TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Koadrilaren aurkezpena

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Zaila zen ihesaldia helmugaraino iristea, baina, harrigarria izan bada ere, iritsi egin dira. Tropelaren ezina azaltzeko azken kilometroetako haizea aipatuko nuke nik. Atzetik jotzen zuen haizeak azken kilometro horietan, eta tropelean oso azkar joan gara, baina eurak ere ez ziren poliki joango.

Gaur, hala ere, haize kontuak utzita, taldekideak aurkeztu nahiko nizkizueke. Gelan Giampaolo Cheula italiarrarekin nago. Gaztelaniaz ere hitz egiten du, eta ondo moldatzen gara, beste batzuekin hitz egiten ere ez baitago erraza! Italieraz eta ingelesez hitz egiten dugu normalean taldeko bileretan, eta zerbait ulertzen dudala esan daiteke. Lehenengo italieraz azaltzen dituzte gauzak, eta ondoren ingelesez. Oinarrizko gauzak, behintzat, ulertzen ditugu, eta gaitz erdi.

Bi austriar ere badauzkagu taldean. Bat errepideko txapelduna da (Markus Eibegger), eta bestea erlojupeko txapelduna (Matthias Brandle). Azken horrek 20 urte besterik ez dauzka. Bat errepidean eta bestea erlojupekoetan, maillot bereziarekin ibiltzen dira, eta horregatik nahasten ditu jendeak. Lehendik ere ezagutzen zuten elkar, eta dezenteko harremana daukate bien artean.

Laugarrena Martin Pedersen danimarkarra da, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan ihes eginda ibili zena. Gelan bakarrik dago hori. Bederatzi garenez, norbaitek egon beharra dauka bakarrik. Masajistaren erabakia izaten da hori. Beste gela batean Eros Capecchi eta Ermanno Capelli italiarrak daude, Cape eta Cape. Iaztik lau txirrindulari geratzen dira taldean, bi italiar horiek tartean. Eta azken biak Michele Merlo eta Marco Corti dira. Merlo taldeko esprinterra da, tipo berezia, saltsa guztietan egoten dena. Ero samarra da, esprinter gehienak bezala. Eta Corti igotzailea da. 55 kilo ere ez dauzka, eta Herbehereetan larri ibili da. Uste dut 30 bat minutu galdu dituela dagoeneko.

Horixe da gure koadrila, eta, tira, ea ihesaldiren batean aurrean azaltzen garen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.