Inork ez du beteko Lance Armstrongek Frantziako Tourraren palmaresean utzitako hutsunea. Estatubatuarraren positiboak umezurtz utziko du lasterketa, UCIk erabaki baitu inork ez ordezkatzea Armstrong. "Batzordeak erabaki du aurrerantzean neurri hori ezartzea 1998. eta 2005. urteen arteko karreretan", esan du ohar batean.
UCIk ontzat eman zuen astelehenean AEBetako dopinaren aurkako agentziaren txostena, eta Armstrongi zazpi Tourretako garaipenak kendu zizkion. Gainera, bizi osorako lehiatzeko debekua ezarri zion.