Ur azpian hasiko da datorren urteko Tourra, Goiseko pasabidean, Frantzia mendebaldean. Alex Zuellek ondo gogoan izango du 1999ko Tourra. Inguru hartan errepidea urpean geratzen da marea igotzen denean, eta hantxe ito zen suitzarra. Erorketak tarteko, triskantza handia eragin zuen etapa hark. Datorren urtekoak ere eragin dezake, aitzin-etapak ahaztuta, 191 kilometroko etapa luzearekin hasiko baita Tourra. Maillot horia egongo da jokoan uztailaren 2an, eta tentsioa ez da lagun ona izango. Mont des Aluettes gainean amaituko da, gainera, etapa (232 metro). Bi kilometroko igoera da, eta batez bestekoa %5ekoa.
Les Essartsen 23 kilometroko taldekako erlojupekoa izango dute bigarren etapan, eta Bretainiatik barrena Frantzia ipar-ekialdera bidean, esprinterren gozamenerako etapa aproposak izango dira Erdiguneko mendigunera iritsi bitartekoak -arriskutsua izango da Bretainian, Murren amaituko den etapa, 4.a, %15eko paretak daudelako tartean-. Mendiko etapak izan gabe ere, min handia egingo dute zortzigarren eta bederatzigarren etapek. Super Besseko eski estazioan amaituko da uztailaren 9koa, eta Saint Flourren uztailaren 10ekoa. Tourreko lehen 1.600 kilometroak eginda, uztailaren 11n iritsiko da lehen atseden eguna. Pirinioetako lehen etaparen bezperan.
Luz Ardidenen amaituko da Pirinioetako lehen etapa hori, 209 kilometrokoa, eta aurretik Hourquette d'Ancizan (10,3 km, eta %7,9ko batez bestekoa) eta Tourmalet (17,2 km, eta %7,4ko batez bestekoa) igo beharko dituzte. Luz Ardideneko azken igoera 14,7 kilometrokoa da, eta batez bestekoa %6,9koa. Samurragoa da Pirinioetako bigarrena, Paue eta Lourdes artekoa, mendate bakarra igo beharko dutelako: Aubisque. Laruns herritik gora 16,6 kilometro dauzka Aubisquek, eta batez bestekoa altua da, %7,2koa. Baina 48,5 kilometro daude gainetik Lourdesko helmugara. Gehiegi faboritoen artean alde nabarmenegiak sortzeko.
168 kilometro eta bost mendate dauzka, gainera, Pirinioetako hirugarren eta azken etapak, eta hor bai, hor sua izango da tropelean. Txirrindulariek Aspet, Core, Latrape eta Agnes igo beharko dituzte lehenengo, eta Plateau de Beille tentean amaituko da ondoren etapa. Aldapa beldurgarririk ez daukan arren, 15,8 kilometroko igoera gogorra da Plateau de Beille; batez bestekoa da horren erakusgarri: %7,9.
Hori bai, gogorra, benetan gogorra, Tourreko azken astea izango da. Montpellierren eta Gapen amaituko dira Pirinioen osteko bi etapak -bigarren atseden eguna izango dute tartean, uztailaren 18an-, eta hurrengo lau etapetan zerura bidean jarriko da Tourra. Aurten Tourmaleti keinuka ibili da Tourra, bertatik lehen aldiz igaro zenetik ehun urte igaro direnean. Eta datorren urtean Galibier handiari egingo dio ohore Frantziako lasterketa handiak, mendeurrena ospatzeko. Bi aldeetatik igoko da Tourra Galibier gainera, eta horietako batean, uztailaren 21ean, 18. etapan, gainean amaituko da. Omenaldi hoberik ez dago.
18. etapa beldurgarri horren aurretik, ordea, Italian sartuko da Tourra, 17. etapan. Gapen hasi eta Pinerolon amaituko da etapa hori, eta Montgenevre, Sestrieres eta Pramartino mendateak igo beharko dituzte. Ez dira mendate gogor-gogorrak, baina 2.000 metrotik gora dauzka Sestrieresek, eta horrek min egingo du Tourreko hirugarren astean. 7,5 kilometroko igoera tente baten ondoren, beste 7,5 kilometro besterik ez dira geratuko Pramartino mendatetik Pineroloko helmugara.
