Tourra apal antzekoa izaten ari da orain arte. Astana taldearen kontrola eta indarra erabiltzen dute batzuek zalaparta falta hori azaltzeko, eta Tourraren ibilbide etzanari begiratzen diote besteek kritika txikia egiteko. Gehienetan bezala, tartean egongo da gakoa. Baina ibilbidearen aitzakia zeukatenek gozatu ederra hartuko dute gaur-biharretan Alpeetan. Jaisten ez dutena igo egin beharko dute. Amaitu dira atseden egunak eta txirrindulariek ia atseden egun bihurtutako etapa lotuak. Astanak lider sendoa dauka jada, eta kontrol lan ona egin dezake. Baina aurkariek ez daukate lo segitzerik. Amaitu dira aitzakiak. Petit Saint Bernard, Grand Saint Bernard, Cormet De Roselend, Saisies, Araches, Romme eta Colombiere. Alpeak nahi zituenak hor dauzka Alpeak.
Pirinioak epelak izan diren arren, benetan gogorrak izango baitira Alpeak. Hanka zuztarretako min ederra izango dute denek gaur Martigny herritik abiatu eta Grand Saint Bernard handia igotzen hasten direnean. Etapa hastearekin batera pikotuko da malda. 2.473 metro dauzka Saint Bernard mendateetan handienak. Suitzatik Italiara bidean, 24 kilometroko igoerari aurre egin beharko diote txirrindulariek -%6,2ko batez bestekoa dauka-. Orain 43 urte igaro zen Tourra azkenekoz bertatik. Altuerak berak gogortzen du mendatea. Azken zazpi kilometroak 2.000 metrotik gora egin beharko dituzte (%8,5eko batez bestekoa).
Arriskutsuena, jaitsiera
Eta jaitsiera luzearen ostean, atsedenerako tarterik gabe, Morgex herrian hasiko dira Petit Saint Bernard igotzen. Handia da 2.184 metroko mendateari txiki deitzea. %5,1eko batez bestekoa duen mendate etzana da, eta igoera bera baino arriskutsuagoa da, agian, Bourg Saint-Maurice herrirainoko jaitsiera.
Baina benetan arriskutsua biharko etapa izango da. 160 kilometro izango ditu gaurko etapak, eta biharkoa ez da askoz luzeagoa izango (169 kilometro). Tartean bi mendate ez, bost igo beharko dituzte, ordea. Cormet Roselend (18,1 kilometro eta %5,7ko batez bestekoa), Saisies (15,1 kilometro, %6), Araches (6,3 kilometro, %7), Romme (8,8 kilometro, %8,9) eta Colombiere (7,5 kilometro, %8,5). Batuketak eginda, 55 kilometro pasatxo pilatuko dituzte goraka, eta maila bereziko mendaterik ez dagoen arren -bigarren mailakoa da Araches, eta lehen mailakoak gainerakoak-, %10eko malda pikoak ere badauzkate azken biek, Rommek eta Colombierek. 15 kilometro daude Colombiereko gainetik Le Grand Bornandeko helmugara, eta, beraz, erabakigarria izango dira Colombiereko azken sei kilometroak. %9tik gorako batez besteko pendiza du azken zati horrek. Lasterketa apurtzeko egoki-egokia.
TXIRRINDULARITZA. Mendia nahi zutenentzat
Alpeetako bi etapa gogor-gogor jokatuko dira gaur eta bihar; sailkapena asko argitu dezaketen etapak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu