Ikusgarria izan da aurtengo Espainiako Vuelta lehen egunetik azken unera arte, eta merezi zuen amaiera eman zioten Nibalik eta Mosquerak atzo. Emozioa azken metroetaraino mantendu zuten sailkapeneko lehenak eta bigarrenak. Ez zegoen jakiterik nork irabazi behar zuen. Ez dago gehiago eskatzerik, oso polita izan baitzen maillot gorria erabaki zuen bien arteko lehia hori, lainopean eta porlanaren gainean. Mosquera eta Nibali arteko borroka emozio handikoa izan zen. Azkenean, italiarrak duen kasta hori baliatu zuen; ederki sufrituta, hori bai. Zuhur jokatzen jakin zuen. Mosquerari ezin segituko ziola ohartu, eta bere erritmoan joan zen, eta azkenean suspertu eta batera heldu ziren. Mosquerak merezi zuen horrelako garaipen handi bat ere. Vueltak merezi zuen, bai, horrelako amaiera, emozioz betea.
Norabidea aldatu eta berrikuntza ugarirekin aurkeztu zen aurtengo Vuelta. Txirrindulariontzat gogorra izan da, baina zaleentzat oso ikusgarria izan da, eta hori ona da. Gainera, oso mugitua izan da une oro. Aldaketa horiek guztiek eta txirrindulariok emandako ikuskizunak jendearen arreta piztu dute. Zaleek primeran erantzun dute. Aspaldi ez zebilen horrenbeste errepide bazterretan gu animatzen. Urte beltzak igaro ditu Vueltak, baina merezi duen maila berreskuratzen ari da, eta aurtengoak ere horretan lagunduko dio.
Aurtengoak egin du, eta agur esateko unea da. Baina, horretan hasi aurretik, hemen dudan txokoa baliatu nahi dut segitu nauen jendeari eskerrak emateko. Badakit ni gorago ikusi nahi izan nauzuela. Ez dut bete zuen nahi hori, baina ez da izan saiatu ez naizelako. Hurrengo batean beharko du. Vueltaren ostean, Munduko Txapelketa dago ate-joka, eta hor ariko naiz, betiko ilusioarekin. Tartean hiru egun ditut familiarekin egoteko. Ez dira asko, baina gogotsu nago. Hiru aste egin ditut haiek ikusi gabe, eta Munduko Txapelketa dela eta, beste bi egingo ditut etxetik kanpo. Eskerrik asko nire hitzak irakurri dituzuenoi, eta laster arte.
TXIRRINDULARITZA. Merezi zuen amaiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu