TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Lasaia omen zen etapa!

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Goizeko bileran, zuzendariak argi esan digu etapa lasaia zela, eta indarrak berreskuratzen saiatzeko. Aprobetxatzeko. Baina zuek ere ikusiko zenuten zenbateko euri zaparradak bota dizkigun. Ez indarrak berreskuratu eta ez ezer. 20-30 zentimetroko putzuak zeuden errepidean, 100 metroko tartean, eta oso arriskutsua da hori. Bizikletaren erdi pareraino iristen zen batzuetan ura, ikaragarria. Neurekiko pentsatu dut ez ote zuten geratuko lasterketa, baina baita zera ere! Erritmoa azkartu behar izan dugu, herri batetik pasatzen ari ginela tropela hautsi egin delako putzuetako batean. Hortik aurrera bete-betean joan gara.

Dagoeneko nabaritzen da etapak aurrera doazela. Bederatzigarrena ere egin dugu, eta geroz eta zailagoa da gorputza bere onera ekartzea. Normalean, zazpi-zortzi egun pasatu ondoren hasten da nekea nabaritzen. Hortik aurrera jada ez da indarrik izaten, etapa hasterako nekatuta egoten gara, hanketako mina sentitzen da, normalean oso erraz igotzen diren aldapetan asko sufritzen da, ezin izaten da erritmo aldaketarik egin... Nekatuta esnatu eta nekatuta oheratu. Ahalik eta gehien deskantsatu behar izaten da azken etapetan, baina, etxera joan arte, aurreko neke hori berreskuratuko duenik ez dago.

Lehenengo atseden egunean, gainera, aipatu nizuen goizegi iritsi zela atseden egun hura, gero izango genituela komeriak. Eta hala izaten ari da. Azken hiru etapak oso gogorrak izan dira, eta 230 eta 262 kilometroko bi etapa dauzkagu orain. Pentsa. Hurrengo astelehenean izango da bigarren atseden eguna, eta hortik aurrera beste sei etapa geratuko zaizkigu. Erlojupekoa asteartean, lau etapa zail, eta azken erlojupekoa. Aste hau pasatuz gero, azken ahalegina geratuko zaigu. Egun hauetan indar asko gastatuko dugu, ordea, eta azken bizpahiru egunetako ibilbidea aztertuta, txiki-txiki egin daiteke tropela. Egunean egunekoari begiratu beharko diogu, bestela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.