TXIRRINDULARITZA. Ordekak ere badu aldapa

Etaparik ustez errazenean erori egin da Moreau eta 3.20 minutu galdu ditu; esprinta Hunterrentzat

enekoitz telleria sarriegi
2007ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Tourra da hau. Nahikoa da inork espero ez duen eroriko bat, haize apur bat, eta garondoan ere begiak dituzten txirrindulari taldetxo bat, etaparik ustez lasaiena zalapartaz nahasteko. Galdetu bestela Christophe Moreauri, sailkapen nagusiko seigarren sailkatuari, Frantziako zaleen kutunari. Eguneko ihesaldia sortua zela eta lasai ederrean zihoan hura tropelaren atzealdean, balantza egin eta lurrera jausi zen arte, 100. kilometroan. Ag2r talde guztiak egin zuen atzera liderraren bila, eta berriz ere tropelera ekartzea lortu. Unerik zailenean, inondik ere, haize bolada bortitza baliatu eta tropela txikitzea otu baitzitzaion une horretan bertan Astanari.

Eta hasi ziren Astanakoak su batean. Zatitu zen lasterketa hiru pusketatan. Harrapatu zituzten aurretik ihes eginda zihoazen bostak, eta gelditu ziren guztiak bitan banatuta. Moreauren larritasunarekin eta Astanaren bizitasunarekin akordatu ziren gehiago ere, eta hasi ziren auzolanean Caisse d'Epargne eta Lotto ez beste denak. Gora egin zuen aldeak. Ez da askotan gertatzen, baina atzo gertatu zen. Alegia, Tourra irabazteko hautagai guztiak aurreko talde horretan joatea. Etapa menditsuenetan ere zaila da gaur egun minututik gorako aldeak ateratzea, eta talde bakoitzeko hautagaia batere behartu gabe, gainontzeko taldekideen jardunaz eta beste taldeetakoen elkarlanaz hautagai bat atzeratzea pagotxa da atzokoa bezalako etapa lau batean. Horixe izan zen Moreauren atzoko gaitza. Ordekan topatu zuela aldapa, eta bere taldekideak baino ez zituela izan aldapa leuntzeko.

Eta etaparen aldrebesa aldrebesteko, amaiera. Esprinter petoenak atzeko taldean zetozen, Boonenen taldekideak lanean barren hustu ziren aurrean, eta erorikoa izan zen azken aurreko bihurgunean. Emaitza: Hunter hegoafrikarrak hartu ziela aurre beste guztiei. Frantziako Tourrean gailentzen den aurreneko hegoafrikarra.



IraBazLea

Robert Hunter

Jaioteguna: 1977-04-02.

Jaioterria: Johanesburgo (Hegoafrika).

Debuta: 1999an Phonak taldearekin. Geroztik Rabobank, Mapei, Lampre eta Barloworlden aritu da.

Lorpen zerrenda: Qatarko Itzulia irabazitakoa da (2006). Hogei etapa garaipen ditu profesionaletan (Espainiako Vueltan, Suitzako Itzulian, Qatarko Itzulian, Langkawiko Itzulian, Mediterraneoko Itzulian, Kataluniako Setmanan, Poloniako Itzulian...).

Ezaugarriak: Abiadura da haren dohaina. Eta atzokoa bezalako talde txikietan kontrario gutxi izaten du.





Izen ProPIoa

Crhistophe Moreau

Alpeetako haren jardun txukuna ikusita, Tourra irabazteko agian ez, baina podiumean sartzeko hautagaien artean zuten askok -frantziarrek bai behintzat-. Nekez ahaztuko zaio atzoko etapa. Sailkapen nagusiko seigarren postutik 14.era egin du jauzi, eta koska handi samarra dirudi 6.38 minutukoak Pirinioetan faborito nagusiei jateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.