TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Laino artetik, izarrak

Francesco Pellizottik (Liquigas) ez parte hartzeak are gehiago luzatu du Giroa irabazteko faboritoen zerrenda; Cadel Evans ageri da faborito argi gisa, baina estu hartuko dute Carlos Sastrek, Ivan Bassok eta Aleksandr Vinokurovek.

unai zubeldia
Donostia
2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ez Denis Mentxov (Rabobank), ez Danilo di Luca, eta ez Franco Pellizotti (Liquigas). Iazko Italiako Giroko podiuma erori egin da. Frantziako Tourrari begiratzea erabaki du lehenengoak; dopinagatik bi urteko zigorra betetzen ari da bigarrena; eta pasaporte biologikoan «ezohiko balioak» antzeman dizkiote hirugarrenari. Trumoi lainoak agertu ziren joan den astelehenean, Pellizotti eta Tadej Valjavec (Lampre) Girotik kanpo geratu zirela jakinarazi zutenean. Ilunduta hasiko da Giroa, baina lainotzarren artetik agertuko da izarren bat edo beste.

Cadel Evans australiarrak (BMC) agertu beharko luke guztien gainetik. Ortzadar maillotarekin irabazi berri du Fleche Wallone, eta bosgarren izan zen gero Lieja-Bastogne-Liejan. Erlojupekoak eta erregulartasuna dauzka alde. Ez da irabazlea, baina Giroko tropelean ez dago txirrindulari osoagorik. Taldearen herrenak jar dezake urduri.

Hiru txirrindulari handi ageri dira australiarraren itzal luzean: Carlos Sastre (Cervelo), Ivan Basso (Liquigas), eta Aleksandr Vinokurov (Astana). Zortzi lehiaketa egunekin iritsiko da Sastre Girora. Kataluniako Voltan eta Lieja-Bastogne-Liejan besterik ez da lehiatu, eta dezente sufri dezake lehen etapa urdurietan. Fresko iritsiko da, freskoegi agian.

Basso, berriz, nahi eta ezinean dabil. «Ametsa» da Giroa irabaztea, baina Romandiako Tourreko lan apalarekin eta sentsazio tristeekin ekingo dio etxeko itzuliari. Pellizotti eta biak ziren taldeburuak, baina berak hartu beharko du orain ardura. Bosgarren sailkatu zen iaz Giroan, podiumetik bi minutura.

Eta txirrindulari kalkulatzaile eta bareen oreka apurtzeko gai den bakarra ageri da faboritoen zerrendan laugarren postuan: Vinokurov. «Etapa bat irabaztea eta egun batzuetan maglia arrosa jantzita eramatea» du helburu, baina oso sasoi onean iritsi da. Trentinoko Giroa eta Lieja-Bastogne-Lieja irabazi berri ditu. Gorputzak noiz arte iraungo dion, horixe da zalantza.

Wiggins, Garzelli, Cunego...

Ezusterik ezean, lau horien artean egongo da podiumerako borroka. Izan ere, Bradley Wigginsek (Sky) Tourra dauka buruan, eta ingelesa hura prestatzeko asmoz ariko da Giroan. Lehen egunetako sentsazioen araberakoa izango da geroko sufrimendua. Stefano Garzelli (Acqua&Sapone), berriz, apalduta dabil, nahiz eta protagonista izango den mendiko etapetan. Eta Cunegorekin asmatuko duenik ez dago. Urruti geratu da 2004ko Cunego bizi hura.

Marzio Bruseghin (Caisse d'Epargne), Michele Scarponi (Androni), Vladimir Karpets (Katuxa), Francesco Masciarelli (Acqua&Sapone)... Horiek ez dira podiumeko borrokan sartzeko faboritoak, baina aurrekoen herren baten zain egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.