TXIRRINDULARITZA. Motorraren gainean

Fabian Cancellarak erakustaldi handia eman du 4,8 kilometroko erlojupekoan, eta hura da Vueltako lehen liderra

Igor Susaeta.
2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bizikleten herrialdea dira Herbehereak, baina han dago, Assenen, motoziklismoaren katedrala. Eta hantxe hasi zen, atzo, Espainiako Vuelta. Motoziklismoko Munduko Txapelketako sari nagusi guztiak igandeetan jokatzen dira, Assengoa ez ezik. Katedralaren estatusa nola edo hala nabarmendu behar, eta modu horretan egiten dute. Vueltak ez du tradizio hori hautsi, eta lehen etapa, 4,8 kilometroko erlojupekoa, larunbatez korritu zen. Gainera, garaileak zirkuitua, toki berezi hori, gurtu nahi izan zuen. Izan ere, bizikletaren gainean beharrean, Fabian Cancellara (Saxo Bank) motorraren gainean zihoala zirudien. Erakustaldi galanta eman zuen suitzarrak, faborito argiak, eta hark jantzi du urre koloreko maillota. Sailkapen nagusia irabazteko faboritoen artean, berriz, ez zen aparteko alderik egon.

Aldea, aldea, Cancellarak egin zuen, munduan den erlojupekoetako espezialistarik onenak. Izan ere, bost kilometroko distantzia ere ez duen erlojupeko batean bigarren sailkatuari bederatzi segundoko abantaila ateratzea izugarria da. Baina harritzekoa ere ez da suitzarrak 54 kilometro orduko batez besteko abiadura lortzea. Inork ez ditu haren hanka zuztarrak, haren iztarrak; inork ez du haren planta bizikleta gainean. Pentsa, hasiera batean eta bihurgune batzuetan kenduta, 60 kilometro orduko abiaduran ibili zen uneoro. Sekulakoa.

Tom Boonenek (Quick Step) ere saio bikaina egin zuen. Indarrean ibili zen hasi eta buka, eta, azkenean, bigarren. Beste esprinter bat, Tyler Farrar (Garmin) izan zen hirugarren 12 segundora. Daniele Bennatik (Liquigas) ere lan ona egin zuen, eta bosgarren sailkatu. Hiru txirrindulari horiek elkarren lehian ibiliko dira gaurko eta bihar etapetan. Euren tartean sartu zen eguneko ezustekoa eman zuen txirrindularia: Jens Mouris (Vacansoleil). Laugarren, 14 segundora.

Eta faboritoen artean Ivan Bassok (Liquigas) eta Alejandro Valverdek (Caisse d'Epargne) denbora bera egin zuten. Sei segundo atera zizkieten Samuel Sanchezi (Euskaltel-Euskadi) eta Robert Gesinki (Rabobank). Andy Schleck (Saxo Bank), aldiz, atzerago sartu zen: Bassorengandik 20 segundora.



Sailkapenak

ETAPA ETA NAGUSIA

1. Fabian Cancellara (Saxo Bank) 5.20

2. Tom Boonen (Quick Step) 9ra

3. Tyler Farrar (Garmin) 12ra

4. Jens Mouris (Vacansoleil) 14ra

5. Daniele Bennati (Liquigas) 16ra

6. Roman Kreuziger ( Liquigas) 17ra

7. Alexandr Vinokurov (Astana) 18ra

8. Ivan Basso (Liquigas) d.b.

9. Alejandro Valverde (Caisse) d.b.

10. Maciej Bodnar (Liquigas) 19ra

16. Imanol Erbiti (Caisse) 21era

17. David Herrero (Xacobeo) 22ra

23. Markel Irizar (Euskaltel) 23ra

29. Samuel Sanchez (Euskaltel) 24ra

52. Juanma Garate (Rabobank) 28ra

57. Haimar Zubeldia (Astana) d.b.

73. Beñat Intxausti (Fuji) d.b.

80. Aitor Hernandez (Euskaltel) 32ra

82. Arkaitz Duran (Fuji) d.b.

106. Txente Garcia (Caisse) 35era

113. Ruben Perez ( Euskaltel) 36ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.