TXIRRINDULARITZA. Merckxek sufritu zuen behintzat

Apeninoetako Blockhaus mendatea igoko du gaur lasterketak bosgarren aldiz, igoerari, arazo teknikoak medio, azkeneko bost kilometroak kendu dizkioten arren.

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Txirrindulariak eta txirrindulari ohiak bildu, eta Italiako La Gazzetta dello Sport kirol egunkariak inkesta bat egin zuen 1994ko apirilean. Galdera bakarrari erantzun behar zioten: zeintzuk dira Giroan igo dituzun hiru mendate gogorrenak? Claudio Chiapuccik Gavia, Mortirolo eta Sestrieres hautatu zituen. Francesco Moserrek Stelvio, Gavia eta Tre Cime di Lavaredo. Miguel Indurainen erantzuna harrigarri samarra izan zen: Monte Bondone, Sestrieres eta Oropa. Harrigarria, Dolomitetako mendatetzarren aldean mendi txikiak zirelako horiek. Atarrabiarrak, baina, berea sufritu zuen hiruretan. Eddy Merckx handiak, berriz, zerrendan sartu beharreko bi-Stelvio eta Tre Cime di Lavaredo - eta Blockhaus hautatu zituen. Blockhaus, Apeninoen mendikatearen ekialdean, Abruzzoetan, hain zuzen. Mendatearen batez besteko pendiza ikusi eta ez da ba beldurgarriegia, baina belgikarrak gaizki pasatu zuen behin han. Gaur bosgarren aldiz igoko dute Giroan, baina arazo teknikoak medio, igoerari bost kilometro kendu dizkiote.

Hortaz, 2.064 metrora bukatu beharrean, 1.600 metro pasatxora kokatuko dute helmuga, Monte Rossa izeneko hotelaren parean. Izan ere, hasieran goraino heltzeko asmoa zuten antolatzaileek, baina garaiera batetik aurrera telebista seinalearekin izan ditzaketen balizko arazo teknikoak saihestearren, beherago bukatuko da saioa.

Etapak 83 kilometro baino ez ditu, eta, hortaz, distantzia horretan desnibel handia gainditu beharko dute txirrindulariek. Igoerak berak, baina, 17 kilometro dauzka. Aurreneko bi kilometroek %4ko batez besteko pendiza dute, eta hurrengo biek %8 pasatxokoa, %13ko maldaren bat barne. Hortik helmugara artekoak, ordea, apalxeagoak dira, pendizak nekez egiten baitu %7tik gora.

Bete beharreko distantzia laburra delako da berezia gaurko etapa. Eta hain zuzen Merckxek pot egin zuenekoa askoz ere motzagoa zen: 48 kilometro; kronoigoera bat, ia-ia. 1972an izan zen, laugarren etapako lehen sektorean. Jose Manuel Fuente Tarangu espainiarra nagusitu zen, lidergoa hartu zuen, eta Merckxi ia hiru minutu kendu zizkion. Miguel Mari Lasa oiartzuarra, berriz, bigarren tokian helmugaratu zen.

Egun horretan bertan beste saio bat jokatu zen arratsaldean -210 kilometrokoa!-, baina bizpahiru egun geroago kendu zion maglia arrosa Merckxek Fuenteri, Calabriako errepideetan Gosta Petterson suediarrarekin batera gauzatutako ihesaldi gogoangarrian. Urte hartan hirugarren aldiz irabazi zuen Giroa belgikarrak.

Blockhaus gaina, baina, bost urte lehenago ezagutu zuen, Giroak igo zuen aurreneko aldian. Zilioli italiarraren aurretik helmugaratu zen, eta bere aurreneko garaipena lortu zuen Corsa Rosa-n.Hurrengo urtean, azken-aurreko etapan, Bittosi nagusitu zen, Bodreroren garaipena baliorik gabe utzi zutelako. Eta azkeneko aldiz orain 25 urte igo zuten. Orduan ere 1.600 metrora kokatu zuten helmuga, eta artean gaztetxoa zen Moreno Argentin klasikozale handia izan zen onena, Francesco Moserren aurretik.

Jatorri germaniarreko izena

Apeninoen, Italiaren, bihotzean dago Blockhaus mendia, baina izenak jatorri germaniarra dauka. Izan ere, Blockhaus-ak azpiegitura militar batzuk dira, eta alemaniarrak han kokatu zituzten II. Mundu Gerran, aliatuen tropei traba handiagoa egiteko asmoz.



Sailkapenak

NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank)70.06.54

2. Danilo di Luca (LPR) 39ra

3. Carlos Sastre (Cervelo) 2.19ra

4. Franco Pellizotti (Liquigas) 3.08ra

5. Ivan Basso (Liquigas) 3.19ra

6. Levi Leipheimer (Astana) 3.21era

7. Michael Rogers (Columbia) 5.24ra

8. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 8.24ra

9. David Arroyo (Caisse) 8.39ra

10. Tadej Valjavec (Ag2r) 8.47ra

44. Iker Camaño (Fuji) 1.09.01era

96. David Lopez (Caisse) 2.27.52ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.