Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunekoek, UCIkoek, ohiko kontrol bat egin ziguten atzo goizean, 08:15ean, eta, bueno, goiz jaiki ginenez, eguna aprobetxatu genuen. Oscarrek [Freire] eta nik bizikletak hartu genituen, eta Aguadulceko hondartza batera joan ginen lasai asko. Hamar bat kilometroko txangoa. Hondartzako tabernatxoan garagardo bat hartzen ari ginela, uretara sartzeko gogoa sartu zitzaigun, eta bainu ederra hartu genuen, kulota soinean genuela. Hori zen hori Oscarrek tiranteetan zuen piura! Argazki bat ateratzeko modukoa! Kar-kar!
Bainu horrek biziberritu egin gintuen, egia esan; primeran etorri zitzaigun. Nire ustez, bi orduko entrenamendu bat egitea baino osasungarriagoa izan zen atzoko bainua. Badira guk horrela jokatzea ulertzen ez dutenak, baina ziur egon gaur munduko txirrindulari profesionalenak izango garela gaur. Izan ere, etapa baten bezperan bainu bat hartzea eta pare bat zerbeza edatea ezin da konparatu sei gintonic edatearekin. Gauzak ezberdintzen jakin beharko genuke...
Gintonic-ak gero etorriko dira, oporrak hartzen ditugunean. Txirrindularien artean ez da ohikoena, baina nik 40 eguneko erabateko oporraldia hartzen dut. Tarte horretan ez dut kirolik egiten, eta gorputzak eskatzen didana jaten eta edaten dut. Bospasei kilo hartzen ditut, eta aurpegian nabaritzen zaizkit, batez ere. Txirrindulari beharrean, beste edozein bezalakoa naiz 40 egun horietan, eta gustatzen zait sentsazio horiek edukitzea. Gainera, egunak pasa ahala, bizikletan ibiltzeko gogoa sartzen zait, eta hori ona da.
Txirrindulari gehienok erabateko atsedena hartzen dugu, eta ez gara motxila hartu eta ez dakit nora joaten garen horietakoak. Ez, nahiago izaten dugu igerileku bat edo hondartza bat eta eguraldi ona ziurtatuko diguten toki batera joan. Aurten, ordea, etxe bat eraikitzen ari gara, eta ikusiko dugu zer egin.
TXIRRINDULARITZA. UCIkoei esker, egun ederra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu