Golak: 0-1: Rochek (14. min.). 1-1: Susaetak (40. min.) Epailea: S. Lee Evans (Gales). Txartel horia Athleticeko Ibai Gomez eta Susaetari; eta Hapoeleko Amos, Gazal, Matovic, Elisha eta Tzedeki. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru San Mamesen. Oso zale gutxi inguratu ziren Israeldik.
Athletic eta Hapoel Kiriat pareko taldeak direla dio emaitzak. Atzo San Mamesen jokatu zen Europako Ligako lehen ligaxkako lehen jardunaldiko partida ikusi ez zuenak lehia estua izan zela pentsa dezake; Europan ez dagoela aurkari samurrik, eta puntu bat beti dela ona. Baina matematikak, estatistikak eta gainerakoak hartuta, ezinezkoa da Athleticek atzo ez zuela irabazi azaltzea. Hapoel baino askoz gehiago izan ziren zuri-gorriak, eta aukera argi asko sortu zituzten. Baina ez zuten asmatu azken errematean. 1-1 multzoko aurkari samurrenaren aurka. Hasiera kaskarra.
Erritmo biziegian ez jokatzea zen Hapoelen helburua, baina ez zuen lortu, lehen minututik arerioa bere arean sartu zuelako Athleticek. De Marcosek eroso jokatu zuen lehen minutu horietan hiruko lerroan, eta Castillo eta Iraola ere erraz iritsi ziren area ertzera. Baina erdiraketa onik ez, eta errematerik ere ez. De Marcosek berak ezkerrez jaurtiketa ona egin zuen area ertzetik, eta estutasunen bat edo beste izan zuen Dani Amos atezainak. Falta jaurtiketa batean Susaetak estutu zuen Hapoelen atzealdea, 12. minutuan. Baina partidako lehen erasoko jokaldian, eskuin hegalean bat-biko azkarra egin, Lencsek area ertzetik jaurti, Rocheri bizkarrean eman, eta barrura. 0-1. Ezer egin gabe, aurretik ziren israeldarrak.
Athletic erasoan, eta Hapoel lurretik bueltan. Lehen hogei minutuetan hiru jokalari geratu ziren lurrean etzanda, minez, eta zaleak dezente haserretu zituen jarrera horrek. Itzalduz joan zen partida, eta arrisku handirik sortu gabe ere, pare bat kontraeraso on lotzeko gai izan ziren israeldarrak. Hori bai, Athleticena zen kontrola. Nahi zuen guztia egiten zuen Hapoelen area ertzera iritsi arte, baina azken pase errazetan huts egiten zuten zuri-gorriek. Bere txarrean, 40. minutuan iritsi zen 1-1ekoa. Erdiraketa, hainbestekoa; Adurizen hutsa kontrolean; Hapoeleko bi atzelariek ere huts; Susaetak baloia ondo kontrolatu, gurutzatu, eta barrura. Nabarmena zen etxekoen nagusitasuna, baina intentsitatea falta zitzaion Athletici.
Bigarren zati ona, baina ezin
Aldaketa garrantzitsu bat izan zen atsedenaldian, Marcelo Bielsak Llorente zelairatu zuelako Isma Lopezen ordez. Txistuka eta garrasika hartu zuten zale batzuek, nahiz eta txalo batzuk ere entzun zituen. Bost minutuan bi aukera argi sortu zituen. Eskuin hegalean baloia jaso eta barruraka eginez, jaurtiketa ona egin zuen lehenengo, ezkerrez; eta Susaetaren erdiraketa ona langa ukituz kanpora bidali zuen gero, buruz. Txistuak txalo bihurtzen hasi ziren pixkanaka. 58. minutuan ere, buelta erdian, zutoina kanpoaldetik ukituz joan zen baloia kornerrera.
Iturraspek, Muniainek, Llorentek berak... Ezinezkoa zirudien golik ez sartzea. 66. minutuan edo82.ean, area txikian bertan bakar-bakarrik egin zuen errematea Llorentek. Baina horrela ere ezin. Irabazi beharrekoa zen atzoko partida, eta ez zen irabazi. Hasterako okertu da egoera.
ATHLETIC 1. HAPOEL KIRIAT 1
Ulertezina da futbola
Partida ikaragarririk jokatu gabe ere, aukera argi asko sortu ditu Athleticek, baina ez da gai izan 0-1ekoa iraultzekoBigarren zatian zelairatu da Llorente, txistu artean, eta lau aukera on-on eduki ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu