Baina hala dabil, amorratuta, Espainiako Vueltako liderraren urre koloreko maillotaren atzetik. Eta atzo arratsaldean jantzi zuen, lasterketa bere sorterrira iritsi bezperan. Horregatik jo zituen dozena erdi bat eraso Xorret de Cati tentean gora -txirrindulari batzuek 28 hortzeko piñoia erabili zuten-; eta, horregatik, hiru kilometro geroago, ia-ia hil edo bizi jokatu zuen esprinta. Azkenean, eta gainsariei esker, lidergoa kendu zion Cadel Evansi (Silence-Lotto). Australiarra ere amorratuta helmugaratu zen, Robert Gesinkek (Rabobank) esprinta jotzea, Valverderen atzetik ateratzea eragotzi ziolako. Hiru, horiek eta Ivan Basso (Liquigas) izan ziren lasterketa irabazteko faboritoen artean nabarmendu zirenak. Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi), berriz, berea sufritu zuen, bezperako erorikoak eragindako minez ondorioz, eta Xorret de Catin atzean geratu eta gero, faboritoen aldean 50 segundo galdu zituen helmugan.
Etapa, berriz, Gustavo Veloso (Xacobeo) 29 urteko galiziarrak irabazi zuen. Eguneko ihesaldiari erremate bikaina eman zion iazko Kataluniako Voltako garaileak. Valverdek ere berak bilatutako errematea eman zion, egia esan. Halere, Eusebio Unzue Caisse d'Epargneko etxeko nagusia ez zen lidergoa bederatzigarren etapan hartzearen aldekoa. «Hori ez da gure helburua», esan zuen azken kilometroetan sartu aurretik. Nafarrak badaki horrek bere txirrindulariak erre ditzakeela. Tony Romingerrek, adibidez, 1995eko Giroa irabazi zuen, bigarren etapatik bukaeraraino maglia arrosa soinean eraman eta gero. Mapei taldeko bere taldekideek, baina -Arsenio Gonzalez, Jon Unzaga, Javier Mauleon eta enparauek-, jota, leher eginda, bukatu zuten lasterketa. Hori saihestu nahi du Unzuek.
Hartara, ez ziren eguneko ihesaldia irensten saiatu. Zazpi txirrindularik osatu zuten, eta hiru minutuko aldearekin heldu ziren azken zazpi kilometroetara, Xorret de Catiren oinera. Rein Taaramaek (Cofidis) jo zuen aurrena, eta irabazteko aukerak zituela zirudien. Baina txikituta geratu zen %19ko eta %20ko pendiza zuten aldapetan. Veloso atzetik aurrera eginda, indarrak neurtuta, gainetik gertu aurreratu zuen, eta hiru kilometroko jaitsiera azkarrean ez zuen atzera begiratu. Valverdek ere ez. Evansek, Bassok eta Gesinkek bakarrik eutsi zioten bere amorruari, herritarren artean urrez jantzita agertzeko zuen desirari.
Sailkapenak
BEDERATZIGARREN ETAPA1. Gustavo Veloso (Xacobeo) 5.21.04
2. Marco Marzano (Lampre) 21era
3. AlejandroValverde (Caisse) 40ra
4. David De la Fuente (Fuji) 41era
5. Robert Gesink (Rabobank) d.b.
6. Cadel Evans (Silence-Lotto) d.b.
7. Ivan Basso (Liquigas) d.b.
16. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.29ra
17. Igor Anton (Euskaltel) 1.37ra
23. Haimar Zubeldia (Astana) 1.58ra
28. Amets Txurruka (Euskaltel) 2.17ra
38. Arkaitz Duran (Fuji) 2.39ra
NAGUSIA
1. AlejandroValverde (Caisse) 36.26.40
2. Cadel Evans (Silence-Lotto) 7ra
3. Robert Gesink (Rabobank) 36ra
4. Tom Danielson (Garmin) 51ra
5. Ivan Basso (Liquigas) 53ra
6. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.03ra
9. Haimar Zubeldia (Astana) 3.01era
10. Juanjo Cobo (Fuji) 3.08ra
17. Arkaitz Duran (Fuji) 4.42ra
39. David Lopez (Caisse) 13.27ra