Olentzerok Gabonetan haurrei opariak banatzen dizkienean, haurrei Olentzero ez dela existitzen kontatzen dien helduaren antzekoa da Lance Armstrong. Ilusio haustailea, ikusminaren lapurra. Tontonak geu, haren borondate onean sinesten dugunok, haren bihotz gogorrean sentiberatasun arrastoren bat dagoela uste dugunok. Sei urtetan gupidagabea dela erakutsi digu, urte batean bai eta bestean ere bai, baina tontonak izateaz gain, egoskorrenak ere bagara. Beti keinu on baten zain. Alferrik. Keinurik ez eta errepidean, betiko Armstrong: indartsu, sendo, ikusgarri, garaile, agintariÉ eta behin hasita, iraingarri eta tripazaku. Aurreko urteetan ere aurkariak umiliatu zale izan da Armstrong. Nahita, edo nahi gabe egin duen, berak bakarrik daki. Zergatik ez jokatu antzera aurten ere? Eztabaidatu ezin den, eztabaida errazten ez duen arrazoia du aldeko: bera da indartsuena.
Parean jarri zaizkion guztiei irabazi die Armstrongek. Beno, ia guztiei. Haizeari ez zion irabazi, oraindik. Atzo arte. Haizea izan zen Tourreko lehen etapako epailea, edo izateko bidean zen. Armstrong abiatu zen arte. Haizeak lehenago, arratsaldeko lehen orduan abiatu ziren txirrindulariei lagundu zien eta orduan abiatu zirenek ziztu bizian egin zituzten erlojupekoko 19 kilometroak (Zabriskie lauretan abiatu zen eta Armstrong zazpiak jotzear zeudela). Abiadurari erreparatu eta 60 kilometroko abiadura ikusten zuten heldulekuko erlojuan. Besteetan mugiezina den plater handia eta pinoi txikia erraz-erraz, eroso mugitzen zituzten. Eman eta eman, sekulako denbora egin zuten.David Zabriskie estatubatuarra izan zen trebeena pedalak astintzen, haizea lagun zenean. CSC taldekoa iaioa da oso erlojupekoetan, baina haren batez bestekoa ikusita nabaria zen haizearen bultzadatxoa: 54,67 kilometro orduko. Handia oso. Laszlo Bodrogi hungariarrari minutua kendu zion Zabriskiek eta Aleksandr Vinokourovi 53 segundo. Asko, gehiegi, distantzia laburra gogoan. Zabriskie ona delako erlojupekoan, baina ez Vinokourovi minutua irabazteko bezain ona.Cancellara, Michael Rogers, Bradley McGee, Santiago BoteroÉ lehen etapa irabazteko hautagaiak irten ziren eta denak, Zabriskierengandik urrun, minutu batera helmugaratu ziren, gutxienez. Etapa garailearentzat laguntza izan zena, desagertu egin zen beste faboritoek ekin ziotenerako. Haizerik gabe, minutu bat gehiago behar, 19 kilometroak egiteko.
Armstrongek Ulrrichirentsi eta 1.05 jan zion
Inor ez zen gai izan Zabriskiek egindako denborara hurbiltzeko eta kazetari denak Utahn jaiotako mutilaren garaipen zerrenda, ezaugarriak, kirol ibilbideko datuak eta beste bilatzen hasi ginen. Garaipena berea izango zela zalantzarik ez zegoen. Jakina zen Armstrong falta zela ireteteko, eta Armstrongek handiagoak egin dituela, baina beste denak minutu batera geratu ziren ibilbidean Armstrongek minutu hori irabaztea ez zen logikoa.
