Marzio Bruseghin (Lampre) eta Patxi Vila taldekideak dira. Halere, euren harremana ez da soilik horretara mugatzen. Izan ere, sekulako konplizitatea dago bien artean. «Marzio anaia baten modukoa da niretzat», aitortu zion iaz Berako txirrindulariak BERRIAri. Une honetan, baina, Giroan lehiatu ezinik dago Vila, kontranalisiaren zain. Dopinaren kontrako kontrol batean testosterona arrastoak atzeman dizkiote orain gutxi. Infernua ez zen beratarrarengandik urruti ibiliko hori jakinarazi ziotenean. Bruseghin anaiak, berriz, atzamarren puntekin ukitu zuen atzo zerua, Giroko 10. etapan, Pesaro eta Urbino arteko erlojupeko gogorrean nagusituta. Vilarekin gogoratuko zen... Eta Riccardo Ricco (Saunier Duval), berriz, Alberto Contadorrekin (Astana). «Contador axkarra da. Atzeman diot. A esaten du, eta gero atzetik, aldiz, B», adierazi zuen italiarrak erlojupekoaren bezperan. Ezker besoko ukondoan pitzadura ñimiño bat eduki arren, Giroa irabazteko lehiatzen ari da espainiarra. Bera izan zen onena faboritoen artean, bigarren izanda; Di Lucari (LPR) eta Riccori, adibidez, bi minuturen bueltan kendu zien.
Eta gutxi falta izan zitzaion nagusitzeko ere. 32. kilometroko erreferentzian, helmugara heltzeko zazpi kilometro falta zirenean, harena zen denbora onena. Bruseghin garailea zuen atzetik, 10 segundora. Contadorrek helmugaratu behar zuenean, ordea, euria hasi zen, eta azken kilometro aldapatsuko harbidean aurrera egiteko lanak izan zituen Astanakoak. Garaileak zortzi segundo atera zizkion helmugan, eta, beharbada, harbide zati horretan ia-ia irristaka ibili zelako izan zen azkenean bigarren.
Halere, ezin zaio Bruseghini meriturik kendu. Espezialistentzako erlojupekoa izan ez arren, espezialista delako nagusitu zen atzo. 34 urte beteko ditu ekainean, 12 denboraldi daramatza profesionaletan, eta bere ibilbidean lortutako hiru garaipenak erlojuaren kontra izan dira. Orain bi urteko Italiako Erlojuaren Kontrako Txapelketa, iazko Giroan Oropara egindako kronoigoera, eta atzokoa azkena. Dena den, besteentzako morrontzan ibiltzeagatik nabarmendu da Bruseghin. «Nire lanean azken helburua ez da garaipena; helburua zure lanarekin, bizitzarekin gozatzea da», esan zion BERRIAri iazko Euskal Herriko Itzulian. Horrelakoak esateagatik, bere jarreragatik, tropeleko txirrindularirik estimatuenetakoa da.
Riccok, ordea, ez du une honetan Contador estimu handitan edukiko. Atzoko erlojupekoa bukatuta gogoratuko zen harekin... Espainiarra zikin jokatzen ari dela uste du italiarrak. Atzo, gainera, minez dabilela esan arren, kolpe ederra eman zien gainerako faboritoei.
VISCONTI LIDERRA, BIKAIN. Indarra behar zen atzoko erlojupekoan. Aurreneko 18 kilometroak ordekan bete zituzten, baina gainerako 20 pasatxotan goraka ibili ziren txirrindulariak. Beraz, aerodinamika eta horrelakoak beharrean, indarra behar zen atzo. Izan ere, erritmo aldaketak etengabeak ziren, batean gora, bestean behera... Eta faboritoen tropeltxoan, Contador ondoen moldatu zena. 23. kilometroan Andreas Kloeden taldekidearena zen denbora onena, baina azkenean 12 segundo kendu zizkion. Denis Mentxovi (Rabobank) 38, Levi Leipheimer taldekideari 53, eta Gilberto Simoniri (Diquigiovanni) -erlojupeko bikaina egin zuen-, 53. Hortaz, Dolomiten atarian -larunbatean iritsiko dira hara-, sailkapen nagusian ezin hobeto kokatuta dago Contador.
Eta Giovanni Visconti (Quick Step) liderra ere bai. Aparteko erlojupekoa egin zuen atzo, eta minutu bat ere ez zion atera Contadorrek. Gaur 11. etapa jokatuko da, Urbania eta Cesena lotuko dituena. 199 kilometro eta nahiko ibilbide gogaikarria; tartean, ibilbidearen erdialdean, lehen mailako mendate tente bat. Ihesaldietarako egun aproposa da.
saILKaPenaK
HAMARGARREN ETAPA
1. Marzio Bruseghin (Lampre) 56.41
2. Alberto Contador (Astana) 8ra
3. Andreas Kloeden (Astana) 20ra
4. Marco Pinotti (High Road) 36ra
5. Paolo Savoldelli (LPR) 44ra
6. Denis Mentxov (Rabobank) 46ra
7. Vincenzo Nibali (Liquigas) 54ra
9. Levi Leipheimer (Astana) 1.01era
10. Gilberto Simoni (Diquigiovanni) 1.02ra
16. Riccardo Ricco (Saunier Duval) 2.04ra
19. Danilo Di Luca (LPR) 2.11ra
43. Juanma Garate (Quick Step) 3.33ra
52. Iker Camaño (Saunier Duval) 3.52ra
80. Markel Irizar (E. Euskadi) 5.17ra
NAGUSIA
1. Giovanni Visconti (Quick Step) 43.12.02
2. Matthias Russ (Gerolsteiner) 3.31ra
3. Gabriele Bosisio (LPR) 5.50era
4. Alberto Contador (Astana) 6.59ra
5. Marzio Bruseghin (Lampre) 7.52ra
6. Andreas Kloeden (Astana) 7.54ra
7. Vincenzo Nibali (Liquigas) 8.04ra
8. Paolo Savoldelli (LPR) 8.09ra
9. Riccardo Ricco (Saunier Duval) 8.32ra
10. Danilo Di Luca (LPR) 8.33ra
30. Juanma Garate (Quick Step) 12.18ra
51. Alan Perez (E. Euskadi) 19.15era
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Gogoratuko zen...
Bruseghin izan da onena erlojupekoan, eta Contadorrek irabazteko dagoela erakutsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu