Kohei Uchimura gimnastak (Japonia, 23 urte) orain arte bere ibilbidean domina garrantzitsu asko zituen, baina urrezko denak Mundu Txapelketakoak —lau, 2009, 2010 eta 2011n irabaziak—. Olinpiar Jokoetakoetan hiru zilar zituen lortuak —taldeka Pekinen eta Londresen, eta banaka Pekinen—.
Bart irabazi du bere lehen olinpiar urrea, banakako gimnastika artistikoan. Sei ariketetatik batean eskuratu du puntu gehien: jauzian. Hirutan bigarren geratu da, batean zazpigarren eta beste batean zortzigarren. Badauka Londresen beste domina bat irabazteko aukera ere, zoruko finalerako baitago sailkatuta.
Munduko hiru txapelketa jarraian irabazi dituen lehen gimnasta da, eta buruz burukoetan ez sinesteko moduko erregulartasuna eta oreka erakusten ditu japoniarrak. Azken kapitulua, atzokoa. Indar eta oreka erakustaldia eman du Uchimurak.
Sei aparatu dira: zorua, barra, paraleloak, jauzia, uztaiak eta uztaidun zaldia. Batean irabazitakoa bestean galtzea litzateke normalena, eta bestean galdutakoa batean irabaztea, ohikoena. Guztietan 15 puntutik gora ibiltzea da batere ohikoa ez dena, eta horixe egin zuen atzo Uchimurak.
Sailkapena
1. Kohei Uchimura (Japonia). 92,690 puntu.
2. Marcel Nguyen (Alemania). 91,031.
3. Danell Leyva (AEB). 90,698.
Emakumezkoen buruz-burukoa, gaur
Gimnastika artistikoan emakumezkoen buruz buruko finala gaur jokatuko da, 17:30etan. Jordyn Wieber munduko txapelduna ez da ariko, eta hura finaletik kanpora utzi zutenak dira gaurkoan lehen postuetan aritzeko hautagaiak: Alexandra Raisman eta Gabrielle Douglas. Estatubatuarrak dira biak, eta urrezko domina irabazi zuten herenegun taldekakoan.
Inguruan eta atzetik Victoria Komova eta Aliya Mustafina errusiarrak —zilarra irabazi arren negar zotinka amaitu zuten haiek biak—, Deng Linlin txinatarra, Larisa Iordache eta Sandra Izbasa errumaniarrak ibiliko dira, besteak beste.