TXIRRINDULARITZA. Saltoka, saltoka...

Mark Cavendishek irabazi du Vueltako hamahirugarren etapa, bigarren egunez jarraian, aurkari guztiak aise atzean utzita

unai zubeldia
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Mark Cavendish (Columbia) gustura dabil. Oso gustura. Hain gustura, bizikleta gainean saltoka iritsi zen atzo Burgosko helmugara. Onean eta txarrean, abila da beste inork egiten ez duena egiten, eta atzo ere harrituta utzi zituen denak. Batzuek txalotu egingo dute Man uharteko esprinter bikainaren trebezia; beste batzuek kritikatu egingo dute bere jarrera harroxkoa. Baina gauza bat dago argi: taldeak behar bezala laguntzen dionean, tropelean ez dago Cavendishen parean jartzeko gai den esprinterrik.

Herenegun azken bihurguneak utzi zuen esprinta bideratuta. Eta atzo esprinta jotzearekin batera geratu zen Columbiakoa aurrean bakar-bakarrik. Thor Hushovd (Cervelo) saiatu ere ez zen egin Cavendishen gurpila harrapatzen. Columbiak irabazi zuen Vueltako lehen etapa, taldekako erlojupekoa, eta Cavendishek eskuratu ditu azken bi esprintak. Hiru garaipen gehiago zakura. Denboraldi honetan 55 denera-Cavendishek hamahiru-. Tourrean bost etapa irabazi zituen esprinterrak, baina maillot berdea ez jantzi izanaren minarekin geratu zen. Vueltan, berriz, hiru etapa irabazi ditu jada -taldekakoa kontuan hartuta-, eta oraingoz maillot berdea jantzita dauka. Triste antzean hasi ditu denboraldiko bi itzuli handiak, baina esprint azkar eta argietan onena bera dela berresten ari da.

Gainerakoan, ohiko jarduna izan zuen atzoko etapak. Txirrindulariak oso bizi abiatu ziren Rincon de Sototik, eta 30. kilometrora arte ez zen sortu eguneko ihesaldia. Allan Davis (Astana), Niki Tersptra (Milram), Olivier Kaisen (Omega), Manuele Mori (Lampre) eta Giampaolo Cheula (Footon) sartu ziren bertan. Berehala lortu zuten zortzi minuturen aldea, baina lanerako zeuden atzean Garmin, Columbia eta Quick Step. Helmugarako sei kilometro falta zirela harrapatu zituzten.

%9,1eko batez besteko malda

Kontuz gaurko etapa amaierarekin. Perfilari begiratu, eta zail-zaila ere ez dela pentsa liteke. Baina kontuz. Burgosen hasi eta Peña Cabargan amaituko da gaurko etapa, eta azken igoeraren aurretik hirugarren mailako mendate bat eta bigarren mailako bi igo beharko dituzte txirrindulariek. Lehen kilometro horiek talde estrategietarako dira aproposak, ihesaldi arriskutsua sor daitekeelako Peña Cabargara bidean.

Eta azken igoera horrek min handia egingo du. Motza da, sei kilometro eskasekoa, baina batez bestekoa %9,1ekoa da -bigarrenez igoko dute mendate hori Vueltan; 1979an Angel Lopez del Alamo espainiarrak irabazi zuen etapa-. Heras herritik gora, lehen kilometroak %10,4ko batez bestekoa dauka, eta %12ko zati bat ere badago hasiera horretan. %10eko batez besteko itoa daukate lehen hiru kilometroek, baina 500 metroko arnasaren ondoren gogortzen da benetan Peña Cabarga. %13, %14, %16 eta %18ko batez besteko paretak ere badaude azken bi kilometroetan. Motz-motza da igoera, baina faboritoetako asko itota gera daitezke pareta beldurgarri horietan.



Sailkapenak

HAMAHIRUGARREN ETAPA

1. Mark Cavendish (Columbia) 4.50.18

2. Thor Hushovd (Cervelo) d.b.

3. Daniele Bennati (Liquigas) d.b.

4. Jahueni Hutarovitx (Francaise) d.b.

5. Manuel Cardoso (Footon) d.b.

6. Tyler Farrar (Garmin) d.b.

7. Denis Galimzianov (Katuxa) d.b.

8. K. Fdez de Larrea (Euskaltel) d.b.

39. Egoi Martinez (Euskaltel) d.b.

49. Igor Anton (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Igor Anton (Euskaltel) 56.28.03

2. Vincenzo Nibali (Liquigas) 45era

3. Xavier Tondo (Cervelo) 1.04ra

4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 1.17ra

5. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.29ra

6.Marzio Bruseghin (Caisse) 1.57ra

7. Ruben Plaza (Caisse) 2.07ra

8. Rigoberto Uran (Caisse) 2.13ra

18. Mikel Nieve (Euskaltel) 4.50era

37. Egoi Martinez (Euskaltel) 16.04ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.