Bola del Mundo mendatea maillot gorria nork jantzi erabakitzeko epaile gogorra izan zen. 2.247 metroko gainaren azken hiru kilometroak ez dira txantxetan hartzekoak: %20ko pendizako zenbait tarte eta zementuzko zorua. Txirrindulariek lainopean jendearen zalaparta izan zuten lagun bakarra. Gailurrerako bost kilometro gelditzen zirenean jo zuen erasoa Mosquerak, Navacerradan. Nibalik eutsi egin zion lehen momentuan, baina porlan gainean atzean gelditzen hasi zen. Galiziarrak tartetxoa ireki zuen, baina italiarra indarberritu egin zen pixkana. Hamasei segundoren tartea zuen alde Mosquerak azken kilometroan, baina segundo batera helmugaratu zen italiarra azkenean.
«Nuen guztia eman dut», horrela laburtu zuen bere jarduna Mosquerak helmugan: «Vuelta irabazteko jo dut erasoa, ez etapa irabazteko. Ez nuen deus galtzekorik. Irabaztearekin egiten nuen amets. Niretzat ohore handia da Nibali txapeldun handiaren atzetik bigarren izatea. Etapa irabaztea sari handia da. Nuen guztia eman dut, nire indarren mugan; ezin nuen gehiago».
Nibali, berriz, pozarren azaldu zen: «Garaipen garrantzitsua da. Vuelta handia izan da. Txikitatik nuen ametsa bete dut. Oraindik ezin dut sinetsi, baina txirrindulari handien artean nire izena azalduko da». Izan ere, atzoko etaparen ostean gaur azkena jokatuko da, eta Nibalik jantziko du maillot gorria Madrilen. «Zalantzarik gabe, ohore handia da maillot gorria Italiara eramatea. Garrantzi handikoa da, Espainiako txirrindulariak sendo aritu baitira. Zaila izan da haiei irabaztea», gaineratu zuen.
Biengandik aldenduta helmugaratu zen Joaquim Rodriguez kataluniarra (Katuxa), hirugarren. Etapa garailearengandik 23 segundora heldu baitzen. Txirrindulariak etenda amaitu zuten etapa. Frank Schleck (Saxo Bank) laugarren sailkatu zen, 35 segundora, eta Xavier Tondo (Cervelo) bosgarren postuan iritsi zen, 39 segundora.
Gaurko podiumerako postuak zehaztuta gelditu ziren atzo: Nibali egongo da goren, eta Mosquera bigarren; hirugarren koskan Peter Velits (Columbia) izango da. Asteazkeneko erlojupekoan ezustekoa eman zuen 25 urteko eslovakiarrak. Gaurko etapari dagokionez, ezustekorik ezean, Mark Cavendishek (Columbia) laugarren garaipena lortuko du.
Sailkapenak
20. ETAPA1. Ezequiel Mosquera (Xacob.) 4.45.28
2. Vincenzo Nibali (Liquigas) 1era
3. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 23ra
4. Frank Schleck (Saxo Bank) 35era
5. Xavier Tondo (Cervelo) 39ra
6. Nicolas Roche (Ag2r) 42ra
7. Mikel Nieve (Euskaltel) 50era
8. Peter Velits (Columbia) 52ra
9. C. Le Mevel (Française) 55era
10. R. Di Gregorio (Française) 1.00era
21. Pablo Urtasun (Euskaltel) 2.11ra
23. Amets Txurruka (Eusk.) d.b.
NAGUSIA
1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 85.16.05
2. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 41era
3. Peter Velits (Columbia) 3.02ra
4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 4.20ra
5. Frank Schleck (Saxo Bank) 4.43ra
6. Xavier Tondo (Cervelo) 4.52ra
7. Nicolas Roche (Ag2r) 5.03era
8. Carlos Sastre (Cervelo) 6.06ra
9. Thomas Danielson (Garmin) 6.09ra
10. Luis Leon Sanchez (Caisse) 7.33ra
12. Mikel Nieve (Euskaltel) 10.42ra
31. Amets Txurruka (Eusk.) 47.10era