Espainiako Vuelta

Ukendurik onena, garaipena

Roglicek irabazi du Vueltako 11. etapa, bukaerako horman Masekin buruz buruko lehia izan eta gero. Eiking ez da lehertu, eta eutsi egin dio lidergoari. Aranburu erretiratu egin da.

jarraia202359.jpg
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 25a
19:06
Entzun

Erori, altxatu eta irabazi. Hala labur daiteke Primoz Roglicen (Jumbo) ibilbidea; baita gaur Vueltan lortu duen garaipena ere. Esloveniarra lurrera joan zen atzo, ezusteko erasoa egin eta gero, eta Valdepeñas de Jaengo bukaera bortitzean nagusituz atera du arantza. Culleran ez bezala, aurreratu egin du Magnus Cort (Education First) azken metroetan. Danimarkarrakerakustaldia egin du berriro ihesean, eta oso gertu izan du Vuelta honetako bigarren garaipena. Roglicen eta Enric Masen (Movistar) joak zapuztu dio ametsa. Lehia bizia izan dute bi indartsuenek %20ko zatiak zituen horman, eta azken zuzengunean erabaki da, esloveniarraren alde.

Zazpi segundo atera dizkio Jumboko ziklistak Movistarrekoari, gainsariak tarteko. Nagusian 35 segundora du orain. Haiengandik 11 segundora helmugaratu da Odd Christian Eiking liderra (Wanty), eta hartara, bermatu egin du gutxienez beste egun batez elastiko gorria soinean eramatea. Norvegiarrak hortzak estutu ditu bukaerako koskan nahiz kilometro batzuk lehenago zegoen bigarren mailako mendatean. Beste edozein egoeratan hanka altxako zukeen ziurrenik, baina gaur, ahaleginak merezi zuen. Eutsi egin die onenei, eta ez dio begirik kendu Guillaume Martini (Cofidis), nagusiko bigarren sailkatuari.

Aurtengo Vueltako etaparik laburrena zen gaurkoa, 133 kilometrorekin. Alex Aranburu (Astana) ez da irten, bezperako erorikoaren ondorioz. Jasper Philipsen (Alpecin) ere erretiratu egin da, sukarrak jota. Hasiera bizia izan du etapak, ihesaldia osatzeko ahaleginei esker. Azkenean, bost txirrindularik hartu diote aurrea tropelari: Cortek, Jonathan Lastrak (Caja Rural), Joan Bouk (Euskaltel), Harm Vanhouckek (Lotto) eta Edward Planckaertek (Alpecin). Bi minutuko aldea izan dute gehienez, Jumbok ez baitie soka luzatu. Roglicen taldeak uko egin zion lidergoaro atzo, ardura gutxitzeko; haatik, ekimena hartzea deliberatu du gaur. Finean, bukaera aukerakoa zen esloveniarrarentzat.

Gauzak hala, aurreko boskotea 45 segundoko aldearekin iritsi da helmugako paretaren aurretik zegoen igoerara. Tropelak azkar batean irentsi ditu iheslariak, Cort izan ezik. Tinko eutsi du hark: 27 segundorekin iritsi da gainera, eta 15ekin azken kilometrora. Oilarrek, ordea, ez dute gupidarik izan. Buruz buruko estua izan dute Roglicek eta Masek, elkar ukitzeraino. Helmugako esprintean, azken bi aldietako txapeldunak hormatuta utzi du hautagaia.

Biharko etapak azken bi egunetan lehiatu direnen antza izango du, bigarren mailako mendate bat igoko baitute helmugarako19 kilometroren faltan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.