Mazzoko (Lombardia, Italia) baserritar baten aurkikuntza da Mortirolo mendatea. Halaxe dio kondairak. Lehenago gurdi bidea zena asfaltatzea ideia ona izango zela iruditu zitzaion baserritar hari. Giroko antolatzaileekin harremanetan jarri, eta Mortirolo lasterketarako aldapa egokia zela esan zien. Gurdi bide hura ikustera joan, eta antolatzaileek ez zuten bitan pentsatu: aldapatzar hura igaro beharra zegoen. Giroko tropela 1990ean pasatu zen handik aurreneko aldiz, eta,geroztik, beste zazpi aldiz igo dute. Gaur zortzigarrena. Baso itxia, %12ko batez besteko pendiza duten sei kilometro jarraian, 180 graduko bihurguneak, errepide estua... Eta arnasa hartzeko tarterik ere ez. Itotzen ez denari paradisua irudituko zaio Tirano arteko bidea.
1990. Sierra erori zenekoa
Aurreneko aldi hartan ez zuten alderdi gogorrenetik, Mazzotik, igo; Edolotik baizik. Leonardo Sierra igotzaile venezuelarra aurreneko tokian pasatu zen Mortirolotik eta gerora Aprican bukatutako etapa irabazi zuen. Halere, igoeran baino, jaitsieran sufritu zuen Sierrak. Bizpahiru aldiz erori zen. Nagusiko 10. tokian bukatu zuen Giroa Sierrak, Giani Bugno handi eta dotoreak irabazi zuen aldi hartan.
1991. Chiocciolimenperaezina zenean
Giro bizi-bizi zegoen, eta Scannoko etapa irabazi eta gero, Marino Lejarretak bazuen podiumean sartzeko edota lasterketa irabazteko itxaropenik. Mortirolo alderik gogorrenetik igo zuten 15. etapan, Apricara bidean, eta Franco Chiocciolik erakustaldia eman zuen. Haren txakalaldia espero zuten Lejarretak, Bugnok, Chiappuccik eta enparauek, baina Chiocciolik, gerora Giroa irabaziko zuenak, menperaezina zela erakutsi zuen Mortirolon. Lejarreta bera seigarren tokian pasatu zen Mortirolotik Bugnorekin batera, eta hauxe esan zuen gero: «Inoiz igo dudan mendaterik gogorrena da». Eta asko igotakoa da berriztarra...
1994. Pantani, hegaka bezala
Igandea zen, eta oraindik ere aste bete falta zen Giroa bukatzeko. Eugeni Berzin gaztea zen liderra, baina han zebilen Miguel Indurain handia; gertu, gaztearen txakalaldiaren esperoan. Halere, inork espero ez zuena agertu zen egun hartan Mortirolon gora: Marco Pantani. Bezperan erakustaldia emanda irabazi zuen, baina inork gutxik uste zuen beste erakustaldi bat emateko moduan egongo zenik. Ezezagun samarra zen artean.
Stelvio erraldoia pasatuta, Franco Vona zen etapako buruan, baina sigi-sagaka, ezinenean, egin zituen Mortiroloren lehen metroak. Orduan jo zuen Pantanik. Bizi-bizi. Berzin haren gurpila jarraitzen ahalegindu zen, baina lehertu egin zen apur bat geroago. Indurain, berriz, bere erritmoan. Errusiarra harrapatu eta atzean utzi zuen. Igoeraren erdialdean zeuden oraindik ere. Bada, Pantani pasatu zen aurrena, baina Apricara bidean, Valico di Santa Cristina igotzen hasi baino lehenago, atzetik zetozen Indurainen eta Cacaito Rodriguezen zain geratu zen. Eurekin jolasean ari zen. Valicon gora hasi eta segituan jo zuen. Indurainek egundoko txakalaldia izan zuen. Non zegoen ez zekiela heldu zen. Orduan hasi zen puzten oraindik ere puzten jarraitzen duen Pantaniren mitoa.
1996. Olanoren herioa
Bezperan, Passo Pordoin, maglia arrosa jantzi zuen Abraham Olanok. Hori bai, segundo bakarreko tartea zuen Pavel Tonkovekiko, eta, aurretik, Mendola, Tonale, Gavia eta Mortirolo. Azken-aurreko etapa zen. «Nire erritmoan joango naiz», esan zuen anoetarrak etapa hasi baino lehenago. Halaxe igaro zuen Gavia. Baina Mazzotik goraka jo zuen Tonkovek, eta eutsi egin zioten Gottik, Zainak eta Ugrumovek. Olano bakar-bakarrik gelditu zen. Hori zen hori herioa! Baina Olanok badaki sufritzea zer den, eta ahal zuen moduan igo zuen.
Gainetik Gotti eta Tonkov pasatu ziren buruan. Errusiarraren jarrera ez zen zuzenena izan. Jendez lepo zegoen tontorra, eta eskuekin jendeari paretik kentzeko keinuak egiten hasi zen, baina berehala garailearen keinuekin tartekatu zituen; bazekien eta, jada Giroko garailea zela... Apricako helmugan Gotti nagusitu zen. Olanok, berriz, hirugarren postuari eutsi zion.
1997. Mapei lanean, alferrik
Gotti lider zela, azken aurreko etapa jokatu zen Male eta Edolo artean. Carlo Magno eta Goletto di Cadino igo ondoren Mortirolora heldu ziren. Tonkov ez zen bigarren postuarekin konformatzen, eta bere taldea, Mapei, lanean jarri zuen: Bugno, Di Grande... Halere, ezin, alferrik; ezin Gotti atzean utzi. Biak ala biak ihes eginda pasatu ziren gainetik, eta Edoloko helmugan Tonkovek altxatu zituen besoak. Giroa Gottirentzat.
1999. Pantaniren hematokritoa
Pantani nagusi zen 1999ko Giroan. Azken aurreko etapan, Madonna di Campiglio eta Aprica artean, Mortirolo zuten igo beharra. Jendea pirata-ren beste erakustaldi baten zain zegoen. Baina etapa hasi baino lehen dopinaren kontrako kontrola egin zioten ezustean. Bere hematokrito tasa %52koa zenez, kaleratu egin zuten.
Egoera irauli zuen horrek erabat. Tonale eta Gavia gaindituta heldu ziren Mortiroloren oinera, eta Pantaniren ondotik Giroko igotzaile onenak zirenak nabarmendu ziren buruan: Simoni, Heras eta Gotti. Valico di Santa Cristina ere elkarrekin igaro zuten, eta Aprican Heras nagusitu zen. Gottik bigarrenez irabazi zuen Giroa.
2006. Basso, Basso zenekoa
Tonale, Gavia eta Mortirolo igo zituzten orain bi urteko ekitaldian, Apricara heldu baino lehenago. Halere, munduko mendate guztiak jarrita ere, orduan inor ez zen Basso atzean uzteko gai. Mortirolon Simonik haren gurpila jarraitu ahal izan zuen, baina Apricako igoera etzanean lehertu, hustu, egin zen Gibo. Bassok bere haur jaioberriari eskaini zion garaipen handi hura.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Gurdi bidea
1990ean aurrenekoz igaro zenetik, Mortiroloko malda tenteek sekulako triskantzak eragin dituzte Giroan. Gaur igoko dute, eta lasterketa erabakita geldi daiteke bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu