REALA 1-1 STURM GRAZ

Txuri-urdinek berdinketarekin konformatu behar izan dute

Reala Sturm Graz baino gehiago izan da, eta irabazteko makina bat aukera izan ditu, baina eskas aritu da ate aurrean, eta puntu bakarra eskuratu du. Aurrerapausoa eman ezinik geratu da

Portu eta Merino, epailearen protesta egiten. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 4a
21:10
Entzun

Futbolaren legea erraza da ulertzeko: kontrarioak baino gol bat gehiago egin, eta garaile. Hori gogoan duela zelairatu da gaur Reala Anoetan, eta irabazteko aukerak sarri izan ditu, baina, Sturm Grazek bezala, gol bakarra sartu du. Garaipena behar zuen, eta bide horretan lan egin du, baina ez da nahikoa izan. Realak hemezortzi korner atera ditu, eta 26 jaurtiketa egin, arerioak baino hogei gehiago. Bolbora busti egin zaio, ordea, eta etorkizuna zaildu zaio Europa ligan.

Txuri-urdinen nagusitasuna agerikoa izan da lehendabiziko minututik. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean, David Silvari heldu zaio baloia, baina espainiarrak gaizki neurtu du jauzia egiteko orduan, eta ez da baloira iritsi. Lehen zatiko gidoiaren hitzaurrea izan da, artean zalerik gehienak esertzeke zirela. Falta zirenak ailegatu direnean ere, Anoetak ohi baino itxura eskasagoa izan du: 25.010 ikuslek egin diote aurre denboraleari. Estadioan direnek donostiarren akabua ezagutu dute; kontrarioa oinpean ibili, eta golik ez sartzea. Ahaleginak bata bestearen atzetik egin dituzte: Igor Zubeldiak urruneko jaurtiketa bidez, Alexander Sorlothek eta Silvak area barrutik... Cristian Portuk atezaina gainditu du 27. minutuan, baina Affenbrugerrek baloia ia marraren gainean zenean urrundu du. Realak gehiegi barkatu du atearen aurrean, eta Sturm Graz ez zegoen barkatzeko. Alex Remiro lanean jarri du 32. minutuan, eta 0-1ekoa egin du bost minutu geroago. Eskuin hegaletik egindako jokaldian, hiru jokalariren parte hartzea nahikoa izan du aurrea hartzeko. Jantscherrek sartu du gola, eta kolpea izan da txuri-urdinentzat. Ordura artean zelaian nagusi izan arren, kontrarioak hartu du abantaila. Ate aurrean ez asmatzearen ajeak.

Zerutik erortzen ziren euriari eta txingorrari gehitutako ur baldekada hotza izan da bisitarien gola. Aurrerantzean ere saiatu da Reala, baina atsedenaldira artean lehengo gidoiari segitu dio: arearaino erraz iritsi, eta ate aurrean asmatu ezin. 44. minutuan jokaldi ona egin du Portuk, baina errematean indarrik gabe jo du baloia. VAR-ak penalti posible bat aztertu ostean, ezerezean utzi du aukera hori. Sturm Grazek abantaila zuela heldu da atsedenaldia.

Bigarrenari lehengo lepotik ekin dio Realak: nagusi izan da zelaian, eta aukerak sortu ditu. Berandu baino lehen jaso du saria, 52. minutuan. Adnan Januzajek kornerra atera, eta baloia buruz orraztu du Zubeldiak. Sorlothi iritsi zaio, eta indartsu jo du sareetara. Norvegiarrak Europa ligan sartutako lehen gola da. Realekoen zango-giharrak orduantxe askatu dira. Jokalariek etenik gabe egin dute erasora, garaipenaren bila. Gertu izan dute pare bat alditan, eta, bereziki, 68. minutuan: Mikel Merinok area txikian egindako errematea marra gainetik aldendu dute austriarrek. Ordurako, zaleek gola oihukatua zuten. Ez da aldi bakarra izan. Realak behin eta berriz egin du Sturmen atera, eta Zubeldiak gola ere sartu du neurketaren azken jokaldian, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du. Zaleek hotz-hotz amaitu dute lehia: eguraldiagatik eta, bereziki, emaitzagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.