Aproposa zen beretzat eta ez du hutsik egin. Diego Ulissik (Lampre) garaipen ederra lortu du Italiako Giroko bosgarren etapan, Praia a Maren. Lehen 120 kilometroak ez bezala, oso gorabeheratsuak izan dira azken 80ak, eta ikusgarria izan da amaiera. Nicola Boem (Bardiani), Joseph Rosskopf (BMC), Matej Mohoric (Lampre) eta Matthias Brandle (IAM) ibili dira ihes eginda lehen zatian, baina erasoari erasoa lotuta, azken hamar kilometroetan iritsi dira mugimendurik serioenak. Hamar laguneko ihesaldian erasoa jota, bakar-bakarrik helmugaratu da Ulissi. Tropel nagusian Tom Dumoulin (Giant) eta Steven Kruijswijk (Jumbo) mugitu dira azken unean, eta segundo bateko aldea atera diete gainerako faboritoei.
Ibilbideak eta lasterketako erritmoan eraginda, atzean gelditu da Marcel Kittel (Etixx), eta Dumoulin jarri da lider berriz ere. Hogei segundora dauzka orain Bob Jungels (Etixx) eta Ulissi bera. Praia a Maren hasi eta Beneventon amaituko da biharko etapa, Giroko bosgarrena. %3,4ko batez besteko aldapa eta harbide zatia izango dute azken kilometroan.