Athleticeko eta Bartzelonako jarraitzaileek txistu ugari jo zizkioten atzo Espainiako ereserkiari. Orain hiru urte Valentzian gertatu bezala, ereserkia baino gehiago entzun zen zaleen zalaparta. Juan Carlos Espainiako erregea bertan ez zela eta, ohi baino motzagoa jarri zuten, baina halere igarri zen harmailetan eserita zeudenen haserrea. Hogei segundo besterik ez zuen iraun ereserkiak, eta apenas entzun ahal izan zen. TVEk izugarri jaitsi zuen giroko soinua bere emankizunean. Ereserkiaren lehen segundoan zaleen zalaparta askoz altuagoa entzun zen azkenekoan baino.
Dena den, ereserkia jarri baino lehen hasi ziren zaleen txistu hotsak. Esperanza Aguirreren kontrako oihuak egon ziren. Zaleek bete-betean erakutsi zuten euren haserrea. Aguirrek zera esan du asteon, Kopako finala bertan behera utzi beharko zuketela erregearen aurkako protestengatik. Hainbat erreakzio sortu zituen iritzi horrek, eta zaleak ere ez ziren atzean geratu. Bartzelonako eta Athleticeko jarraitzaileek bat egin zuten haserrea erakusten.
Txalo hots bakarrak jokalariak zelairatu zirenean entzun ziren. Alegia, ereserkia jarri baino lehen. Zelaian zeuden kontzertuak amaitu bezain laster hartu zuten zelairako bidea bi taldeetako jokalariak, eta zaleek gogotik animatu zuten. Ordea, segundo gutxiko kontua izan zen.
Txistu ugari jo dizkiote bi taldeetako zaleek Espainiako ereserkiari
Ereserkiaren eta Asturiasko printzearen aurkako txistuen aurrean, TVEk izugarri jaitsi du giroko soinua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu