Urte oso bateko egunik bereziena iristear da Jon Kortaberriarentzat (Donostia, 1982). Hamabost urte daramatza etxetik urrun, saskibaloi jokalari izateko asmotan, eta uda joan, uda etorri, bere taldea bere txokora bueltatu zain irrikan egoten da. «Egutegia jakinarazten dutenean, begiratzen dudan lehen gauza da: noiz jokatuko dugu Donostian?». Bere kirol ibilbideko garai gozoenean dago Kortaberria, bi urteko kontratu ziurrarekin, ligako zortzi onenen artean dagoen taldean, eta Kopan parte hartzeko itxaropentsu.
Urte asko daramatzazu etxetik kanpo, baina hirugarrena dagoeneko Fuenlabradan. Ondo?
Bai. Gustura. Talde txikia gara, baina giro ona dugu. Ligan nire tokia lortzen ari naiz urteak aurrera joan ahala, eta pozik nago.
Orain ondo zaude, baina uda ez zen hain lasaia izan, ezta? Abuztuan ez zenuen argi zure etorkizuna.
Nire lehen asmoa etxera, Donostiara bueltatzea zen, eta aukera hori posible ez bazen, Fuenlabradan geratzea. Bistan da: Donostiara bueltatzea ez da posible izan, eta Fuenlabradan geratu naiz.
Zer gertatu zen zure nahiaren eta Lagun Aroren asmoen artean, jakin baliteke?
Sinplea da. Taldearen, edo taldeko kideren baten asmoak eta nireak ezberdinak ziren, eta bakoitzak bere bidea egin du. Ez dut kritikatzen; normala da. Bakoitzak berea defendatzen du, eta jokalariok profesionalak gara. Datorrena onartu behar dugu.
Orain ondo zaudela esan duzu, baina dena ez da arrosa kolorekoa izan zuretzat. Bolada gogorrak ezagututakoa zara.
Bai; 15 urterekin edonorentzat da gogorra etxetik irtetea. Getxoko Kirol Prestakuntza Zentrora joan nintzen trebatzera, eta orduz geroztik hara eta hona ibili naiz etenik gabe: Malaga, Gijon, Huelva, La Palma, Tenerife, Malaga berriro, Fuenlabrada orain... Oroitzapen txarrak baditut, baina onak gehiago dira orain, eta horiek hartzen ditut gogoan.
Merezi izan al du hainbeste buelta ematea orain duzuna lortzeko?
Bai, noski, orain dudana lortzeko utzi dudalako bazterrean utzitako guztia. Lasai nagoenean, atzera begiratzen hasi, eta erraza izan dela pentsatzen dut. Baina gaizki egon naizenean, neure buruari galdera asko egiten niola ere bai.
Donostian beti harrera ona egiten dizute zaleek. Egun garrantzitsua da zuretzat.
Urteko garrantzitsuenetakoa. Begiratzen dudan lehen gauza izaten da egutegia zozkatzen denean. Uda guztietan etxera bueltatzen naiz, baina beste bederatzi hilabeteetan ez, lehiaketarekin ezinezkoa delako.
Orkatilan bihurritua egin zenuen duela hilabete, eta azken bi partidetan ez duzu jokatu. Kantxaratzeko moduan egongo al zara gaur?
Ez dakit. Sendatu gabe daukat, baina atsedena behar dut, eta ez daukagu atsedenik. Gaurko egoeran, zaila dut kantxaratzea.
Donostiara etorri zarenetan, sarri izan dituzu arazo fisikoak. Madarikazioren bat bota al dizute?
Ez dakit, baina egia da. Hirugarren urtea da Donostiara etortzen naizela, eta urte batean ezin izan nuen jokatu. Berriz gertatuz gero, hirutik bitan izango da. Zorte txarra.
Datu ikusgarririk ez duen jokalari bat zara, baina talde lanean funtsezkoa. Gustura jardun horrekin?
Bai, oso gustura, talde batean denetarik behar delako. Puntuak saskiratzen dituzte batzuek, erreboteak hartu besteek, eta lan horietan on-onak ez garenok bestelako lanak egiten ditugu: defentsa ona, asistentzia jakin bat, hirukoren bat taldekideek asmatzen ez dutenean... Nik ere nahi nuke partida guztietan Kirk Penneyk egiten duena egitea, hogei puntu saskiratzea. Edo hamanost errebote hartzea, Gustavo Ayonek egiten duen bezala. Baina ematen duguna ematen dugu.
Txirrindularitzaren alderatuz gero, liderraren alboan egoten diren langile finak bezalakoa zara.
Alderaketa ona da. Eskarmentua pilatuz noan heinean, freskoago sumatzen dut neure burua, baloiak eskatzerakoan eta. Baina defentsan beste batzuek egiten ez duten ahalegina egiten dut, eta hori nabaritu egiten da gero erasoan. Zaila da kantxaren bi aldeetan bete-betean aritzea.
CAI Zaragozaren aurka galdu zenuten azken jardunaldian, baina oraindik zortzi onenen artean zaudete. Denboraldi ona egiten ari zarete.
Bai, eta etxean galdutakoa Donostian berreskuratzen badugu, ezin hobeto. Gurearen moduko talde txiki batentzat ispilu ikaragarria da Kopa, eta sei jardunaldi hauetan duguna eta ez duguna ematen saiatu behar dugu.
Kopako sailkapen kontuetan ere zorte txarra izaten ari zarete. Joan den sasoian, Real Madrilek azken segundoan sartutako saskiratze baten ondorioz geratu zineten kanpoan.
Bai, hala da, eta sasoi honetan halako ezusteak saihestu nahi ditugu. Halere, egiten ari garenari balioa eman behar zaiola uste dut. Sos kontuetan inguruan ditugun taldeak baino askoz apalagoak gara, eta haien artean segitze hutsa arrakasta da guretzat.
Nola ikusten duzu iluntzeko norgehiagoka?
Erraza ez. Guk Lagun Arok baino hiru partida gehiago irabazi ditugu, baina haien puntu balantzea gurea baino hobea da. Horrek esan nahi du galdu dituzten partidak puntu gutxigatik galdu dituztela. Gainera, Badalonan irabazi zuten bezala irabazita, konfiantzaz lepo ariko dira.
Lagun Aroko gakoak Panko eta Baron direla esanez gero, ez duzu ezer berririk entzungo, ezta?
Ez, horiek dira arriskutsuenak, partida hausteko gaitasun handiena dutenak. Baina Joventuten aurka talde osoak egin zuen lan ona, eta akats handia litzateke bikote hori bakarrik zaintzea.
Etxera buelta eta euria goian-behean?
Hala esan didate etxekoek. Gustura hartuko dut; hemengoa naiz.
Jon Kortaberria. Fuenlabradako jokalaria
«Udan asmoa Donostiara bueltatzea zen, baina ez zen posible izan, zoritxarrez»
29 urterekin, egonkortasuna bilatu du. Taldeko jokalaria da, eta pozik dago bere jardunarekin: «Denok ezin ditugu 20 puntu sartu, edo 15 errebote hartu». Gaurko eguna «urteko politenetakoa» izango dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu