Partida ofizialak jokatzeko atea itxi dio UEFAk futboleko euskal selekzioari. Iusport kirol hedabide digitalak kaleratutako informazioaren arabera, Europako Futbol Elkarteen Batasunaren batzorde exekutiboa Londresen bildu zen atzo, Eurokopako finalaren atarian, eta aho batez erabaki zuen erakundeko kide izateko Euskadiko Futbol Federazioak joan den abenduan egindako eskaera baztertzea. Federazioak esan dio BERRIAri ez duela jakinarazpen ofizialik jaso, eta momentuz ez duela adierazpenik egingo.
Iusport-ek kaleratu duenez, UEFAk argudiatu du federazioak ez dituela betetzen elkartearen onartze irizpideak, ez delako «nazioartean gehiengoak aitortutako estatu bat», eta futbol federazioa «Espainiako Futbol Federazioaren barruan» dagoelako. «Ez dago euskal selekzioak nazioarteko lehiaketa ofizialak jokatzeko modurik, nahiz eta, orain arte bezala, lagunartekoak jokatu ahal izango dituen». Argitaratutako informaziok azpimarratu du soilik Kirola Auziak Konpontzeko Auzitegiak (TAS) baliogabetu dezakeela erabakia.
Bi urte pasa egin behar dira atzera gertatutakoa kokatzen hasteko. 2018ko abenduaren 12ko batzarrak ia aho batez adostutakoa betez, Euskadiko Futbola Federazioak FIFAren eta UEFAren aurrean euskal selekzioa kide izateko eskaera formala egin zuen, joan den abenduaren 15ean Suitzan, bi erakundeen egoitzetan, ofizialtasuna izateko urrats ezinbesteko moduan. Federazioko kideek Eusko Jaurlaritzako agintariak izan zituzten lagun eskaera egiteko orduan.
Jaurlaritzako eta federazioko kide batzuk eskaera ofiziala egin zutenean, joan den abenduaren 15ean Zurichen. EFE
Orduan nabarmendu zuten «benetako aukera» zegoela ofizialtasun gauzatzeko. David Salinas-Armendariz da Jaurlaritzaren abokatua euskal selekzioaren gaian, eta orduan azpimarratu zuen «zilegizko helburua eta erabat bideragarria» zela legearen ikuspegitik.
Espainiako Futbol Federazioa, ezezkoan
Baina ofizialtasuna lortu ahal izateko, Euskadi Futbol Federazioak nabarmendu zuen, joan den abenduan, Espainiako Federazioarekin «akordio bat lortzeko negoziazio epe bat» irekitzeko asmoa zuela. Izan ere, FIFAren estatutuetako 11. artikuluko seigarren atalean jasotzen da federazio eskatzaileak behar duela kide den estatuko (kasu honetan, Espainiako) federazioaren baimena. Espainiako Futbol Federazioko presidente Javier Rubialesek adierazi izan du, ordea, ofizialtasuna «guztiz eginezina» dela.