TXIRRINDULARITZA. «Nolabaiteko azpijokoa izan dugu»

Eskura ikusi zuen Gorka Gerrikagoitiak Vueltako garaipena, baina Igor Anton erori ondoren, Mikel Nieveren hamargarren postuarekin biribildu nahiko luke lana.

unai zubeldia
Donostia
2010eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Xanpain eta ardo artean ospatu zuen Euskaltel-Euskadik Mikel Nieveren herenegungo garaipena. Hala onartu du Gorka Gerrikagoitiak, taldeko zuzendariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1973). Taldearen lanarekin harro dago, Igor Antonen erorketarekin penatuta, eta aurkari askoren jarrerarekin kritiko.

Gutxitan izango zenuten hain atseden egun lasairik, ezta?

Vueltaren balantzea oso ona da. Oso ondo ekin genion itzuliari, laugarren etapan lortu genuelako lehen garaipena. Horrek asko erraztu zizkigun gauzak. Beste modu batera lehiatzeko aukera eman zigun garaipenak. Lehenengo etapetan, bihotzarekin lehiatu ginen, eta hortik aurrera, buruarekin. Xorret de Catiko etapa, adibidez, oso ona zen guretzat, baina oso lan gutxi egin genuen. Madrilen geneukan burua.

Igor Antonek, hala ere, etengabe esaten zuen bera ez zela faboritoa, egunean egunekoa egin nahi zuela.

Gure mezua hori izan zen, bera pixka bat lasai zedin. Baina gu urrutira begira egon gara beti; Madrilera begira.

Anton benetan Vuelta irabazteko gai ikusten zenuten orduan.

Bai. Gai zela uste dut. Andorrako etapan argi geratu zen bera zela indartsuena, eta han hasi ginen irabazteko gai ginela sinesten.

Aurkariek Anton ez dutela behar bezainbeste errespetatu esan duzu egunotan. Errepidean bertan nabaritzen zen hori?

Bai. Lasterketa barruan istilu asko izan ditugu talde batzuekin. Heldulekua sartu, ukondoak sartu... Joko zikina egin dute batzuek. Baina Igor jatorra da, istiluak ez zaizkio gustatzen, eta, horregatik, gu ere lasai egon gara.

Mendateetara bidean izaten den tentsioan nabari ziren mugimendu arraro horiek?

Bai, bai. Liderrak bere kokapena behar du tropel barruan, eta zailtasunik gabe joan beharko luke. Baina guk liderrarenganako errespetu falta apur bat sentitu dugu. Idatzi gabeko arauak daude txirrindularitzan, eta liderraren kokapena errespetatzea da horietako bat. Gurekin ez dute eduki errespetu hori. Ez dakit zergatik, baina hala izan da, hasiera-hasieratik.

Horrekin lotu daiteke Antonen erorketa?

Nik garbi neukan ez zela erraza izango Antonek itzulia irabaztea. Haren huts baten bila joan dira, eta joko fisikoa baino gehiago psikologikoa izan da. Presioa sartu, urduritzen saiatu... nolabaiteko azpijokoa izan dugu.

Bost etapa geratzen zaizkio oraindik Vueltari. Erlojupeko bat, bi esprint, Toledoko amaiera eta Bola del Mundoko etapa. Zer emaitzarekin biribilduko luke taldeak Vuelta?

Guretzat, eta bereziki berarentzat, oso polita litzateke Mikel Nieve lehen hamarren artean sartzea. Eta Koldorekin [Fernandez de Larrea] beste bi aukera dauzkagu: Salamancakoa eta Madrilgoa.

11. postuan dago Nieve, eta Sastre, David Garcia, Luis Leon Sanchez, Moncoutie eta Karpets dauzka inguruan. Beldurrik bai erlojupekorako?

Mikelek bete-betean egin beharra dauka erlojupekoa, baina inolako presiorik gabe. Goza dezala.

Nieveren erlojupeko luzeetako erreferentziarik ba al daukazue?

Normalean, lan kaskarra egiten du, baina Ruben Plaza irtengo da atzetik, eta horrek lagundu egingo dio. Normalean baino denbora gutxiago galduko du.

Eta nola ikusten duzu maillot gorrirako lehia?

Niretzat, Nibali da faborito argia. Bihar [gaur] Puritori [Joaquim Rodriguez] denbora dezente aterako dio, eta larunbaterako bermea izango da alde hori.

Podiumeko hiru kosken izenak eskatuz gero?

Nibali, Purito eta Mosquera. Hori bai, ikusi egin beharko da Frank Schleck zertarako gai den.

Vueltako bederatzikoa banan-banan aztertzen hasita, bizpahiru hitzetan nola deskribatuko zenuke Igor Anton?

Bikaina.

Egoi Martinez?

Ezkutari leiala.

Juanjo Oroz?

Langile bikaina.

Gorka Verdugo?

Ez du gauza askorik eskaini. Zorte txarra izan du.

Mikel Nieve?

Berak eman du Vueltako ezustea.

Amets Txurruka?

Duintasuna, sakrifizioa, laguntasuna...

Koldo Fernandez de Larrea?

Irabazteko zorian geratu den txirrindularia.

Pablo Urtasun?

Ikusten ez den lana egin duena; taldekide ona.

Eta Beñat Intxausti?

Orain arte, harribitxia; hemendik aurrera, ez dakit. Espero baino askoz gutxiago eman digun txirrindularia.

Zer gertatu da Intxaustirekin?

Lan ona egiteko gogoz etorri zen Vueltara. Lehen hamarren artean sartu nahi zuen, Igorri lagunduz baina itxura ona emanez. Baina hasieratik ikusi zen ez zela hala izango. Egunetik egunera geroz eta okerrago ibili da. Alcoiko etapan, bederatzigarren etapan, oso gaizki pasatu zuen, eta ez zuen jarraitu nahi. Hortik aurrera asko kostatu zaio.

Arazorik egon da bi aldeen artean?

Ez, ez, ez. Jendeak gauza asko esaten ditu, baina uste dut fitxaketa kontuek eragin diotela. Zeukana eman du eta kito. Larri zebilen, eta Fuyi [Igor Anton] erori zenean, amore eman zuen. Erretiratu zen egunean ere esan genion itzulia amaitu egin behar zuela. Baina ilusio guztia galdu zuen.

Hamasei garaipen lortu dituzue dagoeneko 2010ean. Samuel Sanchez, Igor Anton... horien garaipenak espero zitezkeen. Baina zein txirrindulariren bilakaerarekin zaudete pixka bat harrituta?

Gorka Izagirrerekin batez ere. Nik ez dut ondo ezagutzen, baina daukan adinarekin Luxenburgon eta Ordizian etapa bana irabaztea... Eta, noski, Mikel Nieve Vueltan egiten ari dena ere handia da, oso handia. Igor Antonekin irabaztea ez da hain zaila, izugarrizko ezaugarri fisikoak dauzkalako. Baina Nievek atzoko [herenegungo] etaparen modukoak irabaztea izugarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.