TXIRRINDULARITZA. Udaberriko klasikoa, udazken hasieran

Atseden hartzeko tokirik ez duela ia-ia, aspaldiko gogorrena dela, aldapek beren zailtasuna dutela, Lieje-Bastogne-Liejeren antza duela, jaitsiera azkarra, desnibel handia... Zeresan handia ematen ari da ibilbidea.

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Harbiderik ez du, eta iragarpenen arabera eguraldi ona egingo du bihar Mendrision (Suitza). 22 bat gradu gehienez, eta ostarteak. Udazken hasierako giroa. Hortaz, hasiera batean ezin da esan Munduko Txapelketako errepideko probak udaberriko klasikoen antza edukiko duenik. Baina ibilbidea aztertuz gero, antzekotasun gehiago dauka apirileko lasterketa horiekin, aurreko urteetako Munduko Txapelketetako ibilbideekin baino. Euririk ez egin arren, aurpegiak lokatzez ez zikinduta ere, udaberriko klasiko batean bihur daiteke Munduko Txapelketa, orain, udazken hasieran.

Ibilbidea, behintzat, zeresan handia ematen ari da. Txirrindulariak aritu dira horretaz hizketan, eta sareko eztabaidaguneetan ere jo eta su ari dira zaleak, bateko eta besteko konparaketak egiten. Atentzioa eman duen lehen datua desnibelarena da. Hasteko, Lieje-Bastogne-Lieje udaberriko klasiko handietakoak baino desnibel handiagoa dauka, eta hori bada zerbait. Mendrisioko zirkuituari hemeretzi itzuli eman eta gero, 4.655 metroko desnibela pilatuko dute txirrindulariek euren hanketan. Bada zerbait. Itzuli handietako mendiko saioetakoa antzekoa izaten da, edo txikiagoa, akaso.

Izan ere, bi aldapa dauzka ibilbideak. Bi kilometrokoa luzeena. Baina itzuli guztietan bi muino horiei aurre egin beharko diete. Eta itzuliak kateatuta, gorputza nekatzen hasten da. Gogor-gogorrak ez dira, baina Castel San Pietro eta Novazzano muinoek badaukate %15eko edo %10eko maldaren bat. Nahikoa, hortaz, eraso lehorrak jotzeko. Jendea Novazzanoz hizketan ari da -lehia izugarria eduki zuten han Eddy Merckxek eta Felice Gimondik, 1971ko Munduko Txapelketan-.

Hautsi, hautsi, ordea, lehen igoerak hautsiko duela diote txirrindulariek. Eta jaitsierak ere bai. Oscar Freire Espainiako selekzioko kidearen esanetan, jaitsiera hain da azkarra eta sigi-sagatsua, tropelak lanak edukiko ditu bigarren muinora bilduta heltzeko. Gainera, estua ere bada errepidea: bihurgune bati, beste bat. Horregatik, Lieje-Bastogne-Liejeren antza baino, Amstel Gold Raceren tankera duela uste du urrezko domina hirutan irabazi duen txirrindulariak.

Eta bi igoera zein jaitsiera azkar hori batuta, txirrindulariek ez dute atseden hartzeko tokirik edukiko ia-ia; zirkuitua oso motza baita, 13,8 kilometrokoa. Laburra, beste ekitaldi batzuetako ibilbideekin alderatuta. Beraz, bigarren aldapa bukatu eta gutxira, atzera aurrenekoa igotzen hasiko dira.

Hori guztia kontuan hartuta, aspaldiko gogorrenetakoa da. Ez dira gutxi ondorio horretara heldu direnak. Baina Veronakoak ere (Italia), 2004an, bi muino zituen; horietako bat, gainera, 3,3 kilometrokoa. Eta Stuttgarten (Alemania) orain bi urte jokatutakoak, berriz, hiru. 2005ean Madrilen eta 2002an Zolderren (Herbehereak) atondutako zirkuituak, ordea, lauagoak ziren. Horregatik nagusitu ziren Mario Tom Boonen eta Mario Cipollini, hurrenez hurren.

Konparatzen hasita, 1995ean Kolonbian jokatutakoarekin konparatu dute aurtengoa. Igoera bakarra zuen, baina 5.200 metroko desnibela. Orduan, Abraham Olanok irabazi zuenean, euria egin zuen. Bihar ez du egingo, baina udazkenean, udaberriko klasikoaren traza dauka.



McQuaid: «Iruzurtiekez daukate tokirik txirrindularitzan»

Pat McQuaid Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasuneko (UCI) presidentea izango da datozen lau urteetan ere. Batzarra egin zuten atzo Luganon (Suitza), eta ez zen beste hautagaitzarik aurkeztu. Hortaz, irlandarrak zortzi urte beteko ditu gutxienez karguan, 2005ean hartu baitzuen agintea. Eta dopinaren kontra «gogor» jarraitu nahi du lanean. «Bukatu ez den borroka bat da, eta UCIk borrokan jarraituko du. Ziur nago», esan zuen. «Iruzurtiek ez daukate tokirik txirrindularitzan. Goizez, arratsaldez eta gauez kontrolatzen ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.