Igande ederra. Udazkenak goxo askoak edo zital-zitalak izan daitezke. Joan den igandea ederra izan zen: eguzkia, giro sanoa eta tenperatura egokia. Hiru euskal taldeek lortutako emaitza bikainak bezalakoa. Hirurak, zauriak sendatzeko aproposak. Hirurak, gaizki egindako ahazteko ezin hobeak. Hirurak, bidea zuzentzen hasteko garaipen politak. Baskoniak Ligan jarraian galdutako bi partidak ahaztu ditu. Harrotasunik gabe, baina sendo. Bilbo Basketek ere Nancyko errebantxa hartu zuen, eta Murtziari astindu handi samarra eman. Zer esan Lagun Arori buruz. Arazo handi bat gainetik kentzea lortzen denean bezalako arindua hartu omen zuen Sito Alonsok Zaragozan lehen garaipena lortuta. Alonsok, jokalariek, zaleek eta mundu guztiak. San Martineko uda txikia aurreratu da euskal taldeentzat. Eguraldiak eta saskibaloiak zerikusirik ba ote dute? San Martingo uda txiki aurreratuaren ondoren ikusiko dugu, azaroko lehen astebururako eguraldi petrala baitator.
Eskerrak. Bazkari atari gogorra sumatzen zuen Lagun Aroko zaleak: 13:15, eta haren taldea 11 puntuz galtzen Zaragozan. Bosgarren porrota, berriro itxura kaskarra eta Valentzia ahaltsua Donostian. Baina jaiki egin zen Lagun Aro. Bosgarren porrotari buelta ematea oso zaila izango zela jakitun. Vidalek hartu zuen arriskua aurrena, defentsa oldarkorra eginez, eta Raul Netok, Pankok, Baronek eta Doblasek lagundu zioten ondoren. Arnasa hartzea bezain premiazkoa zuen garaipena Donostiako taldeak, eta lau asteko bizio eta ezin guztiak atzean uzteko aste aproposa da hasi berria dena. Gozatzeko ere bai. Madrilen galdutako partida ez zelako normala. Valentzia indarrean dator, baina izerdi franko bota beharko du Lagun Aro gainditzeko, garaipen batek dena aldatzen duelako. Animoa, batez ere. Lagun Aroko jokalariek bideo bat egin dute, euren zaleei igandean Illunbera joateko eskatzeko. Ahaleginak tamainako erantzuna behar du. Illunbek ezin du berriro erakutsi azken partidetako itxura tristea.
Harrokeriarik gabe. Baskonia garaipenaren arrastora itzuli zen. Ez zuen munduko partida onena jokatu, eta pasatu behar ez zituen komeriak pasatu zituen, mailari eusteko arazo franko izango dituen talde baten aurka, baina garaipenarekin bueltatu zen etxera. Ondorioa, Baskonia zortzi onenen artean dagoela berriz. «Beste egun bat bulegoan», Arabako komunikabide batek dioen bezala. Distirarik ez, baina uzta jasota. Aintzat hartzeko moduko xehetasunak: San Emeterioren itzulera. Urria txarra izan da harentzat, eta haren buelta onuragarria izango da taldearentzat. Teletovicek ere egurrean jarraitzen du: 17 puntu eta 10 errebote. Aste honetako bi partidak irabazi behar ditu orain Baskoniak, jokalarien estimuari beste bultzadatxo bat emateko: Olympiakos bihar, eta Obradoiro igandean.
Aldarri gosea. Nancyko buelta oso gogorra izan zen, eta Bilbo Basketeko jokalariak kolpe bakarrean desagerrarazi nahi izan dute atsekabe guztia. Hankapean ibili zuten Murtzia, eta lortutako zenbakiak harritzeko modukoak dira. Zortzigarren minutuan 22-11 aurreratu ziren bizkaitarrak, eta lehen laurdena bukatuta, balorazioaren datua beldurtzeko modukoa zen: 40 etxekoentzat, 1 Murtziarentzat. Atsedenaldian 76-4 zen alderaketa, eta Bilbo Basket 30 punturen aldea lortzear zen. Lortu zuen, hirugarren laurdenean, baina lasaitu egin zen laugarrenean, eta bere zenbakiak ondu zituen Murtziak. Ikusgarria izan zen Jacksonek, Banicek eta D'Or Fischerrek izan zuten eraginkortasuna, jaurtitako guztia saskiratzen baitzuten. Garaipenaren gozoan, galdera erraza: zergatik ez du taldeak etxetik urrun etxean bezain ondo jokatzen ? Erantzuna dakiena aberats!
Zonakako defentsa
Udazkeneko eguzki goxoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu