Boladako gaia da NBAko Twitterrean (gehien erabilitako hitza). Modako izena da Jeremy Linena (Los Angeles, AEB, 1988), New York Knicsen joko antolatzailearena eta ligako zaleen harridura bildu duenarena. Azken hamar egunetan Mari Errauskinen rola jokatu du, ligan atzeko atetik sartu eta ezusteko aukera baliatuz bere balioa erakutsi duen jokalari ezezaguna. Zinema zuzendariek hain gustuko duten istorioetako bat da berea. Jatorri taiwandarrak ere lagundu dio, AEBetan jatorri asiarreko milioika biztanle baitaude, eta kutun berria dutelako. Haren lemapean Knicksek sei partida irabazi ditu jarraian, eta Linen batez bestekoak harrigarriak izan dira. Azken partidan, gainera, Torontoren aurka, azken segundoan lorturiko hirukoari esker irabazi zuen New Yorkek. Egun bateko lorea behar zuena udaberri bilakatzen ari da apurka.
Bi aste baino ez dira Madison Square Garden pabilioioko segurtasun zaindariei Knicksen jokalaria zela esan behar izan ziela sartzen utzi ziezaioten. Inork ez zuen ezagutzen. Aurretik NBAkoGolden State Warriorsen aritutakoa zen, baina ez zuen askorik jokatu. Ez zen draft-ean hautatua izan, eta Oaklandeko taldeak gutxieneko soldataren erdia eskaini zion iragan sasoiaren hasieran. Linen aldeko apustua merkatal amua zen, San Francisco inguruan txinatar jatorriko biztanleria handia delako. Bere jatorriari esker lortu zituen NBAko lehen minutuak, eta kantxara aurrenekoz irten zenean jasotako txalo zaparrada gogoangarria izan zen. Entrenatzaileak berak onartu zuen taiwandarra zelako eman zizkiola aukera apurrak. NBAn jokatzen zuen jatorriko asiarreko lehen estatubatuarra izan zen. Anekdota baino ez, ez baitzioten berritu kontratua.
New Yorken jaso du bigarren aukera, ligak onartzen duen soldata finko txikiena irabaziz:700.000 euro. Izan ere, Lin etxeko atetik iritsi zen NBAra, Ekonomi Zientziak Harvardeko Unibertsitate entzutetsuan ikasi baitzituen, baina kirol arloan inolako oihartzunik ez duena. Lin maila akademiko altuko unibertsitateak parte hartzen duten ligan nabarmendu zen, baina hori ez nahikoa curriculum profesionaletankontratu on bat ziurtatzeko.
Eromena, baina, duela hamar egun hasi zen, New Jerseyren aurkako partidan. Mike D'Antoni Knicsen entrenatzaileak, etsituta, aulkiaren azken muturrera begiratu eta Lini irteteko esan zion. Lesioek taldea hankamotz utzi zuten, eta jokatzeko moduan zeuden antolatzaileen artean fundamenturik ikusi ez zuenez Lini aukera eman zion. Antolatzaileak ondo baliatu zuen: 25 puntu sartu eta zazpi asistentzia emand.
Hurrengo bost partidak bikainak izan dira, 28 puntu Utahren aurka, 23 eta hamar asistentzia Washingtonen aurka, 38 puntu Lakersi, 20 puntu eta zortzi asistentzia Minesottan, eta herenegun 27 puntu eta 11 asistentzia Toronton, tartean bere taldearen azken sei puntuak.Bere eztandak zeresan asko eman du, eta asko izan dira gurasoak taiwandarrak dituelako puztu dela diotenak. Floyd Mayweather boxeolariak harrotu ditu hautsak ozenen. «Jokalari ona da, baina gazte beltzek gauero egiten dituzte halako markak eta ez dira nabarmentzen».
Lin, baina, argia da, kristau fededuna izateaz gain, eta ondo asmatu du arretaren norabidea zuzentzen. «Jendeak nire jatorriari buruz hitz egiten du, baina garrantzitsuena saskibaloi jokalaria naizela da». Orain gakoa ospea bizi mantentzea da, eta mailari eustea. Jokalari ona da, gauzak argi, eta merkatuak zabaltzeko erakargarria, Yao Mingen umezurtz utzi baitzuen NBA. Liga bukatzean Lini ondo etorriko zaizkio ekonomi ikasketak, eta ziur Harvarden ondo irakatsi ziotela.
Udaberri bilakatu den bitxilorea
NBAk izar berri bat du, kutun exotikoa: Jeremy Lin, ligan atzeko atetik sarturiko taiwandar jatorriko Harvardeko ikaslea. New Yorken distira egiten ari da; zenbaki harrigarriei saskiratze erabakigarriak gehitu dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu