TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Ezinaren anestesia

Sastrek, Vinokurovek eta Pinottik urrutitik jo dute erasoa, baina Evansen azken uneko kolpeak soilik hautsi du Liquigasen kontrola

unai zubeldia
2010eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Sentsazioen desagerpena gorputz osoan, eta beraz estimuluei erantzuteko gaitasuna ezabatzea». Hitz batean, anestesia. Gorputzaren energia hustuta iritsi da tropela Italiako Giroaren amaierara. Gogorra joan da Giroa, azkarra, bustia, urduria. Eta herenegungo etapak jota utzi zituen denak. Baita podiumeko hirukotea ere: Ivan Basso (Liquigas), David Arroyo (Caisse d'Epagne) eta Vincenzo Nibali (Liquigas). L'Aquilan amaitu zen etapan, besteak beste, Arroyori eta Carlos Sastreri (Cervelo) ia hamahiru minutuko aldea hartzen utzi ondoren, herenegun jantzi zuen maglia arrosa Giroko txirrindularirik indartsuenak: Bassok. Horrek lotu egin zuen atzo tropela. Izan zen urrutiko erasorik, Sastrek, Aleksandr Vinokurovek (Astana) eta Marco Pinottik (Columbia) jo zutena. Baina gaitasuna falta izan zitzaien Liquigasi min egiteko.

Forcola di Livigno (2.315 metro), Eira (2.211 metro), Foscagno (2.291 metro), Gavia (2.618 metro), eta Tonale (1.883 metro). Gogor-gogorra zen atzoko etapa, Giroko azken-aurrekoa. Baina Liquigasen loturari ezinaren anestesia gehitu zitzaion gero. Urrutitik jo zuen Sastrek, 57. kilometroan, eta kontraerasoan irten zen Vinokurov, 64. kilometroan. Talde polita sortu zen aurrean, bi horiez gain, besteak beste, Pinotti sailkapen nagusiko hamargarren sailkatua, Gilberto Simoni, Damiano Cunego (Lampre) -azken hori atzean geratu zen berehala-, Xabier Zandio (Caisse d'Epargne), Marcel Wyss Sastreren taldekidea, eta Johan Tschopp (Bouygues Telecom) zihoazelako aurrean. Wyssen erritmoari jarraituz, min egiteko modukoa zen taldea. Baita ibilbidea bera ere.

Baina Liquigasek nahierara kontrolatu zuen arriskutsua izan zitekeen ihesaldia. Sastre eta Vinokuroven taldetxoak bi minutuz azpiko aldea izan zuen une oro tropel nagusiarekiko. Han zihoazen Basso, Nibali, Arroyo, Michele Scarponi (Androni), Cadel Evans (BMC) eta gainerakoak. Eguneko lehen mendatean, Forcola di Livignon, 1.45 minutukoa zen aldea.

Foscagnon gora Stefano Pirazzi italiarrak (Colnago) jo zuen erasoa aurrean. Gainean 50 segundora zihoan Sastreren taldea, eta 1.35 minutura tropela. Gavia erraldoia zuen zain tropelak, eta 2.618 metroko mendateak bere kasa jartzen du bakoitza bere lekuan. Eta hala gertatu zen atzo ere. Pirazzi Gavian gora geratu zen lehertuta, eta aurrean zazpi txirrindulariko taldetxoa sortu zen: Vinokurov, Sastre, Tschopp, Simoni, Pinotti, Matthew Lloyd (Omega Pharma-Lotto) -mendiko maillota eskuratzeko puntuak pilatzea zuen helburu-, eta David Moncoutie (Cofidis). 1.14 minutura zihoan tropela. Eroso.

Gavia gainetik lehenengo postuan igarotzea eta etapa irabaztea helburu zuela jo zuen erasoa Simonik helmugara iristeko 35 kilometro falta zirela, eta erraz erantzun zion Tschoppek. Baina Coppi gainetik lehen postuan igarotzeak ematen dien sonarik gabe geratu zen Simoni, Tschoppek etapa amaiera balitz bezala lehiatu ziolako esprinta. Lehen borroka suitzarrarentzat.

Eta bigarrena ere bai. Gavian behera Tschoppek atzean utzi zuen Simoni, eta tarte polita lortu zuen. Tonale igotzen hasi zenean, minutu batera zihoazen Vinokurov, Simoni -lehertu egin zen-, Vladimir Karpets (Katuxa) eta Daniele Righi (Lampre) -jaitsieran bat egin zuten aurrekoekin-, eta 2.13 minutura tropela. Sastre eta Pinotti erdibidean geratu ziren, eta tropelak harrapatu egin zituen gero, Tonalen gora.

Azken mendatean gora Tschopp lehertu beharrean zihoan, Vinokurov gorputza hustuta, eta tropela anestesiatuta... Evansek kolpea eman zuen arte. Lau kilometro falta ziren helmugarako, eta australiarra su batean irten zen tropeletik, baina Tschoppek etapa garaipena gozatzeko aukera eduki zuen. Atzean Arroyok eta Nibalik sufritu egin zuten, eta Garzelli podiumera gerturatu zen. Baina gaurko erlojupeko bihurriak emango du azken epaia, segundo baten jiran daudelako Garzelli eta Nibali. Basso eta Arroyo, berriz, seguru dira podiumeko lehen bi kosketan.



Sailkapenak

HOGEIGARREN ETAPA

1. Johann Tschopp (Bouygues) 5.26.47

2. Cadel Evans (BMC) 16ra

3. Ivan Basso (Liquigas) 25era

4. Michele Scarponi (Androni) d.b.

5. David Arroyo (Caisse) 41era

6. Vincenzo Nibali (Liquigas) 43ra

7. John Gadret (Ag2r) 48ra

8. Bauke Mollema (Rabobank) 50era

9. Daniele Righi (Lampre) 57ra

10. Vasil Kirienka (Caisse) 1.02ra

34. Iban Maioz (Footon) 8.11ra

74. Xabier Zandio (Caisse) 31.46ra

NAGUSIA

1. Ivan Basso (Liquigas) 87.23.00

2. David Arroyo (Caisse) 1.15era

3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 2.56ra

4. Michele Scarponi (Androni) 2.57ra

5. Cadel Evans (BMC) 3.47ra

6. Richie Porte (Saxo Bank) 7.25era

7. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 7.31ra

8. Carlos Sastre (Cervelo) 8.55era

9. Robert Kiserlovski (Liquigas) 14.06ra

10. Marco Pinotti (Columbia) 15.00era

22. Iban Maioz (Footon) 1.06.47ra

62. Xabier Zandio (Caisse) 2.27.36ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.