TXIRRINDULARITZA. Patrick Sinkewitzentzat Alemanikako Itzuliko hirugarren etapa eta lidergoa

Erredakzioa
2004ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Quick Step taldeko Patrick Sinkewitzek irabazi zuen atzo Alemaniako Itzuliko hirugarren etapa, eta bera jarri da probako lider. Wangem im Allgau eta Sankt Anton am Alberg herrien artean korritu zen atzoko etapa, eta Sinkewitz izan zen 170 kilometroak osatzen lehena, Illes Balears taldeko Francisco Manceboren aurretik ihes eginda iritsi ziren biak. Bi iheslarien atzetik sartu zen tropel nagusia, 25 segundora, eta Rabobank etxeko Peter Weening izan zen azkarrena atzetik iritsi zirenen artean. Liberty etxeko Igor Gonzalez Galdeano euskal txirrindularia, talde nagusi horrekin batera sartu zen. Jan Ullric alemaniarra, aldiz, ez zen onenekin batera sartu. Helmuga baino lehen igotako azken mendatean gelditu zen atzera, eta ez zuen indartsuenen erritmoari eusterik izan. Beste behin, kezka eragin du alemaniarraren sasoiak aurtengo Tourrari begira.

Ullrich: «Saiatu naiz, baina indarra falta nuen»

«Aurrean egoten saiatu naiz, baina indar pixka bat falta izandu zait. Dena dela, gero eta hobeto ari naiz eta gustura nago. Taldeak, gainera, Kloden ere izango du», nabarmendu zuen Ullrichek berak.Sailkapen nagusian hirugarren postuan dago Ullrich, atzoko irabazlearengandik 18 segundora. Jan Hruska du aurretik (11 segundora dago hura) eta Igor Gonzalez Galdeano du ondoren (18 segundora hura ere).

Gogorra izan zen atzoko mendiko etapa. Lehen kilometroetatik hasi ziren txirrindulariak erasora, baina ibilbideko bigarren mendatean hasi zen lasterketa apurtzen hiru zituen atzokoak. Enrico Poitschkerena izan zen ihesaldi luzeena, baina azken mendatean harrapatu eta gainditu zuten Sinkewitzek eta Mancebok. Galdeano, Kloden eta Weeningen taldea saiatu zen aurretik zihoazen biak harrapatzen, baina ez zuten lortu, eta alemaniarra izan zen azkarrena esprintean. Gaur jokatuko da laugarren etapa, 190 kilometrokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.