Marseillako Sarian zen debuta egitekoa Joseba Beloki La Boulangere talde berriarekin, pasa den otsailaren 3an, baina Euskal Herrira itzuli behar izan zuen, eskuin hankan tendinitis batekin. Tourrean erori ostean, eskuin hanka horretan egin zion ebakuntza Mikel Sanchez medikuak, eta haren kontsultan egin zuen azterketa zehatza atzo. Tendinitis hori arina dela ondorioztatu zuen medikuak, eta txirrindulariak hilaren 22an korrituko du denboraldiko lehen proba, Valentzian: Luis Puig Saria.
Lau egun lehenago, otsailaren 18an, abiatuko du sasoia Lance Armstrong estatubatuarrak, Portugalgo Algarveko Itzulian. Dezente aldatu du aurten egutegia US Postal taldekoak, iaz egin zuenarekin alderatuta. Algarven bukatu eta Murtziara egingo du jauzi Armstrongek, martxoaren 3tik 7ra. Han Ullrich eta Belokirekin batera arituko da. Euskaltel-Euskadi eta Baque-Lagun Aro taldeak ere Murtzian izango dira. Aurrez, Baque-Lagun Arok Portugalgo Correios Sari Nagusia korrituko du. Jorge Garcia, Mikel Gaztañaga, Francisco Gutierrez, Alberto Hierro, Paco Palacio, Sergio Perez, Ricardo Serrano eta Julen Urbano txirrindulariek osatuko dute taldea, Jon Zengotitabengoa kirol zuzendariaren aginduetara. Murtziako Itzuliaren ondoren, 2004ko maila bereziko lehen itzulia korrituko da, Paris-Niza, martxoaren 7an hasita.
Robert Hunterrek irabazi du Qatarko Itzulia
Robert Hunter hegoafrikarra izan da Qatarko Itzuliko nagusia. Hiru etapa eta sailkapen nagusia irabazi ditu Rabobank taldekoak. Bosgarren eta azken etapan Francesco Chichi italiarra (Fassa Bortolo) eta Wouter Van Mechelen belgikarra (Vlaanderen) hartu zituen mendean, esprintean. McEwenek eta Boonenek gogor eraso zioten Hunterri, baina lidergoari eusteko gai izan zen. Bessegeseko Izarra proban Hushovd norvegiarra (Credit Agricole) izan zen azkarrena, hirugarren saioko esprintean.
TXIRRINDULARITZA. Joseba Belokiren tendinitisa arina da, eta Luis Puig sarian debutatuko du, hilaren 22an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu