Txuri-urdin koloreko eztanda

Partida girotzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, eta 20:00 aldera festa lehertuko da taldeak helburua lortzen badu

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Partida aurretik eta partidan zehar festa giroa ziurtatuta dago. Eta zer esanik ez partida ondoren, jokalariek haien egitekoa betetzen baldin badute. Zaleak prest daude igoera behar bezala ospatzeko, egunero ez baitago horretarako aukerarik. Realeko lagunarteak dagoeneko hasi dira motorrak berotzen, 11. biltzarrarekin. Herenegun hasi zen Zumarragan eta Urretxun, eta gaurdaino hainbat ekitaldi izango dituzte hamaika txokotatik etorritako ehunka jarraitzailek. Partida, noski, ez dute galduko, Urretxuko pilotalekuan bazkaria egin ondoren Anoetarako bidea hartuko baitute.

Donostian ere gori-gori egongo da giroa, estadio inguruan batez ere. Goizean puzgarriak izango dira gaztetxoentzat, eta 200 metroko karpa zabalduko dute eguerditik aurrera. Argi ikuskizunak, musika, DJa eta batukada ere izango dira. Pantaila erraldoia jarriko dute bertan, orain bi asteburu bezala, eta klubaren irudi historikoez gain, norgehiagoka ere zuzenean emango dute pantaila erraldoi horretan. Ohiko kalejira ere egingo dute. 15:30ean abiatuko da Bulebarretik, eta 16:30ean jokalariei harrera egingo diete zaleek Anoetan, berotasuna senti dezaten. Eremua hesitu egingo dute, duela bi igandeko gorabeherak saihesteko.

Taldeak berdinketa edo garaipena lortuz gero, festa bete-betean lehertuko da. Klubak dena prest du dagoeneko. Ikusleei dei berezia egin diete berdegunera jauzi egin ez dezaten, segurtasuna bermatze aldera. Hesi bereziak jarriko dituzte. Lehen minutuetan jokalariek sentimenduak askatuko dituzte. Gero, agertoki berezi bat jarriko dute, esatari eta guzti, eta banaka irtengo dira futbolariak aldageletatik, ikusleak agurtzeko. Hitza hartu eta esker mezua, kantuak edo dena delakoa helarazteko aukera izango dute jokalariek. Cadizen irabazi ondoren bizi izandakoa ikusita, eta taldean saltsero bat baino gehiago dagoela kontuan hartuta, seguru baten bat animatuko dela ospakizunetan Xabi Alonsoren lekukoa hartzera. Konfeti, suziri eta halakoak ere izango dira.

Igoz gero, Parte Zaharrean jarraituko du festak. Ondorengo egunotan ere galtzak bete lan izango dituzte jokalariek. Bihar, Anoetatik abiatuta, hiriko kaleak zeharkatuko dituzte autobusean, 17:30ean hasita, dantzariek eta DJak lagunduta. 19:00etan, udal ordezkariek harrera egingo diete udaletxean, eta balkoitik agurra egingo diete jokalariek Alderdi Eder parkean bildutako jarraitzaileei. Ordubete geroago, Foru Aldundira joango dira. Gipuzkoa plazan pantaila jarriko dute, ekitaldia zuzenean ikusi ahal izateko. Etzi, berriz, Gipuzkoan barrena ibili ondoren, Arantzazuko Ama Birjinari eskainiko diote igoera.



Egitaraua

GAUR

Lagunarteen Biltzarraren azken eguna, Zumarragan eta Urretxun.

Goizean. Puzgarriak, Anoeta inguruan.

Eguerditik aurrera. Karpa berezia Anoeta estadioaren ondoan. Jan-edana, musika, txaranga eta batukada izango dira.

15:30. Kalejira, Bulebarretik abiatuta.

16:30. Harrera jokalariei, Anoeta kanpoaldean.

20:00. Igoz gero, jokalariekin ospakizunak ordubetez, Anoetan bertan.

Tabernak ohi baino beranduago itxiko dituzte.

BIHAR

(Igoera lortuz gero)

17:30. Anoetatik abiatuko da jokalarien autobusa, eta Bulebarreraino joango da.

19:00. Jokalariei harrera, udaletxean. Balkoira irtengo dira.

20:00. Jokalariei harrera, Foru Aldundian. Balkoira irtengo dira.

ETZI

Autobus ibilbidea Gipuzkoan barrena, eta Ama Birjinari eskaintza Arantzazun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.