Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) helegitea jartzea erabaki du. 2010eko uztailaren 21ean Frantziako Tourrean klenbuterolarekin positibo eman ondoren, Alberto Contadorren (Saxo Bank) azalpenak onartu, eta Espainiako Txirrindularitza Federazioak txirrindularia absolbitzea erabaki zuen joan den otsailaren 15ean. Ordutik lehiatzen ari da Saxo Bankeko txirrindulari espainiarra, baina bai UCIk eta bai WADAk —Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia— Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) helegitea jartzeko aukera zeukaten. UCIk atzo zuen helegitea jartzeko azken eguna, eta Contadorren absoluzioari helegitea jartzea erabaki zuen azkenean. WADAk, berriz, beste hiru aste dauzka erabakiaren berri emateko.
Behin UCIren helegitearen berri izanda, TASek lau hilabeteko epea dauka azken epaia emateko. Hori bai, beste bi hilabete luza daiteke epe hori, auzitegiko presidenteak hala eskatuz gero. Hor amaituko da Contador auzia, inork ezingo diolako helegiterik jarri TASen azken epaiari. TASen erabakiaren berri izan bitartean, ordea, Contadorrek lehiatzen jarraitzeko eskubidea dauka.
Itzuli handiei begira, Giroan parte hartzeko aukera izango du, maiatzaren 7tik 29ra jokatuko baita —TASek nekez emango du epaia lehenago—. Erabakia dezente atzeratuz gero, gainera, Tourrean ere parte hartu ahal izango luke espainiarrak, uztailaren 24an amaituko delako TASen epea, Tourra amaitzen den egun berean. Txirrindulariari azkenean zigorra jarriko baliote, tarte horretan lortutako garaipen guztiak ezerezean geratuko lirateke.
Voltako laugarren etapa amaitzearekin batera izan zuen Contadorrek UCIren erabakiaren berri, eta azaldu zuen errugabea dela «bermatzeko» agian TASera jo beharko dela. Abokatuengan «erabateko konfiantza» daukala gaineratu zuen. Espainiako Txirrindularitza Federazioak txirrindulariaren alde egingo duela jakinarazi zuen. Eta Bjarni Riis Saxo Bankeko zuzendariak argitu zuen «arrazoia kutsatutako haragia den bitartean» Contador babestuko dutela.
Cardoso garaile Voltan
Osasun arazoak tarteko, erretiratzea erabaki zuen atzo Alessandro Petacchik (Lampre), Kataluniako Voltako laugarren etapan, eta horrek piztu egin zituen gainerako esprinterrak. Movistarrek, Lamprek, Skyk, Garmin-Cervelok eta Rabobankek hartu nahi izan zuten tropela luzatzeko ardura. Baina taldeen arteko borrokan bezainbesteko zalaparta izan zen azken esprintean. Estu-estua izan zen esprint hori, eta helmugako argazkiari begiratu ondoren, garailea Manuel Cardoso (RadioShack) izan zela erabaki zuten epaileek. Giacomo Nizzolo (Leopard-Trek) helmugaratu zen bigarren postuan, Jose Joaquin Rojas (Movistar) hirugarren, eta Aitor Galdos (Caja Rural) laugarren. Alberto Contadorrek (Saxo Bank) jarraitzen du lider.
Coppi&Bartali Astean, berriz, Emanuele Sellak (Androni) irabazi zuen hirugarren etapa, eta bera dago lider.
UCIk helegitea jarriko dio Contadorren absoluzioari
Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) lau hilabeteko epea dauka gehienez azken epaia emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu