Gaur hasiko da Euskal Bizikleta. Dena lotuta al duzue?
Beharko. Orain arte lotu ez duguna nekez lotuko dugu orain.
Euskal Bizikletak,egun duen izen horrekin, ez du historia luzea, baina Eibarren aspalditik antolatu dira probak. Noiztik?
Euskal Bizikleta izenarekin 1991. urtean hasi zen. Historia nahiko nahasia du. Eibarren jaio zen egun Euskal Herriko Itzulia izena daraman proba. Espainiako Francisco Franco estatuburuak horrela aginduta, bicicleta eibarresa izena jarri zitzaion. 1969. urtean, bicicleta eibarresa-vuelta al pais vasco izena hartu zuen. Hurrengo hiru urteetan vuelta al pais vasco izena eduki zuen, soil-soilik. 1972an, eta arazo ekonomikoengatik Donostiako La Voz de España kazetak hartu zuen proba antolatzeko ardura. Kazeta horrek El Diario Vasco izena hartu zuen, eta hango taldeak antolatu zuen proba geroztik. Eibarren bazegoen beste lasterketa bat: Arrateko igoera, 1941. urteaz geroztik urtero korritzen zena, Eibarko Klub Deportibok antolatuta. 1977an arazoak hasi ziren igoera egiteko eta 1980 eta 1981. urteetan ez zen antolatu. Orduan Gipuzkoako federaziotik eurek antolakuntza bizkar gain hartuko zutela esan eta haien bultzada eta Klub Deportibo eta Eibarko Txirrindulari Taldeko kideak elkartuta, berriro hasi ginen. 160 kilometro inguruko proba antolatu genuen, Arraten bukatuta. Harrera ona eduki zuen eta ETBk proba telebistaz eskaintzea erabaki ostean, bost eguneko itzuli bat eskatu genion UCIri (Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa). Bosten bila joan eta hiru egun eman zizkiguten. 1988an bost egunekoa lortu genuen. 1991n egun duen izena hartu zuen, Euskal Herrian barrena egiten zirelako etapak.
Zein lan egin duzue zuk eta zure taldeak prozesu horretan?
25 urte egingo ditugu antolakuntza lanetan aritu garenok heldu den urtean. 22 lagun gaude: helmugak, irteerak, taldeen harrera, ibilbideak, koordinazioa... lagun talde bat gara, eta nahiko ondo moldatzen gara.
Kanpotik jabetzen al gara tamainako proba bat antolatzeak izan ditzakeen zailtasunekin, edo ez?
Lana nekeza da. 2005erako helmuga bat lotu berri dugu Tolosarekin (Gipuzkoa), eta Sopela (Bizkaia) eta Zuiarekin (Araba) ere oso aurreratua dago harremana. Abuztuan edo irailean ibilbidea prestatuko dugu, Gabonetako dena prest edukitzeko. Lana mekaniko samarra da, antzekoa urtez urte, eta eskarmentua dugunez, ondo moldatzen gara.
Zein da lan gogorrena?
Dirua lortzea. Hainbestean moldatzen gara, ETBrekin dugun akordioari esker. Etorkizunean, Pro-Tour Liga delakoarekin, egoera asko alda daiteke, dena den.
Zenbateko aurrekontua du Euskal Bizikletak?
720.000 eurokoa.
Zenbateraino da garrantzitsua telebistaren eskaintza aurrekontu hori osatu ahal izateko?
Funtsezkoa. Haiek gabe jai daukagu, guk eta edonork. Publizitatea telebistaren bitartez ikusten da eta zu publizitate eskean joan, eta bezeroari telebistarik ez dagoela esaten badiozu...
Zer nolako akordioa daukazue Euskal Telebistarekin?
Produkzioaz aparte, antolatzaileak ere badira, gurekin batera. Publizitate eskubideak ETBrenak dira, gero berak erabakitzen du nola saldu, edo nola berreskuratzen duen inbertsioa.
Zenbatekoa da ETBk jartzen duen dirutza?
Aurrekontu osoaren erdia gutxi gorabehera, %45-50 inguru.
Gustura akordio horrekin?
Gu bai, eta haiek gurekin ere baietz uste dut. ETBrekin jarraitu nahi dugu, baina bi aldeak ados jarrita ere, zain egon behar dugu gainetik dugun jendeak erabakiak hartu arte.
ETBrekin duzuen harremana urte askotakoa da. Haientzat ere akordioa errentagarria da, nonbait.
Suposatzekoa da badela. Egiten duen inbertsioa berreskuratu edo ezaz gain, aintzat hartu behar da bost egunetan telebista ordu dezente betetzen direla, eta hori ere garrantzitsua dela, are gehiago Euskal Herrian.
Nola osatzen duzue aurrekontuaren beste erdia?
Babesle txikiekin, Eibar inguruko enpresekin, helmuga eskatzen duten udalerriek ordaintzen dutenarekin...
Pro-Tour Ligatik kanpo, telebistarik gabe, babeslerik gabe irautea ia-ia ezinezkoa izango da...
Ez uste, agian ez. Ia dena argitzeko dago. Gu zain gaude, baina badut halako uste bat, UCIri aldaketak ez diola guri bezainbesteko onura ekarriko. Pro-Tour delakoaren egutegiari begiratu diot, eta guretzat aurtengoa baino hobea da. Aurten Alemaniako Itzulia eta Dauphine-Libere probekin batera dugu proba, baina heldu den urtean, Alemaniako Itzulia abuztura pasa dute, Pro-Tour Ligako proba delako, Dauphinerekin batera korritu ez dadin. Guk Dauphinerekin batera dugu Euskal Bizikleta, eta hori ona da. Data beretan beste proba bat bakarrik korritzea ona da.
Nolatan geratu da Euskal Bizikleta, 2.1 maila duen proba (Euskal Herriko Itzulia baino koska bat beherago), Pro-Tour Ligatik kanpo?
Pro-Tour Liga aspaldiko ekimena da. UCIk baino gehiago, pertsona fisiko batzuek eraman dute gaia. Espainian Manuel Saiz, Liberty taldeko kirol zuzendariak, adibidez. Haien asmoa txirrindularitzari etekin ekonomikoa ateratzea da, nola-hala. Txirrindularitzak futbolarekin antzekotasunik batere ez duela ez direla konturatu esango nuke, halere. UCI diruaren usainean ari da, irizpide komertzial hutsak agintzen du eta diru sarrera horiek ziurrak izango diren ala ez jakin gabe ari dira, gainera. Gure proba ez da irizpide horietan sartzen, nonbait.
Alemaniako Itzuliaren alde egiten dute, Euskal Bizikleta baztertuz, jakina denean Alemaniako txirrindularitza tradizioa Euskal Herrikoa baino askoz txikiagoa dela. Zergatik?
Haien argudioa da Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa Pro-Tour Ligan daudela, eta Ligan Euskal Herriko bi proba egotea nahikoa dela. Alemania zergatik? 70 milioi lagun bizi direlako han, eta Euskal Herrian hiru milioi bakarrik.
Egutegia finkatu dute, baina telebista eskaintza ez, babeslerik ere ez... ia dena airean dagoela dirudi.
Hala da. Verbruggenek babesleekin ez arduratzeko esan du, Japoniatik ekarriko dituela. Zein telebistak onartuko du, martxotik urrira, 160 egun, arratsaldero-arratsaldero, txirrindularitza eskaintzea telebistaz? Proba askok ez dute ikuslerik erakarriko. Ni neu, Tourrean, uztailean, eguraldi onarekin, hondartzara joango nintzateke telebista ikusten geratu baino lehenago. Etxekalte bihur liteke.
2005eko Euskal Bizikleta ekainaren 1etik 5era izango dela baieztatu dizuete, behintzat.
Hala da bai. Telebisten aferak argia ikustea bakarrik nahi edo behar dugu orain, UCIk ETB hautatzen ez badu, guk bidea zabalik izango dugulako ETBrekin akordioa luzatzeko. Hitzezko adostasuna badugu 2005erako. Pro-Tour Ligatik kanpo egonda ere, egoera ez litzateke txarra. UCIk telebista eskaintza FORTAerakundearekin adostuko balu (Espainiako Irrati-telebista Erakunde Autonomikoen Federazioa), arazoa larria izango litzateke, ETB erakunde horretako kide delako, eta bere burua beste lasterketa batzuk eskaintzera derrigortua ikusiko lukeelako, gurea bigarren maila batean geratuta.
ETBk Dauphine-Libere edo Euskal Bizikleta hautatu behar balu, logikoena Euskal Bizikleta hautatzea litzateke, ezta?
Bai, bai, baina, UCIrekin akordio bat badute, agian ez dute erabakitzeko askatasun hori izango. UCIk akordioa UER erakundearekin lortzea da onena guretzat (Telebista eta Irrati Hedapenerako Europako Batasuna), hango kide baita Espainiako Telebista (TVE). Litekeena da, dena den, TVEk, ETBrekin adostasuna lortzea eta irudi eskubideak saltzea. Gu, Euskal Herriko probak telebistaz eskaintzeko bidea baldin badugu, konforme. Ez daukagu bestelako handinahirik, dirua irabazteko asmorik.
Txarrenean jarrita, erreala da Euskal Bizikleta telebista eskaintzarik gabe geratzea? Eta hala balitz, zein litzateke probaren etorkizuna?
Gerta liteke, bai, eta gertatzen bada eta babesleak lortzen ez baditugu, proba desagertu egingo da, haserretuko gara, haserretuko dira zaleak, baina egoera onartu beste erremediorik ez dugu edukiko. Telebistak du etorkizuneko gakoa.
Eta partaidetzaz zer? Itxuraz talde onenek Dauphine hautatuko lukete, baina txirrindulari onenek ez dute zertan proba hura lehenetsi.
Dauphine dago gure datetan, arazoa ez litzateke larriegia. Ulertze aldera, ziurra den bakarra, onenak Tourrera bakarrik joango direla. 18-20 taldek derrigor korritu beharko dituzte Giroa eta Vuelta ere, baina txirrindulari onenekin joango al dira? Taldeekin harreman onak ditugu, Italiakoekin batez ere, eta partaidetza txukuna lortuko genuke. Telebistaren kontua erabakita dagoen moduan, Liga korrituko duten taldeen zerrenda ere zehaztu gabe dago. Dena dago airean. Egitasmoa ahula da. Aukeratzen dituzten taldeek jarriko al dute UCIk eskatzen dien dirutza? Galdera asko daude, eta erantzun gutxi. UCIk txirrindularitzan jabea bera balitz bezala jokatu du, baina UCI ez da enpresa bat.
Kontuak kontu, Euskal Bizikletaren osasun egoera ona da.
Bai. 2005eko eta 2006ko ibilbideak, helmugak eta beste, lotuta daude, eta 2007 eta 2008rako eskaerak mahai gainean ditugu dagoeneko, baina bilakaeraren zain gaude.
«Ondorioei erreparatu gabe erabakitzen du Verbruggenek»
UCIko Hein Verbruggen presidentearekin epelak izan ditu Erasok. Hitz gogorrak botatzen ditu haren jardunaz eta UCIren ekinbideaz.
Pro-Tour Ligatik kanpo zergatik utzi zintuzteten jakinarazi al dizuete ofizialki?
Bai zera! Erantzunik ez. Kanpoan utzi eta kito.
Hein Verbruggenekin, UCIko nagusiarekin iskanbila bat baino gehiago eduki duzu dagoeneko.
Bere herrikideekin eduki dituenekin alderatuz gero, txikikeria. Holandarra da Verbruggen, eta Holandako Itzulia ere (2.1 maila) Ligatik kanpo utzi du. Parisen (Frantzia) egin zen bileran, Holandako Itzuliko antolatzaileak aurre egin zion, eta erantzunik ez zion eman. Batzuetan biztanle kopurua da arrazoia, bestetan tradizioa, baina nahierara erabiltzen dituzte argudio horiek, euren interesen arabera. Baqueko Erkaitz Elkoroiriberi edukazio txarreko erantzuna eman zion Madrilen (Espainia). Elkoroiribek beste babesle bat bilatzen ari zela esan zion, bainaez zekiela zein lasterketa eskaini, 2005ean non korritu ahal izango duten ez dakielako, eta ea horretarako konponbiderik bazuen. Baquek aurten Espainiako Vuelta korrituko zuen galdetu zion orduan Verbruggenek, eta baietz erantzun Elkoroiribek. Baquek Vuelta korritzea kontraesana zela erantzun zion, Vuelta eta Enrique Franco antolatzaile burua talde onenen bila ari zirenean. Eta Verbruggen lasai-lasai. Hurrengo urteko hiru handietan, nazio bereko taldeen gonbidapen txartelak hirura murriztuko zirela ere bota zuen lasai, horrek ekarriko duen kaltean pentsatu gabe. Franco non ezkutatu ez zekiela geratu zen. Baquek, Relaxek, Paterninak eta bestek Vueltan korritzeko ziurtasunik ez badute, desagertu egingo dira.
UCI ez al da erabakiak batzarretan hartzen dituen erakunde bat?
Jendeak beldurra dio Verbruggeni eta bere ingurukoei. 30 probako egutegia sortu nahi zuten: hiru itzuli handi, hors categorie-ko (mailaz kanpo) zazpi itzuli txiki eta Munduko Kopako 10 proba. 30 probara iritsi arteko beste 10 lasterketak eurek erabaki dituzte. Malaysian ere probaren bat antolatu nahi zuten, baina antolakuntza desastre bat dela ikusi eta atzera egin zuten.