ACB ligako denboraldia bukatu zela hiru aste eskas bakarrik pasatu dira, baina saskibaloiaren gurpila ez da inoiz geratzen. Berriak, tantaka sortzen dira, baina sortu egiten dira etengabe. Baten fitxaketak, bestearen jokalari aldaketak, hurrengoaren zurrumurruak... Lehiaketarik ez dago uztailean. Ezta abuztuan ere. Europako Txapelketa izango da hurrena, Polonian, irailaren 7an hasita, baina 2009-10eko denboraldiko Euroliga atzo jarri zen abian. Lehen ligaxkako taldeen zozketa egin zuten, baita Europako lehiaketa preziatuenaren egunak jakinarazi ere.
Tau Baskoniak badaki noiz hasiko den bere erronka nagusia. Urriaren 21ean izango da. Baita noiz bukatu nahi duen ere: maiatzaren 9an, Lauko Finala irabazi ondoren. Bi egun horien tartean hilabete asko daude, egun gehiago, eta Euroligako 21 partida, gutxienez: hamar ligaxkan, beste sei Top 16an, hiru, gutxienez, final-laurdenetan, eta Lauko Final handiko biak, azkenak. Azkenak, baina denetan onenak. Parisen jokatuko da Lauko Finala, Paris-Bercyko kirol gune erraldoian.
Zozketan berri txarrak jaso zituen Tauk. Jakina zen Berlingo Lauko Finalean aritutako talde bat, Europako mamuetako bat, egokituko zitzaiola. Saihestezina zen hori, eta zozketak Moskuko CSKA eta Tau parekatu zituen. Espero ez zena hirugarren multzoko aurkaria hain indartsua izatea zen. Zozketak, baina, Tau zigortu zuen, Tel Aviveko Maccabi ere C multzoan kokatuz. Beste bi aurkariak samurragoak dira, itxuraz: Erromako Virtus eta Ljubljanako Union Olimpija.
Tauk ondo ezagutzen duen aurkaria da CSKA. Europako txapeldunordea izan da denboraldi honetan Errusiako taldea, eta aldaketa garrantzitsu batekin ekingo dio hurrengo sasoiari. Ettore Messinak, Europako entrenatzaile onenetakoak, taldea utzi du, Real Madrileko aginte makila hartzeko. Messinarekin, edo gabe, CSKAk talde handia eraikiko du berriro, zalantzarik gabe. J. R. Holdenek kontratua berritu du, eta Planinicek, Smodisek eta Siskauskasek Moskuko taldearekin dute kontratua, oraingoz. Makulu horiek dituen taldea beti da arriskutsua.
Eliyahuren itzulera
C multzoko osaketak parez pare ireki du morborako atea. Tauk Maccabiren aurka jokatu beharko du. Lior Eliyahu etxeko seme kutuna lapurtu dion taldearen aurka. Berez, bisita deserosoa izaten da Tel Avivekoa, eta, orain, Eliyahuren afera. Maccabik behera egin du nabarmen azken bi urteetan, baina klub loriatsuenetakoa da, eta elitera lehenbailehen bueltatzeko asmoa du. Maciej Lampe pibot poloniarra fitxatu du (Errusiako Khimkin aritu da azken hiru urteetan), eta David Bluthenthal israeldarra ere etxera bueltatzeko konbentzitu dute.
Tauren beste bi aurkariak samurragoak dira itxuraz: Erromako Virtus eta Union Olimpija. Talde sendoagoa da Italiakoa. Aurreko sasoian gertatutakoa adibide onena. Virtusek (Lottomatica izenarekin) Tau menderatu zuen Gasteizen, eta lanak eman zizkion Erroman (luzapenean nagusitu zen Tau). Olimpijak ezustekoren bat eman dezake etxean, baina talde ahula da. Seigarren taldea atariko faseko gainditzen duten bi taldeetako bat izango da: Alba Berlin, Le Mans, Maroussi edo Salonikako Aris.
Beste multzoetan ere norgehiagoka interesgarriak izango dira. Bartzelonak zalantza asko sortzen dituen aurkariak izango ditu parez pare A multzoan. Montepaschi Siena, Cibona, Fenerbahce eta Zalgiris ez daude Euroligako elitean, baina edozein aurkari menderatzeko gai dira, batez ere etxean. Villeurbanne izango da A multzoko seigarren kidea.
B multzoan muturreko festa handia espero da. Olympiakosek du talde onena, baina Unicaja, Partizan, Rakocevicen Efes Pilsen eta Lietuvos Rytas motzean lotzeko moduko taldeak dira. Atariko fasea gainditzen duen taldea izango da multzo horretako azken kidea. D multzoan nabarmen aldatu zen Panathinaikos eta Real Madril taldeetako kirol zuzendarian poz keinua zozketako azken unean. Armani Jeans Milan eta Asseco Prokom egokitu zitzaizkien, talde erosoak, baina bosgarren aurkaria atera zenean, poz keinu oro kendu zitzaien. Errusiako Khimki egokitu zitzaien, Sergio Scariolok gidatzen duen taldea, Cabezas eta Raul Lopez fitxatu berri dituena.
Multzo bakoitzetik lau talde sailkatu dira Top 16rako, baina lehen ligaxkako sailkapenak guztiz baldintzatuko du Top16ko norgehiagokak. Ondoen aritzen denak bide errazagoa izango du.
Bestalde, Joventutek atzo jakinarazi zuen Baskoniak Pau Ribas kataluniarrari egin dion eskaintza berdintzeko aukera baliatuko duela. Hori egiten badu, Ribasek Joventuten jarraituko du.
Udan udaberria
Tau Baskoniak CSKA, Maccabi, Erromako Virtus, Olimpija eta atariko faseko garaile bat izango ditu aurkari Euroligako lehen ligaxkan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu