TXIRRINDULARITZA. Sinesten zutenentzat

Igor Antonek irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa, azken kilometro pikoan erasoa jo, eta aurkariak atzean utzita

unai zubeldia
2010eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hunkigarria da Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) etapa garaipen bat ospatzen ikustea. Garaipen asko ere ez dauzka profesionaletan -atzokoarekin bederatzi-, baina debutatu berriaren ilusio aurpegi berbera jartzen du beti. Aldapa gora beti. Arnasestuka beti. Desagertu da txirrindulari umil, umilegi hura; aurkariak beti indartsuago ikusten zituen txirrindulari hura. Orain urte batzuetako Igor Antonek ez zuen atzo Valdepeñas de Jaengo kilometro bateko paretan egin zuen erritmo aldaketarik egingo. Uzkurtu egingo zen, lotsatu. Baina Anton hazi egin da, eta hazita dabil, gainera, Vueltaren hasieran. Erakustaldia emanda irabazi zuen atzo laugarren etapa -Euskaltel-Euskadiren sasoiko 14.a-, eta bigarren jarri da jada sailkapenean, Philippe Gilbertengandik (Omega) hamar segundora.

Antonen atzoko ospakizunetan garaipen keinua baino zerbait gehiago zegoen. Onean erraza izaten da kirolari batengana gerturatu eta zorionak ematea, aspaldiko lagun gisa jokatzea eta irabazleari onena dela esatea. Baina txarrean neurtzen da gehienetan pertsona, eta Antonek dezente daki horretaz. Txarretik onetik adina eduki duelako. Erabat etsita ere egon da tarteka, baina ez diote utzi hondoratzen, gorputz fin horretan gaia dagoelako. Horientzat da atzoko garaipena, beregan sinesten zuten guztientzat.

2004an debuta egin, eta urtebeteren buruan hasi zen galdakoztarra tropelean kolpe politak ematen. 2005ean eman zituen lehenengoak, Romandiako Tourrean eta Italiako Giroan. Bi pintzelada izan ziren. Baina hurrengo urtean igo zuten denek izarren parera, Calar Alton Vueltako etapa nagusia irabazi zuenean. 23 urte besterik ez zeukan orduan, eta etorkizuna zain zeukan.

Baina 2008an min hartu zuen. Gorputzean eta buruan. Vueltan, Anglirura bidean, errepide bazterrera joan ziren onean ondoan izan zituen babesle guztiak. Bat-batean, belztu egin zitzaion etorkizuna. Uste baino kolpe handiagoa hartu zuen Anglirura bidean, eta inguruko asko bezala, burua ere huts egiten hasi zitzaion. Izarra ikusi nahi zuten zaleek gorputz ihar hartan, baina hautsa besterik ez zen agertzen. Nahi eta ezina zen hura.

Kolpe hura barneratu ezinik, ilunetik joan ziren iazko Tourra eta Vuelta. Baina une horietan gerturatu ziren bizkaitarrarengana Miguel Madariaga eta Igor Gonzalez de Galdeano, Euskaltel-Euskadiko bi buruak. Lasaitu, babesa eman, eta 2006an izar bihurtu zuten txirrindulari hura, 2008an handienen pare ibili ondoren hondoratu zena, berrindartu egin dute berriz ere. «Eurei eskaini nahi diet garaipena, bi urte txarren ondoren nire alde apustu egiteagatik. Eurei eta zaleei».

Katuxaren prestaketa lana

Atzo Valdepeñas de Jaenen zegoen kilometro bateko paretan erakutsi zuen sua ez dagoela edonoren esku. Gaia dauka Antonek. Etapa bat irabaztera joan da Vueltara, eta hasterako lortu du balentria. Bigarren dago orain sailkapen nagusian, eta orain arteko segundo festa baino garrantzitsuagoa da erakusten ari den sendotasuna. Gerora lehertu egingo da agian; podiumean egotearen presioak jan egingo du akaso. Baina bueltan da orain bi urteko Anton.

Berak esana da ondo egonez gero ez daukala inoren beldurrik eduki beharrik. Eta atzo argi utzi zuen berandu baino lehen aurkariek hasi beharko dutela berekin beldurtzen. Joaquim Rodriguez (Katuxa) zen atzoko etapa irabazteko faborito bakarra. Beretzat egokitutakoa zen etapa amaiera, eta Katuxa taldeak ere hala ulertu zuen. Helmugara iristeko zortzi kilometro falta zirela, bigarren mailako mendatean erritmo bizi-bizia jarri zuten, eguneko ihesaldia bertan behera utzi -Jose Luis Carrasco (Andalucia), Dario Cataldo (Quick Step), Guillaume Bonnafond (Ag2r) eta Dominik Roels (Milram) sartu ziren ihesaldian-, eta, ahal izanez gero, Gilbert liderra atzean uzteko.

Lehenengoa lortu zuten, baina bigarrena ez. Gilbertek ondo eutsi zion erritmoari, eta Katuxari zaildu egin zitzaion egoera, Caisse d'Epargneko bost txirrindulari zeudelako hogei laguneko tropeltxoan. Luis Leon Sanchez eta Rigoberto Uran saiatu ziren ezustea ematen, baina Mikel Nievek (Euskaltel-Euskadi) hasitako lan ona biribildu zuen gero Antonek. Garaipena bezain garrantzitsua izan zen, gainera, faborito batzuen segundo galera. Hemeretzi segundo galdu zituzten Denis Mentxovek (Rabobank) eta Frank Schleckek (Saxo Bank), eta 1.34 minutu Carlos Sastrek (Cervelo).

«Oso gogorra izan da, baina oraingoan burua hotz eduki dut; esperientziak lagundu egin dit». Fleche Wallone klasikoa zeukan buruan bizkaitarrak. Aurten eskura eduki du klasiko horretako garaipena, baina erasoa goizegi jo eta laugarren amaitu zuen azkenean. Hutsetatik ere ikasi egin behar da. «Etapa amaiera hau ikustera etorri ginen, gainera, Vuelta hasi aurretik, eta horrek ere lagundu dit».



Sailkapena

LAUGARREN ETAPA

1. Igor Anton (Euskaltel) 5.00.29

2. Vincenzo Nibali (Liquigas) 1era

3. Peter Velits (Columbia) d.b.

4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.

5. Philippe Gilbert (Omega) 5era

6. Tejay Van Garderen (Columbia) 8ra

7. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 12ra

8. Nicholas Roche (Ag2r) d.b.

9. Ruben Plaza (Caisse) d.b.

10. Rigoberto Uran (Caisse) 19ra

18. Mikel Nieve (Euskaltel) 36ra

36. Gorka Verdugo (Caisse) 1.52ra

NAGUSIA

1. Philippe Gilbert (Omega) 13.56.30

2. Igor Anton (Euskaltel) 10era

3. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.

4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 12ra

5. Peter Velits (Columbia) 16ra

6. Tejay Van Garderen (Columbia) 29ra

7. Xavier Tondo (Cervelo) 49ra

8. Frank Schleck (Saxo Bank) 50era

9. Ruben Plaza (Caisse) 54ra

10. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 55era

21. Mikel Nieve (Euskaltel) 2.14ra

35. David Lopez (Caisse) 3.18ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.