TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Lehen keinuak

Gabriele Bosisio italiarrak irabazi du zazpigarren etapa, eta Di Lucak, Contadorrek eta Riccok abisua eman dute

unai zubeldia
2008ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gabriele Bosisio 27 urteko italiarrak helmugara iritsita egin zuen irribarrea; Emanuele Sella txikiak zulatu baten erruz etapa irabazteko aukerarik gabe geratu zela ikusita isuritako negar malkoak; Danilo Di Lucak Saunierreko bikoaren erritmoari jarraitzeko lanak zituenean islatu zuen sufrimendua; iazko Giroan egin bezala, Leonardo Piepolik Ricardo Riccori emandako laguntza zoragarria; atzetik Kloeden, Mentxov, Simoni, Savoldelli eta gainerako faboritoek ezinean emandako erreleboak; Quick Stepek Giovanni Viscontiren lidergoa mantentzeko egindako lan nekeza... Giroko mendiko lehen etapa, itzuliko zazpigarrena, keinuka hasi eta amaitu zen.

Jakina da hiru asteko proba bateko lehen astean ez dela itzulirik irabazten. Baina lehen astean itzulia galtzen hastea posible da. Atzokoa da adibiderik argiena. Ezin esan daiteke Simoni, Kloeden, Savoldelli edo Mentxov Giroa irabazteko aukerarik gabe geratu direnik -53 segundo galdu zituzten-, baina lehen keinua argia izan da: Ricco, Di Luca eta Contador gainerakoak baino sendoago daude. Eta azken hori da harrigarriena, Contador eurak baino nabarmen sendoago egotea. Behar bezala prestatu gabe iritsi dela, astebetean hondartzan lasai ederrean etzanda egotetik pendiz izugarriak igotzera igaro dela... Gauza asko esan dira espainiarrari buruz, baina lehen azterketan Di Luca eta Ricco adina badela erakutsi zuen atzo, Pietransieri eta Pescocostanzoko maldetan gora. Pedalkada bizi-biziarekin ibili zen iazko Tourreko garailea.

Baina Vasto eta Pescocostanzo arteko 180 kilometrotan Giroko txirrindulari indartsuenen keinu horiek baino lehenago ere izan ziren beste keinu batzuk. Ero-ero hasi zen etapa, erasoan. Kirienkak zortzigarren kilometroan jo zuen erasorik sendoena; atzetik erantzun zuten Bosisiok berak, Sellak, Cardenasek, Balianik, Spilakek eta Horrachek. Kontrolik eza izan zen lehen kilometroetako ezaugarria, eta, horren erakusgarri, eraso eta kontraeraso artean, tropelarekiko bederatzi minutuko aldea lortu zuten iheslariek, 60. kilometroan. Bi multzoen artean, ordea, beste 18 txirrindulariko taldea zihoan. Tartean ziren, besteak beste, Juanma Garate (Quick Step), Markel Irizar eta Iñigo Landaluze (Euskaltel-Euskadi) -Aitor Galdos erretiratu egin zen, erabat ahituta-.

Atzean, Astana, Saunier eta Diquigiovani tiraka; eta aurrean, tantaka-tantaka, txirrindulariak ezinean. Cardenas, Baliani, Sella, Bosisio eta Kirienko bat eginda iritsi ziren azken 20 kilometroetara, baina Garatek ez zuen lortu horiekin bat egiterik. Etapa irabazteko borroka ahaztuta, Piepolik jo zuen lehen erasoa atzean, Di Lucak hurrengoa... eta hortxe lehertu zen tropela. Oraindik ez da ezer erabaki, baina lehen keinuak ikusi dira.



saILKaPena
ZAZPIGARREN ETAPA

1. Gabriele Bosisio (LPR) 4.45.05

2. Vasili Kirienka (Tinkoff) 46ra

3. Emanuele Sella (Navigare) 1.02ra

4. Felix Cardenas (Barloworld) 1.33ra

5. Danilo Di Luca (LPR) 2.04ra

6. Riccardo Ricco (Saunier) d.b.

7. Leonardo Piepoli (Saunier) 2.07ra

8. Alberto Contador (Astana) 2.10era

9. Davide Rebellin (Gerolsteiner) 2.55era

10. Franco Pellizotti (Liquigas) d.b.

37. Juanma Garate(Quick Step) 3.55era

55. Alan Perez (E. Euskadi) 10.14ra

57. Iban Belasko (E. Euskadi) d.b.



NAGUSIA

1. Giovanni Visconti (Quick Step) 32.03.01

2. Matthias Russ (Gerolsteiner) 9ra

3. Gabriele Bosisio (LPR) 5.43ra

4. Danilo Di Luca (LPR) 7.27ra

5. Emanuelle Sella (SCF) 7.36ra

6. Felix Cardenas (Barloworld) 7.46ra

7. Ricardo Ricco (Saunier) 7.53ra

8. D. Nardello (Diquigiovanni) d.b.

9. Alberto Contador (Astana) 7.56ra

10. Franco Pellizotti (Liquigas) 8.11ra

31. Juanma Garate (Quick Step) 9.54ra

48. Alan Perez (E. Euskaltel) 11.04ra

65. Iker Camaño (Saunier) 22.17ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.