imone Piemonte mendateak ez, Gilberto Simonik eta Lampre taldeak zein jokaera hartu izango da gaurko gakoa. Lamprek egurra ematen badu, Simonik erasoa joko du eta Simonik erasoa jotzen badu, bakarren batek pott egiteko aukera handi samarra da. Giroa irabazten saiatuko dela esan du Simonik eta normalean, ez da ahoberokeriatan aritzen Lampre taldekoa. Bi minutu inguru gal ditzake biharko erlojupekoan eta beste hainbesteko atzerapena du nagusian Savoldellirekiko. Ezin du Finestreko igoera arte zain egon, eta ia-ia ziurra da ahaleginduko dela.
Non, noiz da erantzunik gabeko galdera. 194 kilometro ditu etapak eta hiru mendate gaizto azken 50 kilometroetan. Ihesaldi batek bidea egingo du. Lampre zain, zelatan egongo da Madonna del Colletto gainera hurbildu arte. Behin aldapa gora hasita, litekeena da Lampre bere piezak mugitzen hastea. Sabaliauskasek, Andrea Tontik eta Patxi Vila euskaldunak erritmoa gogortuko dute Savoldelli taldekiderik gabe uzteko eta nekarazteko. Madonna del Collettotik Colletto del Morora 17 kilometroko ordeka dago. Tarte horretan alferrik barrenhustu daiteke lagun bakarra ihesean, eta horregatik, zaila da Simoni edo beste oilarren bat aurrez mugitzea.Colletto del Moro, ordea, egokia da. Apropos-aproposa Simonirentzat. Laburra da, lau kilometro eskasekoa, baina oso gogorra. Batez bestekoa %9koa da, baina %21eko maldak ditu, eta azken bi kilometroek %12tik gorako batez bestekoa. Simonik nonbait mina egin badezake, tarte horretan da. Gainetik ahalik eta errenta handienarekin igarotzen saiatuko da, Limone Piemonten dituenak emateko.Colletto del Moron minutu inguruko errenta lortzen badu, fedea irabaziko du Simonik, eta egoskor saiatuko da lidergoa lortzen. Simonik du giltza eta haren gurpilari eusten dionak, ziurtatua arrakasta. Hori lortzen saiatuko da Juanma Garate irundarra. Saunier Duval taldekoak esku-eskura dauka podiuma, baina aurretik dituen hiru aurkarietako batek kale egin behar du, eta saiatu gabe, ahuluneren bat nork jasan dezakeen jakin gabe, nekez lortuko du.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Simonik zeregingo zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu