Kontratua amaitu bitartean han iraun zuen, baina, bi urte geroago, Lamonta talde apalera joatea erabaki zuen. Pauso bat atzera eman nahi zuen, ondoren bi aurrera emateko. Neoprofesionalen artean, hiru lasterketa irabazi zituen 2004an, beste sei 2005ean, Shimano taldean... 2002an egun batetik bestera itxi zioten atea erabat ireki zioten 2006an. Etxean, berriz ere. Alemanian. Gerolsteinerrek deitu, eta baietz, joango zela Davide Rebellin handiaren ondora. Ordutik gora eta gora ibili da Schumacher. Atzo arte. Aurretik ere Italiako Giroko bi etapa irabazita zegoen, liderraren maillota ere jantzi zuen Giroan, Amstel Gold Race ere irabazi zuen iaz... Baina Ullrich bera hain dotorea zen espezialitatean atzo adinako erakustaldirik eman gabe zegoen. Godefrootek berak ere ikusiko zuen, ziurrenik, atzoko erlojupekoa, eta bera ere hasiko zen orain sei urteko adierazpen haiei bueltaka. Tarteko erreferentzia guztietako denborarik onena, etapa garaipena eta liderraren maillota. Schumacherrek lan zoragarria egin zuen atzo Tourreko laugarren etapan, eta, hasi eta bukatu, nagusitasun handiz irabazi zuen erlojupekoa. 18 segundo atera zizkien Kim Kirchen (Columbia) eta David Millarri (Garmin Chipotle), 27 segundo Cadel Evansi (Silence Lotto), 33 Fabian Cancellara (CSC) atzoko etapa irabazteko faboritoari, 34 Denis Mentxovi (Rabobank), 1.34 Alejandro Valverderi (Caisse d'Epargne)...
Evansen urrats garrantzitsua
Schumacher lider berriaren lanari meriturik kendu gabe, Cadel Evans australiarrak berak ere kolpe ederra eman zuen atzoko erlojupekoan. Schumacherrek etapa amaieran adierazi zuen «helburua beteta» daukala, «etapa bat irabaztea» besterik ez zeukala buruan. Eta egunak pasatu ahala maillot horiari eusteko gai izango den edo ez argitu bitartean, Evans ageri da sendoen. Kirchen ere ezin da ahaztu. Denboraldi ona egiten ari da luxenburgotarra, eta bete-betean iritsi da Tourrera. Baina Alpeetako azken astean huts egin dezakeela ematen du.
Evansek, berriz, behetik gorako saioa egin zuen atzoko erlojupekoan, eta sailkapen nagusian ere antzera ari da. Laugarren dago jada, Schumacherrengandik 21 segundora. Baina atzetik dauzka, besteak beste, Denis Mentxov (51 segundora), Damiano Cunego (1.05era), Alejandro Valverde (1.06ra), Andy Schleck (1.08ra), Samuel Sanchez (1.10era), Mikel Astarloza (1.21era), Carlos Sastre (1.22ra), Frank Schleck (1.47ra), eta Haimar Zubeldia (3.01era). Zubeldiak berak egin zuen lanik kaskarrena atzo. 100. denborarik onena lortu zuen, Schumacherrengandik 3.22ra, eta galera handiegia da hori. Andy eta Frank Schleck anaiak ere ez ziren fin ibili. Bihar eta etzi Erdialdeko Mendigunean ibiliko da tropela -Super Besse bigarren mailako mendatean amaituko da bihar etapa-. Liderra estutzen hasteko toki apropos-aproposa.
Irabazlea
Stefan SchumacherGerolsteiner
Jaioteguna. 1981-07-21.
Jaioterria. Ruit (Alemania).
Debuta. 2002an, T-Mobile taldean. Lamonta taldeak fitxatu zuen 2004an, Shimanok 2005ean, eta Gerolsteinerrek 2006an. Bigarren denboraldia du bertan.
Lorpen garrantzitsuenak. 2006an La Sartheko Zirkuituko sailkapen nagusia, Italiako Giroko bi etapa, Poloniako Itzuliko bi etapa eta sailkapen nagusia; 2007an Tirreno-Adriatikoko etapa bat, Amstel Gold Race, eta Munduko Txapelketako errepideko probako brontzezko domina.
Izen propioa
Denis MentxovRabobank
Lasaitu ederra hartuko zuen atzo errusiarrak. Herenegun huts larri samarra egin zuen Naonedera (Nantes) bidean, Quick Stepek sortutako haize-babes batean atzean geratu baitzen. Atzo, ordea, faborito gehienak baino dezente lehenago irten arren, eta erreferentzia bakar bat ere ez zeukan arren, seigarren denborarik onena lortu zuen helmugan, Schumacherrengandik 34 segundora. 11. postuan dago orain sailkapen nagusian, liderrarengandik 1.12 minutura. Faborito gehienei aurre hartu die dagoeneko.
Erreakzioak
Stefan SchumacherGerolsteinerreko txirrindularia
«Etapa bat irabaztera eta, ahal izanez gero, maillot horia janztera etorri nintzen Tourrera, eta dagoeneko lortu dut helburua. Hemendik aurrera lortzen dudan guztia sari gehigarria izango da niretzat».
Alejandro Valverde
Caisse d'Epargneko txirrindularia
«Ondo sentitu naiz, espero nuen emaitza lortu dut. Tourra hasi besterik ez da egin, eta dena airean dago. Une oro erritmo berean joan naiz, eta emaitza ona lortu dut. Pixka baterako Valverde geratzen da».
Haimar Zubeldia
Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Irten naizenetik ez naiz gustura sentitu. Hala ere, badakit gora egingo dudala, modu berezian prestatu baititut mendiko etapak. Psikologikoki prestatuta nago. Badakit azken erlojupekoa hobeto egingo dudala».