Ba irabazi egin zuen, eta bi segundo ziztrinek saihestu zuten Armstrongek maillot horia ez janztea. Trabatu samarra ikusten zen Ullrich. Poza ematen zuen Armstrong ikustea, arin-arin, bizikleta dantzan, azkar-azkar, eman eta eman. Bide erdian Zabriskierengandik hiru segundora geratu zen, eta probak interesa irabazi zuen berriro. Denentzat gaindiezina izan zen erreferentzia txikitzear egon zen Armstrong. Etapa lortu edo ez, Ullrichi bederatzi kilometroan jan zion aldea zen garrantzitsuena: 39 segundo! Ikusgarria.Begi bistan ikusi zuen berehala Armstrongek Ullrich eta azkarrago joateko indarra eman zion horrek. Helmugarako hiru kilometro falta zirela jarri zen alemaniarrarengandik gertu-gertu eta gezi baten pare gainditu zuen. Askoz azkarrago zihoala erakutsi nahi izan zion berez nahiko jota zihoan Ullrich gizajoari. Probako nagusia zein den erakutsi nahi izan zion, eta bide batez, Ullrichi Tourra bukatu arte burua altxatzen utziko ez dion kolpea eman, agian. Berekoi jokatu zuen, tripontzi, itsusi zaleen begietara, baina horrek ez dio axola, dagoeneko.Bigarren mailan geratu zen etapako garailea. Pedalak astintzen jarraitu zuen Armstrongek, baina Zabriskiek bi segundogatik irabazi zuen. Lehen egunetik nahi zuen horia Armstrongek, eta azken eguna arte mantendu. bere historia are gehiago ederresteko, baina behingoz, amore eman zuen. Belaunikatu bai, baina kontrarioei muturrekoa eman ere bai. Mingarri samarra, gainera.51 segundo jan dizkio Vinokourovi, 59 Landisi, 1.05 Ullrichi, 1.24 Bassori, 1.28 Boterori, 2.18 Herasi... zerrendak ez du bukaerarik. Zenbaki horiek baino, boterea, aginte makila da garrantzitsuagoa. Gaindiezin dela erakutsi asmoz hasi du Tourra Armstrongek. Aurkariei zazpigarrena ere berea dela agertu nahi izan die hasieratik. Galde diezaiotela Ullrichi, ea, animoz-eta, zer moduz sentitzen den. Ea nor ausartzen den Armstrong bere aldaretik jaisten.
Euskaldunek, Gonzalez de Galdeano salbu, lan txarra
Armstrong eta Zabriskie, Zabriskie eta Armstrong izan ezik, galtzaile izan ziren beste txirrindulari denak. Horien artean euskaldunak, noski. Igor Gonzalez de Galdeano arabarra izan zen onena. Liberty taldekoa 10. postuan sailkatu zen, garailearengandik 1.06ra. Denborak argituko du gasteiztarra sasoi betean dagoen edo ez, baina txirrindulariek haizea aldeko izan zutenean osatu zuen erlojupekoa. Ez da seinale on-ona. 56. posturaino egin behar dugu jauzia bigarren euskalduna bilatzeko, Joseba Beloki, hain zuzen ere.
Hortik behera, maillot laranjadunekoak hizpide. Txarrerako, noski. Euskaltel-Euskadi taldea azken postuan dago taldekako sailkapenean, eta horrek ez du azalpen askorik behar. Haimar Zubeldia izan zen onena, baina 78. postuan. Bederatzi lagunetatik zortzi 119. postutik atzera sailkatu ziren eta taldeko kaskarrena, itxuraz liderra izan behar duena, Iban Mayo igorreztarra. Bizikleta berria, ilusio handia eta lehen egunean danbateko ikaragarria. Jakina da Mayo erlojupekoetan ez dela ondo moldatzen, baina 19 kilometroetan 3.14 galtzea oso normala ere ez da. 45 segundo eta minutua arteko atzerapenarekin konforme omen ziren txirrindularia bera eta Julian Gorospe kirol zuzendaria. Aurreikusitakoa ez, hirukoitza da atzerapena. Hasi alde hori jaten orain. Hori mendia hasi arte zenbat denbora gehiago galduko duten ikusteko dagoela. Gorospek lau minutukoa espero zuela esan zuen. Baditu, lau minutu, ia-ia. Eta lehen egunetik.
TXIRRINDULARITZA. TRIPAZAKUA!
Gosetu aurretik ase da Armstrong; aurkariak hankapean ibili eta mutu utzi ditu, eta Ullrich umiliatu; Zabriskiek irabazi du etapa aldeko haizea lagun, eta Mayok 3.11 galdu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu