TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Minez, baina motibatuta

Contadorrek pitzadura txiki bat du ezkerreko besoan, baina bete-betean ariko da gaurko erlojupeko gogorrean

Igor Susaeta.
2008ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Alberto Contador (Astana) erori egin zen joan den larunbatean, Giroko zortzigarren etapan, eta ezker besoko ukondoa minduta zuela heldu zen Tivoliko helmugara. Atzo, lasterketako aurreneko atseden egunean, erradiografia egin zioten medikuek. Horren arabera, fisura nimiño bat du erradioaren buruan. Mina sentitzen du, baina gogotsu dago iazko Tourreko garailea: «Zoritxarrez mina sentitzen dut, baina oso motibatuta nago eta lehiatzen ahaleginduko naiz mina edukita ere». Eta lehiatzeko aukera paregabea du gaur, 10. etapan, Pesaro eta Urbino arteko 39,4 kilometroko erlojupeko gogorrean. «Denbora ona egitea espero dut», aitortu zuen atzo Astanakoak.

Egia esan, berarentzako moduko erlojupekoa da gaurkoa. Goranzko joera du, uneoro, erlojupekoaren ibilbideak. 400 metroko desnibelari aurre egin beharko diete txirrindulariek. Tartean, %6,5eko batez besteko pendiza duen lau kilometro pasatxoko mendate bat igo beharko dute; eta azken kilometroak ere goraka egiten du, eta harbide zatiak ditu. Beraz, erlojupekoa egokia da Contadorrentzat. Gainera, Danilo Di Luca (LPR) eta Riccardo Ricco (Saunier Duval) baino hobeto moldatzen da bakarkako lehian.

Motibatuta dago, lehiatu egin nahi du, gainera: «Ez dut erretiratzeko motiborik». Lasterketaren garrantzia ere nabarmendu zuen: «Txirrindularitzako monumentuetako bat da Giroa eta ni mutil gogorra naiz». Geroz eta hobeto dago, eta «egunak pasa ahala indartsuago sentituko naiz».

Indartsu daude, halaber, bere arerio nagusietako bi: Di Luca eta Ricco. Hain zuzen, Giroko aurreneko bederatzi etapetan hori ikusi da. Oraindik ere ez da benetako mendia hasi eta aurreneko erlojupeko luzea gaur jokatuko da, baina indartsu daude, Milanera heldu bitartean jo eta fuego aritzeko intentzioarekin. Andres Kloden (Astana) faboritoetako bat zen lasterketa hasi baino lehenago, eta gaur du bere indarra erakusteko aukera; Levi Leipheimer taldekideak ere bai. Adi, halaber, Paolo Savoldellirekin (LPR) eta Denis Mentxovekin (Rabobank).

Indarra behar da gaurko erlojupekoan, eta oraindik bederatzi etapa besterik jokatu ez diren arren, nekea nabaritzen hasi da. Momentuz jokatutako bederatzi etapetatatik, italiarrek sei irabazi dituzte, Taldeei dagokienez, aldiz, Pro Tour Ligatik kanpo dauden italiarrek bizi-bizi daudela erakutsi dute.



saILKaPena
NAGUSIA

1. Giovanni Visconti (Quick Step) 32.03.01

2. Matthias Russ (Gerolsteiner) 34ra

3. Gabriele Bosisio (LPR) 5.53ra

4. Danilo Di Luca (LPR) 7.27ra

5. Emanuele Sella (CSF Navigare) 7.32ra

6. Riccardo Ricco (Saunier Duval) 7.33ra

7. Felix Cardenas (Barloworld) 7.46ra

8. Alberto Contador (Astana) 7.56ra

9. Franco Pellizotti (Liquigas) 8.11ra

10. Vincenzo Nibali (Liquigas) 8.15era

31. Juanma Garate (Quick Step) 9.50era

51. Alan Perez (E. Euskadi) 14.59ra

65. Iban Belasko (E. Euskadi) 24.31ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.