Pinerolon bertan hasiko da hurrengo eguneko etapa, eta orduan bai, orduan zerura bidean joango da tropela. Agnello igoko dute lehenengo -igoera guztia kontuan hartuta, ia 50 kilometro dauzka Agnellok, eta horrek jaisten du batez bestekoa %5era-, Izoard gero (15,9 km, eta %6,9ko batez bestekoa), eta Galibier beldurgarria azkenik. Saint Chaffrey herritik barrena, 23 kilometro dauzka Galibierrek, eta batez bestekoa %5,1ekoa da -hori da Galibierren igoera samurrena-. 2.645 metrotan amaituko da 18. etapa hori, eta Tourrak beste marka bat onduko du egun horretan, helmuga batek inoiz ez baitu igaro 2.500 metroko langa.
Alpe d'Huez eta erlojupekoa
Alpeetako azken etapa, berriz, Alpe d'Huezen amaituko da. 109 kilometro besterik ez dauzka 19. etapak, eta hastearekin batera igoko dute Galibier, Tourrean bigarren aldiz. Saint Michel de Maurienne herritik gora, 34,9 kilometro dauzka Galibierrek -Telegraphe igoko dute lehenengo-, eta batez bestekoa %5,5ekoa da. Ia 50 kilometroko jaitsieraren ondoren iritsiko dira Alpe d'Huezeko lehen maldak. 14,2 kilometro eta %7,7ko batez bestekoa dauka mendate historiko horrek. Carlos Sastrek orain bi urte egin bezala, Tourrari azken astindua emateko igoera aproposa da Alpe d'Huez.
Azken erlojupekoak normalean ez duelako alde handirik sortzen. 41 kilometro dauzka Grenobleko azken erlojupeko horrek.
Erreakzioak
«Erlojupekora ahalik eta alde handienarekin iristen saiatuko naiz»
Andy SchleckSaxo Bankeko txirrindularia
«Guretzat oso egokia da ibilbidea. Lehen astean adi ibili beharko dugu, baina azken astean erabakiko da dena, oso gogorra baita. Tourra hiru astetan irabazten da, eta ez egun bakarrean. Azken erlojupekora ahalik eta alde handienarekin iristen saiatuko naiz. Alberto [Contador] bertan izatea espero dut».
«Etapa motzak dira, gogorrak, eta mendate guztiak pilatuta daude»
Samuel SanchezEuskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Niretzat Tour egokia dela pentsatu nahi dut. Gogorra eta zaila da ibilbidea. Etapak motzak dira, gogorrak, mendate guztiak pilatuta daude, etapa asko amaitzen dira gainean eta erlojupeko bakarra dago. Ez litzaidake gustatuko Contador zigortu dutelako Tourra hirugarren amaitzea».
«Luz Ardidenen amaituko den etapa gustatzen zait bereziki»
Igor AntonEuskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Luz Ardidenen amaituko den etapa gustatzen zait bereziki. Han irabazi zuen Laisekak, eta Pirinioetan egongo gara, etxean. Baina asko gustatzen zaizkit Galibierreko eta Alpe d'Huezeko etapak ere, historikoak baitira. Aurtengoa baino gogorragoa da, azken astea, batez ere. Etaparen bat irabaz dezaket».
«Igotzaileentzat egokia da, eta ikusleentzat erakargarria»
Eusebio UnzueCaisse d'Epargneko managerra
«Datorren urteko Tourra igotzaileentzat izango da. Ibilbidea oso menditsua da, eta lau etapa lau mendate historikotan amaituko dira: Plateau de Beillen, Luz Ardidenen, Alpe d'Huezen eta Galibierren. Horregatik izango da hain egokia igotzaileentzat, eta erakargarria ikusleentzat».
Christian Purdhomme: «Susmagarri izatea ez da errudun izatea»
Alberto Contador espainiarra (Astana) ez zen izan atzo Tourraren aurkezpenean, baina Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak gordin hitz egin zuen bere ustezko positiboaren inguruan: «Kasua lehenbailehen argitzea espero dut, baina bitartean, argi esan beharra dago susmagarria izatea ez dela errudun izatea. Kasua ez da erraza izaten ari Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunarentzat (UCI) eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziarentzat (WADA). Bestela ez genituen entzungo egunero adituen iritzi kontrajarriak».Pat McQuaid UCIko presidenteak ere hitz egin zuen atzo, eta esan zuen eurak ez direla ari Contador babesten. «Arauak hartu ditugu kontuan hasiera-hasieratik, eta WADArekin elkarlanean ari gara. Dopinaren aurkako borroka oso garrantzitsua da guretzat».