Ezin dela uda bakarrik kontuan hartuta denboraldi osoko jardunaren balantzea egin nabarmentzen zuen joan den astean Berrian Abel Barriolak. Ohar hori kontuan hartuta, garbi dago aurtengo udak udak bai irabazle bat duela nabarmena: Asegarce. Azken unean lortu du Aspek ligakide eta kontrarioari azken torneoa irabazi eta udako jarduna txukuntzea 5-1ekoa 4-2koan uztea, alegia.
Hastez hobeto hasi zen Aspe. San Fermin Torneoa da urteroko lehen hitzordua, eta Xala-Goñi III.a gailendu ziren bertan, uda osoan zehar Aspeko bikoteekin bakarrik jokatu den final bakarrean. Ordura arteko txapeldunen falta nabarmendu zen torneoan. Olaizola II.a eta Ruiz buruz buruko final berantiarra prestatzen ari ziren buru-belarri, eta haiek gabe aritu ziren sanferminetan. Haiek gabe sanerminetan, eta Olaizola II.a gabe uda osoan. Asegarcek bere izarrik distiratsuena gabe lortu du nagusitzea, eta datua da hori ere. Gazteenen aldeko apustuarekin hasi ziren bi enpresak Iruñean, eta ildo horretatik jarraitu dute biek zenbait beteranok euren lekua aldarrikatu Mikel Unanueren kasua, eta premiak akuilatuta duten onena elkarrekin jarri beharrean gertatu diren arte Titin-Barriola bikotea Aspek Logroñon. Esain, Otxandorena, Eulate, Berasaluze VIII.a eta Peñagarikano azaldu ziren Iruñean. Asegarcek mantendu egin zuen azken bi horien aldeko apostua Gasteizen ondoren ere bai baina pilotari zailduenengana jo zuen Aspek. Titin III.a-Goñi III.a bikoteak garaitezina zirudien finalerdietan, baina Olaizola I.a-Ruiz Asegarcekoen kontra amore eman behar izan zuten Ogetako finalean bikote jotzaile izendapena behin eta berriz eman diegu bi horiei, eta uda osoan eraginkorrenak izan dira zalantzarik gabe.
Kokak eta Unanuek ederki baliatu zuten Zarautzen emandako aukera. Unanue orduan hasi zen toki bat nahi eta merezi zuela aldarrikatzen. Ruiz txapeldunarekin aritzeak ere lagundu zion, eta torneoaz jabetu ziren. Koka-Beloki izan zituzten kontrario. Hurrena Donostian gailendu ziren berberak. Bikain aritu zen Koka, baina Donostiarako bakarrik balio du nonbait. Bizkaitarrei eman zitzaien aukera Lekeition, baina Olaizola I.aeta Peña nagusitu ziren. Logroñon, apustu gogorra egin zuen Aspek, eta asmatu. Gaitzerdi.
Datu orokorrak
47na
partida irabazi dituzte enpresek udako sei feria nagusietan jokatu diren partida guztiak kontuan hartuta. Alegia, finalen eta estelarren zaku berean jaialdiko lehenengo eta hirugarren partidak sartuta, 94 partida jokatu dira orotara eta 47 irabazi ditu enpresa bakoitzak. Estelarrak kontuan hartuta, Aspek irabazi ditu jokatu direnen %53, eta jaialdiko beste partidak kontuan hartuta ere Aspe nagusitu da %52tan.