UEFAk Bartzelona futbol taldeari jakinarazi dio 150.000 euroko isuna ezarri diola Txapeldunen Ligako partidetan estadioan esteladak erakutsi dituztelako zaleek. Klubak berak jakinarazi duenez, horietatik 50.000 bertan behera geratuko lirateke "datozen bi urteetan gertakari horiek ez badira errepikatzen".
Iazko irailaren 29an Txapeldunen Ligako partida batean Nou Camp zelaian zaleek esteladak erakutsi zituztelako jarri diote isuna. Ez da UEFAk Bartzelonari esteladen harira isuna jarri dion lehen aldia; 2015eko maiatzean Berlinen txapelketa horretako finalean bandera independentistak eramateagatik ere zigortu zuen. 30.000 eurokoa izan zen orduko isuna.
Klubak iragarri du helegitea aurkeztuko duela erabakiaren aurka.