TXIRRINDULARITZA. KATALUNIAKO SETMANA. Bigarren etapa irabazi du Phonakek, Robert Hunterrekin

Corioniri eta Angel Edori hartu zien aurre Hegoafrikakoak, Setmanan

Andoni Urbistondo.
2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Robert Hunter hegoafrikarrak irabazi du Kataluniako Setmanako laugarren saioa, eta bigarren garaipena eman bere taldeari, Phonaki, itzulian. Ihesaldiren batek arrakasta edukitzeko etapa aproposa zen atzokoa, 162 kilometro Baga eta Palau-Solita i Plegamans artean. Ibilbidea, nekagarria oso, gorabeheratsua, atseden handirik gabekoa, kontrolatzeko zaila. Kontrol lana baten batek egingo ote zuen zalantzakoa zen, esprintean garaipena ziur antzean lortzeko gai den txirrindularirik ez baitago Setmanan.

Phonakeko Uros Murn esloveniarra ezustean nagusitu zen lehen etapan. Claudio Corioni bigarren etapako garailea ere, ez da ezagun-ezaguna. Ez Phonakek, ez Fassa Bortolok, ez zuten ziurra garaipena esprintean, baina bai berau lortzeko bide errazena, eta arriskatzea hobetsi zuten, batez ere Suitzako Phonakek. Zergatia argia da. Bi esprinter ditu Katalunia aldean: Murn eta Hunter, eta beste taldeek bakarra, asko jota. Ihesaldia harrapatzeko jazarpen lana egin zuten eta egindako ahaleginaren ordaina jaso etapa garaipenarekin.

Ihesaldi antzua

Ordain hori jaso ez zezaten ahalegindu ziren asko. Hiruk irabazi zuten saiatzeko saria: Fernando Torres (Spiuk), Oscar Laguna (Relax) eta Giampaolo Cheula (Barloworld). 20. kilometroan egin zuten hanka, eta azkar ireki lauzpabost minutuko zuloa. Sei minutu pasatxokoa izan zen lortu zuten handiena, baina helmugarako 100 kilometro geratzen zirela, artean. Phonakeko mutilak tropelburuan jarri ziren, eta azkar, bi minututik behera jaitsi zuten aurreko hirukoaren aldea.

Etsita zeuden hirurak, atzekoen suak berotuta, baina tropeletik Victor Hugo Peña (Phonak) eta Antonio Olmo (Comunitat Valenciana) iritsi ziren, eta arnasa hartu zuen bostekoak. Kilometro batzuk egin zituzten ihesean, oraindik, errepideak beherantza egiten zuela baliatuta. 16 kilometrora harrapatu zituzten.Azken kilometroraino, Phonak taldearen erakustaldia. Tropel buruan jarri eta egurrean egin zituzten kilometroak, ihesaldiak saihesteko eta Murn eta Hunter babesteko. Esprintean, bakoitza bere aldetik. Bideratzailerik ez dagoenean ez dago beste erremediorik. Hunterrek ausart ekin zion, urrunetik, eta ondo eutsi helmugaraino, Corioni eta Edo mendean hartuz.Gaur bukatuko da Setmana, 16 kilometroko erlojupekoarekin. Contadorrek esku-eskura du itzuliko garaipena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.