

10. Jan Bakelants (Omega) d.b.

40. Iban Maioz (Footon) 6.05era

68. Xabier Zandio (Caisse) 14.04ra

NAGUSIA

1. A. Vinokurov (Astana) 24.09.42

2. Cadel Evans (BMC) 1.12ra

3. David Millar (Garmin) 1.29ra

4. Vladimir Karpets (Katuxa) 1.30era

5. Vincenzo Nibali (Liquigasa) 1.33ra

6. Marco Pinotti (THR) 1.40ra

7. Linus Gerdemann (Milram) 1.48ra

8. Ivan Basso (Liquigas) 1.51ra

9. Thomas Rohregger (Milram) 1.54ra

10. Richie Porte (Saxo Bank) 2.00ra

40. Iban Maioz (Footon) 16.56ra

76. Xabier Zandio (Caisse) 31.39ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.