Halere, faboritoez, euren intentzioez, eta euren sasoiaz hitz egiten da jada Venezian. Berez, sei dira multzo horretan sar daitezkeen txirrindulariak: Ivan Basso (Liquigas), Danilo Di Luca (LPR), Damiano Cunego (Lampre), Denis Mentxov (Rabobank), Carlos Sastre (Cervelo), eta Levi Leipheimer (Astana). Aurreneko hirurek badakite zer den Giroa irabaztea, eta etxean daudenez, motibazioz gaindi lehiatuko dira. Mentxov, berriz, txirrindulari fidagarria da itzuli handietan, Sastre iazko Tourreko garailea bezala. Leipheimer ere hor dago, eta talde indartsua izango du haren bueltan -Rubiera, Horner, Navarro, Popovitx...-, Lance Armstrong barne. AEBetarra ez dago lehiatzeko moduan, baina itzuli handi bat korrituko du, ia lau urteren ondoren.
Eta di-da batean muturrean agertu beharko dute faboritoek. Izan ere, laugarren etapa jada gainean bukatuko da -San Martino di Castrozzan-; baita bosgarrena ere: Alpe di Siusin (1.844 metro), Bolzanoren ekialdian, Dolomitetan. Etapak ez dira gogor-gogorrak, mendateak beldurgarriak eta luze-luzeak ere ez, baina aurreneko aldeak egingo dituzte faboritoen artean. Hurrengo bietan Austriako lurretan ibiliko da lasterketa. Bereziki ikusgarria da zazpigarrena. Innsbruck eta Chiavenna artean 244 kilometro egingo dituzte, eta aurreneko 200 kilometroetan 1.300 metroko desnibela gainditu beharko dute, Passo Malojarara (1.815 metro) iritsi arte. Helmuga arteko ia 50 kilometroak aldapa behera dira.
Bergamora ailegatuko da zortzigarren etapa, eta azkeneko kilometroak bihurriak dira oso. Milangoan, berriz, esprinterrek volatta jokatzeko aukera ezin hobea edukiko dute. 1990az geroztik aurreneko aldiz Giroa ez da Lombardiako hiriburuan amaituko.
Coppiren omenezkoa, aldatuta
Atseden egunaren, ondoren, tapponnea behar zuena jokatuko da Cuneo eta Pinerolo artean. 262 kilometro, eta hiru mendate tartean: Moncenisio, Sestrieres eta Pra Martino. Berez Vars, Izoard eta Montgenevre igo behar zituzten, 1949ko Giroan bezala. Orduan Fausto Coppi handiak lasterketa lehertu zuen mendate horietan eta hura omendu nahi zuten, baina Frantziarekin «komunikazioa ziurtatzeko» izandako arazoengatik, ibilbidea aldatu diote.
Arenzanora heldu ondoren, erlojupeko luzea jokatuko dute: 60 kilometro. Luzea eta gogorra, tartean bi mendate igoko dituztelako. Bai, mendateak. Aurrenekoak 15 kilometro dauzka, eta bigarrenak, zortzi; gainera, ez dira etzanak, tenteak ez izan arren. Alde handiak egingo ditu erlojupekoak. Eta Bolognan (San Lucan) amaituko den etapak ere emango du zeresana. Ikusgarria izateko osagaiak dauzka: lau mendate, ibilbide malkartsu samarra, eta bukaera %10eko batez besteko pendiza daukan bi kilometroko muino batean. Hiru mendate luze, ordea, bi egun geroago, Apeninoetara, Monte Petranora (1.106 metro) bidean. Eta bigarren atseden egunaren ondoren, Blockhauseko (2.000 metro) etapa labur eta gogorra, Abruzzoetan. Igoera luzea da: 20 kilometro eta %7ko batez besteko pendiza. Gogorragoa, ordea, Vesuvio sumendikoa, 19. etapan. Tenteagoa, itoagoa. Eta bukatzeko, erlojupekoa Erromako foroaren inguruan. Hurrengo 22 egunetan, lehiakortasuna, italiarren pasioa, beroa, eta herriak eta hiriak galako jantzita. Lehia eta festa bat eginik, alegia.
Zenbakia
9
Podiumean, hiru handietan. Carlos Sastrek podiuma zapaldu nahi du aurtengo Giroan. Hori lortzen baldin badu, hiru itzuli handietan podiuma zapaldu duen 10. txirrindularia bilakatuko litzateke espainiarra. Hauek dira bederatzi txirrindulariak: Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx, Jose Manuel Fuente, Bernard Hinault, Laurent Fignon, Miguel Indurain, Tony Rominger eta Alberto Contador.Euskal Herriko lau txirrindulari baino ez, Veneziako irteeran
Euskaltel-Euskadik Italiako Giroa korritzeari uko egin zion, eta, hortaz, aurtengo ekitaldian Euskal Herriko lau txirrindulari baino ez dira lehiatuko. Kopuru txikiena da hori 2004az geroztik, azkeneko lau urteetan Euskaltelek urtero parte hartu baitu.David Lopez barakaldarrak (Caisse d'Epargne) lasterketa polita egiteko eta aurrean ibiltzeko moduko dohainak ditu. Pedro Horrillo ermuarrak (Rabobank) Mentxoventzako lan egin beharko du, eta Iban Maioz donostiarra (Xacobeo Galizia) eta Iker Camaño santurtziarra (Fuji-Servetto), berriz, ihesaldiak harrapatzen ahaleginduko dira.
Faborito nagusiak
Danilo Di LucaLPR
Kale edo bale egin zalea da Killer-a, irabazlea. Iaz,Monte Porara bidean Alberto Contador desafiatu zuen, baina hurrengo egunean, Mortirolon, lehertu egin zen. Sasoiko dagoenean txirrindulari oso-osoa da.
Ivan Basso
Liquigas
Dopatu egiten zela onartu, eta bi urte eman zituen lehiatu gabe. Baina itzuli da, eta, oraingoz, lehen bezain ondo ibiliko dela dirudi. Trentinoko Giroa irabazi zuen orain bi aste, eta moralez gaindi dago.
Damiano Cunego
Lampre
Presioaren zamak berea eragin zion hurrengo urteetan 2004ko garaileari, baina, eskarmentua pilatuta, aurrean ibiltzeko moduan da. Udaberriko klasikoetan sasoiz ondo dagoela erakutsi du.
Denis Mentxov
Rabobank
Hotza da, baina nahiko fidagarria itzuli handietan, aldapa gora eta erlojupekoetan moldatzen delako. Tourrean nabarmendu da; Vuelta bitan irabazi; Giroan, bosgarren izan zen iaz, eta gozatu egin zuen.
Carlos Sastre
Cervelo Test Team
«Baldintza onetan heldu behar zen, eta lortu dudala uste dut». Tourreko azken garailearen hitzak dira. Txirrindulari erregularra da, eta ia-ia ez du hutsik egiten. Itzulian eta udaberriko klasikoetan findu du sasoia.