«Contador da igotzailerik onena, baina gizakia da, eta irabaz diezaiokegu». Wigginsen buruan ez dago maglia arrosarik; ez dago Cadel Evansen (BMC), Carlos Sastreren (Cervelo), Ivan Bassoren (Liquigas) edo Aleksandr Vinokuroven (Astana) izenik. Tourra, Tourra eta Tourra. 2010eko Italiako Giroko lehen etapa irabazi zuen atzo britainiarrak, Amsterdamen (Herbehereak), eta bera jarri da lider. Baina perfekziora bidean beste pauso bat besterik ez da hori. Soberan daukan kiloari ehun bat gramo kenduko zizkion atzo. Konfiantza, berriz, ederki puztuta edukiko du dagoeneko.
8,4 kilometroko erlojupeko azkarra eta teknikoa zen atzokoa, eta Amsterdamgo kale estuetan barrena, euriak zaildu egin zuen txirrindularien lana. Euriak arriskutsu bihurtu zuen ibilbidea, eta arratsaldeak aurrera egin ahala zorua lehortuz joan bazen ere, erlojuaren orratzak ahaztuta, helmugara erori gabe iristeko hautua egin zuten askok. Tantaka-tantaka, buruan agertuz joan ziren etapa irabazteko faboritoak. Horien artean lehena, Gustav Larsson suediarra (Saxo Bank). 10.25 minutu. Hori zen hautsi beharreko marka.
Bookwalterren ezustekoa
Eta hautsi bazuen, hautsi zuen Brent Bookwalter estatubatuarrak (BMC). 26 urteko txirrindulari indartsua da Bookwalter, 1,80 metrokoa, gihartsua. Iaz Utaheko Tourreko (AEBak) 4,5 kilometroko aitzin-etapa irabazi zuen, David Zabriskie (Garmin) herrikidearen aurretik. Eta 2006an AEBetako 23 urtez azpikoen erlojupeko txapelketa ere irabazi zuen. 10.20 minutu. Bookwalterrek bost segundo ondu zuen Larssonen denbora ona.
Ez Vincenzo Nibali (Liquigas) -oso lan txukuna egin zuen italiarrak, Girora azken unean iritsi dela kontuan hartuta-, ez Michele Scarponi (Androni), ez David Millar (Garmin)... Txirrindulari bakarraren perfekziorako obsesioak utzi zuen estatubatuarra bere kirol ibilbideko garaipen sonatuenetik bi segundora. Hegan egin zuen atzo Wigginsek, eta, nahi izatera, Giroa lehiatzeko moduan dagoela erakutsi zuen. Evansek eta Vinokurovek bezala. Bi horiek izan ziren onenak Giroa irabazteko faboritoen artean. Bookwalter taldekidearen denbora bera egin zuen Evansek (10.20), eta Girora sasoi betean iritsi dela berretsi zuen. Vinokurovek, berriz, Wigginsek baino bost segundo gehiago behar izan zituen, eta lehen bi asteetan su batean ibiltzeko moduan dagoela erakutsi zuen. Hirugarren astean gorputzari bere onenean eutsiko dion, horixe da zalantza.
Eta onaren zakuan sartu beharrekoak dira Stefano Garzelli (Acqua&Sapone), Basso eta Sastreren lanak ere. 20 segundo atera zizkion Wigginsek Garzelliri, 23 Bassori, eta 25 Sastreri. Errepidea tentetzen denean, ezerezaren parekoak izango dira 20-25 segundo horiek. Giroa hasi eta berehala kolpea hartuta, berriz, Damiano Cunego eta Gilberto Simoni egongo dira, Lampreko bi oilarrak. 52 segundo galdu zituen Cunegok, eta 56 Simonik. Marzio Bruseghinek ere (Caisse d'Epargne) 39 segundo galdu zituen atzo.
Amsterdam eta Utrecht artean, 209 kilometroko etapa izango dute gaur, Giroko bigarrena.
Sailkapenak
LEHEN ETAPA ETA NAGUSIA1. Bradley Wiggins (Sky) 10.18
2. Brent Bookwalter (BMC) 2ra
3. Cadel Evans (BMC) d.b.
4. Aleksandr Vinokurov (Astana) 5era
5. Greg Henderson (Sky) d.b.
6. Richie Porte (Saxo Bank) d.b.
7. David Millar (Garmin) 6ra
8. Gustav Larsson (Saxo Bank) 7ra
9. Jos Van Emden (Rabobank) 9ra
10. Marco Pinotti (Columbia) d.b.
11. Vincenzo Nibali (Liquigas) 10era
12. Tom Stamsnijder (Rabobank) 11ra
13. Marcel Sieberg (Columbia) 12ra
14. Andrii Grivko (Astana) 13ra
15. Dario Cioni (Sky) d.b.
16. Dario Cataldo (Quick Step) 14ra
17. Svein Tuft (Garmin) 15era
18. Ignatas Konovalovas (Cervelo) d.b.
19. Michael Morkov (Saxo Bank) d.b.
20. Enrico Gasparotto (Astana) 16ra
145. Iban Maioz (Footon) 52ra
153. Xabier Zandio (Caisse) 55era