Bennet Cantu 71. Caja Laboral Baskonia 68

Ulertzen duena, nagusi

Baskoniak 25 minutu negargarri egin ditu, baina hondarrean 20 puntuko kontrako aldea iraultzear egon da

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Bennet Cantu. Cinciarini (6), Mazzarino (14) Micov (6), Leunen (4), Marconatto (8)—hasierako bostekoa—, Basile (18), Markoishvili (7), Shermadini (8).

Caja Laboral Baskonia. Heurtel (2), Oleson (12), San Emeterio (9), Teletovic (24), Seraphin —hasierako bostekoa—, Prigioni (3), Ribas (2), Dragic (3), Bjelica (11), Dorsey.

Markagailua. 12-21, 35-30 (atsedenaldian); 42-36 eta 71-68.

Epaileak. Christodolou (GRE), Boltauzer (SLO) eta Lopes (POR). Leunen Bennet Cantukoa kanporatu zuten bost falta egin zituelako.

Bestelakoak. 6.000 ikusle inguru Pala Desio pabiloian.

Hiru zutabe hauetan nahiko testu eta karaktere sartzen da saskibaloi partida bateko bilduma egiteko, baina 1.000 orriko liburu bat betetzeko aukera izanez gero ere, ezinezkoa litzateke azalpen onik ematea. Cantuko Palladesion gertatutakoak ez daukalako azalpenik. Ez azalpen logikorik behintzat. Kirolak buelta asko ematen ditu, eta okerragoak ere ikusi direla esango du bakarren batek, baina atzo Baskoniaren jarduna ulertu eta azalduko duena, nagusi! Zorionak berarentzat. Caja Laboralek galdu egin zuen Cantun. Horraino gauza normala. Berri hobea, bi taldeen arteko puntu aldeari eutsi ziola. Bi gertaera horien artean, harritzen hasteko, honako datua: 64-43 galtzen zuen Baskoniak 35. minutuan. Okerrena ez zen hori, arabarrak ematen ari ziren ikuskizun panagarria baizik. Gauzak ondo edo gaizki egin daitezkeelako, asmatu edo ez, baina saskibaloia talde kirola da.

Banan bana jokatzeak errentarik ez, kaltea bakarrik dakar. Berekoikeria zantzuak ageri-agerikoak izan ziren Baskonian 25 minututan, eta tristea izan zen oso Teletovic, Prigioni, San Emeterio edo Heurtel euren kabuz jokatzen ikustea. Taldekidearen blokeoa eskatu, eta segi, hiruko txarrak jaurtitzen, edo etekinik izanen ez zuten barneraketak egin eta egin. Baloiak eman eta eman, Canturi inolaz ere espero ez zuen hauspoa emanez. Partida 35. minutuan bukatu izan bazen, Buesa Arenako bulegoak basamortu beroeneko traza hartzeko proportzioa zeukan. Ezin baita onartu Europan hain ibilbide ona daukan taldeak halako jarrera traketsak erakustea. Azken bost minutuko erreakzio bikainak aurreko zabarkeria guztia apalduko du, bigarren maila batean utzi, baina norbaitek artaldea bildu eta bale esatea komeni da, horrela ezin dela jardun. Galtzea gerta litekeen gauza delako, baina talde izaeraz harro dagoen talde bateko baloreak harrika botatzea, ez.

Baskoniak partida hasiera ikaragarria egin zuen. 12-21 aurreratu zen, Teletovicek 12 puntu on saskiratuta. Ezinean ari zen Cantu, eta gasteiztarrak defentsa bikaina egiten. Gorabeheraren bat etorriko zela jakina zen, Cantuk ere asko zeukala jokoan. Eta etorri zen, baina nola! Estutzen hasi zen Cantu, eta Baskonia irensten hasi zen. Saskiratze bat lortzea loteria asmatzearen pare bilakatu zen Ivanovicen taldearentzat, eta italiarrek 35-30 hartu zuten aurrea atsedenaldian. Arduratzeko modukoa izan zen bigarren laurdeneko partziala, 23-9 Canturen alde.

Bederatzi puntutan geratu zen Baskonia, baina okerrena etortzeko zegoen, hirugarren laurdenean sei puntu bakarrik sartu zituelako! Sei hamar minututan! Hamaika jaurtiketa egin zituen taldeak hamar minututan, eta lehen zortzietatik bakarra asmatu. Bi saskiratze laurden hondarrean etorri ziren, baina ordurako garaipena ondo baino hobeto lotuta zeukan Cantuk: 52-36.

4-24ko partziala

Lehorteak bere horretan jarraitu zuen 30 eta 35. minutuen artean, eta Basilek bereak eta bi egin zituen, zortzi puntu saskiratuta jarraian. Markoixvilik eta Mazzarinok ere egurrean jarraitu zuten, eta 64-43 egin zuen ihes bost minuturen faltan. 21 puntu! Orduan esplikatzen zaila den fenomeno psikologikoren bat gertatu zen, Baskoniak 4-24ko partziala lortu eta 69-67 hurbildu zelako. Lastima, azken jokaldian Nemanja Bjelicak ez zuela garaipena lortzen asmatu. Trukean, berea izan zela iraultzaren meritu handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.